Hego Sudan

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Hego Sudango Errepublika
Republic of South Sudan
Bandera Armarria
Goiburua: Justizia, Askatasuna, Oparotasuna
Ereserkia: South Sudan Oyee!
Hiriburua
eta hiri handiena
Juba
Hizkuntza ofiziala(k) Ingelesa
Herritarra hegosudandar[1]
Gobernua Errepublika federal presidentzial demokratikoa
 -  Presidentea Salva Kiir Mayardit
Independentzia
Azalera
 -  Guztira 640,000 km2 (45)
Biztanleria
 -  2009 zenbatespena 11.000.000 1
Dirua Sudandar libra (SDD)
Ordu-eremua MSK (UTC+3)
Aurrezenbakia 249
1 Hego Sudango gobernuak 2009an emandako kopuru eztabaidatua; ikus artikuluko "Demografia" atala.
Hego Sudango estatuak (pl).

Hego Sudan[1] Ekialdeko Afrikako estatua da. Hiriburua Juba da. Sudan du iparraldean, Etiopia du ekialdean, Kenya, Uganda eta Kongoko Errepublika Demokratikoa hegoaldean eta Afrika Erdiko Errepublika mendebaldean.

Hego Sudan Sudanen zati izan zen, 2011ko uztailaren 9an independizatu zen arte. Lehengo Sudan oso hartako iparraldean eta independentziaren ostean Sudango gobernua kontrolatu dutenen artean, arabiar eta musulman eragina zen nagusi kulturan, politikan, hizkuntzan eta erlijioan; lehengo Sudan oso hartako hegoaldean, berriz, azal beltzekoak diren hainbat herri bizi dira, hizkuntza askotakoak, eta erlijio aldetik gehienbat kristau eta animistak direnak.

Bi alde horien arteko gatazkak garai modernoetan izan den Afrikako gerrarik luzeena eragin du; Sudango Lehen Gerra Zibila 1955etik 1972 artekoa izan zen, eta bigarrena 1983an hasi zen. 2005ean bi aldeak akordio batera heldu eta gero, 2011ko urtarrilean lurraldeak independentea izango zela erabaki zuen erreferendum batean. Ekonomiaren aldetik ere garrantzi handikoa izan da banaketa, lehengo Sudan osoan lurpetik erauzten den petrolio guztiaren % 85 Hego Sudanen ateratzen baitute.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Sudango ardatza, Egipto eta Sudangoa den bezala, Nilo ibaia da; Nilo Zuria deritzon adarrak zein bere ibaiadarrek markatzen dute herrialdea geografikoki. Ugandatik Sudanen sartzen denean ibaiari ematen zaion lehen izena Bahr al Jabal ("Mendiko ibaia") da; ur uherretako alde bat pasatu eta gero eremu lau batera, non Sudd izeneko zingira itzela dagoen, sartzen da. Ibaia Juba hiriburutik pasatzen da; hiria Niloko sistema osoan nabigagarria den hegoaldeen dagoen lekua da. Ibaia No aintzirara heltzen denean Bahr el Ghazal ibaiadarrarekin bat egiten du eta hortik aurrera Nilo Zuria izena hartzen du.

Imatong mendiak, herrialdeko mendikate nagusia, hegoaldean daude; bertan dago Kinyeti (3.187 m) Hego Sudango eta oraingo Sudan osoko tontorrik garaiena, Ugandarekiko mugatik oso hurbil. Herrialdearen iparraldeko mugetan Nuba mendiak (altuenak 1.300 m inguru) nabarmentzen dira.

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juba hiriburua herrialdeko hiririk handiena ere da eta hazkunde handia izan du azken urteetan: 2008an 250.000 biztanle kopurua kalkulatu zitzaion. Beste hiri batzuk[2]:

Landaredia eta fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraldeko babestutako guneak Afrikako inportanteenen artean daude animalia eta landarediari dagokienez. Munduan ematen den bigarren animalia migraziorik handiena gertatzen da bertan; gerra eta eguraldi gorabehera ugari egon badira ere, 2005eko ikerketa lan batek erakutsi du 1,3 milioi antiloperen lekualdatzea oraindik egiten dela hego-ekialdean. Boma parke nazionalean, Sudden, Hegoaldeko parke nazionalean eta beste leku batzuetan mota askotako (kob, topi, tiang, bongo...) antilopeez gain bufalo, elefante, jirafa, leoi, basurde, eland, orix eta tximinoak daude.

2006an Hego Sudango presidenteak eskualdea natura babesten ahaleginduko zela adierazi zuen, suteen, zabor toxikoen eta kutsaduraren eragina gutxituz. Hala ere, konpainia multinazionalen jardunak petrolioa, gasa...ustiatzeko) arrisku gorria ekartzen die bertako animalien bizitzei eta ingurumenari.

Herrialdean topa daitezkeen lur moten artean belardiak, goi-ordokiak, sabanak eta hezeguneak daude.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima ekuatoriala da nagusi; hezetasun eta euri jasa handiak daude. Euri sasoia eskualdeen artean desberdina da baina orokorrean apiriletik azaroa arte izaten da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia osoan zehar behin eta berriz argi geratu da egun Sudan estatuaren barruan dauden iparraldea eta hegoaldea oso bestelako eskualdeak izan direla eta kanpoko botere kolonialek arazo handiak izan dituztela herrialdea kontrolatzeko.

1820ko hamarkadaren hasieran Sudan Egiptoko agintarien esku geratu arte datu gutxi daude Hego Sudango lurrez, ez bada ahozko historiak utzi diguna. Herri-historiaren arabera dinka, nuer, shilluk eta beste herri nilotiko batzuk X. mendea baino lehenago hasi ziren bertan kokatzen. XV.etik XIX. mendera arte batez ere Bahr el Ghazal eskualdean abiapuntu izan zuten migrazio mugimendu batzuen ostean herri hauek gaur egun dauden lekuetan kokatu ziren. Herri nilotikoa ez den azande herriak, Hego Sudanen XVI. mendean sartu zenak, lurraldeko estaturik handiena antolatu zuen. Azandeek Bahr el Ghazal aldeko herri txikiekin (moro, mundu, pöjulu eta beste) harreman zailak izan zituzten XVIII. mendean Gbudwe erregeak izan zuen politika oldarkorragatik. Beste aldetik azandeak frantziar eta belgikarren kontra aritu ziren beren independentzia gorde nahian.

Bien bitartean XVIII. mendean avungara herriak oso prozesu azkar batean Hego Sudanen sartu eta azandeak bere menpean jarri zituzten. XIX. mendearen amaieran britainiarrak etorri arte avungara herrikoen botereak ia aldaketarik gabe iraun zuen. Beste aldetik, oztopo geografikoek hegosudandarrak Islamaren zabalpenarengandik babestu zituzten eta oro har beren herentzia sozial eta kulturalak zein instituzio politiko eta erlijioso bereziak gorde ahal izan zituzten. Hala ere kanpotik etorritako potentziek esklabo, urre, boli eta zuren merkatua kontrolatu nahiak lurraldeko herriek eraso ugari pairatzea ekarri zuen. Otomandar Inperioaren barruko Egipto izan zen lehena (1820-1821ko Muhammad Aliren inbasioarekin) ekintza mota horiek burutzen[3][4].

Ismail Paxaren agindupean 1870ean Egiptok eskualdea kolonizatzeko lehen saiakera egin zuen eta Equatoria probintzia eratu zuen bere hegoaldeko zatian. Hala ere britainiarrek berehala hartu zuten mendean Egipto eta Samuel Baker (1869), Charles George Gordon (1874) eta Emin Paxa (1878) izan ziren lehen gobernadoreak. 1880ko hamarkadako Altxamendu mahdista ez zen gai izan hegoaldea menperatzeko.

Herrialde honetako Nilo Garaia estatuan Kodok (lehengo Fashoda) dago; 1898an herri hau "Fashodako gertaera" izena eman zitzaionaren kokalekua izan zen; pasadizo historiko honek garrantzi handia izan zuen Afrikaren banaketa kolonialean: Frantziak mendebalde-ekialde ardatzari segituz Atlantikotik Djibutirako lurrak kontrolpean izateko ametsa Erresuma Batuaren iparralde-hegoalde ("Lurmutur Hiritik Kairora") ardatzaren arrakastak zapuztu zuen, Uganda eta Sudan osoa bere menpean egotea erdietsi zuelako.

1899an Hego zein Ipar Sudan britainiar-egiptoarren esku geratu zen ofizialki. 1901ean nuer eta azandeak britainiarren kontrako borrokan aritu ziren. 1924an Ali Abdel Latif buru zuen arrakastarik gabeko altxamendua gertatu zen. 1947an Jubako Konferentzian hegosudandarrek argi adierazi zuten ez zutela onartuko inongo Ipar Sudanekiko asimilazio politika.

Gerra zibilak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1955ean Toriteko altxamendua gertatu zen, garai modernoetako hegosudandarren lehen errebolta armatua. Sudanek 1956an lortu zuen Erresuma Batua eta Egiptorekiko independentzia; Hego Sudan bere mugen barruan geratu zen baina ezegonkortasunak gaur arte iraun du, iparsudandarrek ez baitzuten hegosudandarrek proposatutako federazioa onartu. Bi gerra oso luze (zenbait aditurentzat bien arteko 11 urteko epea trantsiziozkoak dira eta beraz etengabeko gerra bizi izan du) pairatu behar izan du: 1955tik 1972ra gobernua Anya-Nya talde erreboltariaren kontra aritu zen; 1981ean Anya-Nya II izena eman zitzaion errebolta hasi zen eta 1983an SPLA/M (Sudan People's Liberation Army/Movement) sortu zen; ondorioz bigarren gerra zibila hasi zen.

Iparraldeko boterearen kontrako borrokaz gain, hegosudandarren arteko barne gatazkek ere bere lekua izan dute hamarkada hauetan: 1984an John Garangek SPLAko buruzagitza lortu zuen Anya-Nya IIko liderren kontra aritu eta gero; Akot Atem eta Gai Tut talde erreboltariaren liderren hilketetan inplikatuta egoteaz akusatu zuten. 1991n Mengistu Haile Mariam Etiopiako presidentea eta John Garang SPLAko buruaren kanpoko laguntzaile nagusiak boterea galdu zuenean mugimendua bereizi egin zen, faktore nagusia dinka (Garangen taldea) eta nuer herrien arteko ika-mika izan zelarik: Riek eta Lam Akol liderrek SPLA-Nassir talde berezia sortu zuen baina geroago haien artean ere banaketak egon ziren; haietako batzuk iparraldeko gobernuarengandik hurbildu ziren. Bi herrien arteko gatazka urte gogor batzuen ondoren 1999an Niloko mendebaldeko ibarreko dinka eta nuerren arteko bake ituna sinatu zen Wunliten.

Hamarkada hauetan suntsipen eta sufrimendu latza bizi izan dute bertako biztanleek: zenbait iturriren arabera bi milioi eta erdi hildako utzi dute gerrak eta goseteak eta bost bat milioik beren herriak utzi behar izan dituzte, bai Hego Sudango beste leku batzuetara bai kanpoaldera joan direnak.

Akordioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dantzariak 2006an bake ituna ezagutarazteko.

2005eko urtarrilean bi aldeek Bake Itun Zehatza (Comprehensive Peace Agreement, CPA) sinatu zuten Naivashan (Kenya). Hortik aurrera gorabehera batzuk suertatu ziren (2007ko urritik abendura arte SPLMk negoziazioetatik eta "Batasun Nazionaleko Gobernutik" (GoNU) alde egin zuen, itunaren edukia betetzen ez zelakoan. Eztabaidak berbideratu eta gero, 2011ko urtarrilean Hego Sudanek Sudanen barruan segitu nahi duen ala ez erabakitzeko erreferendum bat egiteko akordioa lortu zen. Errolda, emaitza ontzat hartzeko beharrezkoa litzatekeen parte-hartze eta baiezko-ezezkoen ehunekoak eta beste kontu batzuk ezbaian egon dira eta neurri batean daude. 2009ko urrian hitzartutakoa betetzekotan bozketa ontzat hartzeko partehartzeak %60koa izan behar du; kasu horretan gehiengo sinple bat nahikoa litzateke independentzia aukeratu dela onartzeko[5][6][7].

Estatu berrirantz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010eko apirilean hauteskundeak egin ziren Sudan osoan; hegosudandar batzuentzat parte hartzen zuten lehen hauteskundeak ziren. Akordioen aldekoek irabazi zuten bai iparraldean (Omar al-Bashir) bai hegoaldean (Salva Kiir presidentea)[8].

Proposatutako data urtarrilaren 3-5a da; parte hartzea nahikoa izango ez balitz 60 egunetan bigarren bat egingo litzateke[9]. Independentzia eskuratuko balu ikusteko dago zein izen hartuko zuen estatu berriak; gaur egun ingelesez gobernuak Southern Sudan erabiltzen du, bertako iturri batzuek South Sudan eta bestelako izen bat ipintzea ez dago erabat zokoratuta[10]; zenbait forotan izen berri batzuk (Republic of South Sudan, Republic of Kush edo Cush, Republic of Nileland, Nile Republic, Republic of Nile Africa edo akronimo batzuk) proposatzen hasi dira baina ezer ez da segurua[11][12][13].

2014ko abuztuaren 26an, Sudango eta Hego Sudango gobernuek bi herrialdeen artean giza laguntza banatzeko korridore bat irekitzea hitzartu zuten. Horrela, 63.000 tona jaki baino gehiago banatu ahal izango zituzten, egoera larrian zeuden 744.000 hegosudandarri laguntzeko[14]. Irailaren 17an, Hego Sudango Lan Ministerioak urriaren 15era arteko epea eman zuen atzerriko enpresetan lan egiten zuten langile atzerritarrek herrialdetik alde egiteko. Neurri horrekin «hegosudandarrek lan merkatuan eduki beharreko eskubideak» bermatu nahi zituen[15]. Irailaren 19an, Hego Sudango Lan Ministerioak zehaztu egin zuen atzerriko enpresentzat lanean ari ziren langile atzerritarrak bidaltzeko emandako agindua. Ohar batean esan zuenez, nazioarteko erakundeentzat (NBErentzat eta horren agentzientzat, elkarlanerako erakundeentzat...) lanean ari zirenak ez zituen bidaliko. Ezta erizainak eta enpresa pribatuetako goi kargudunak ere[16].

Urtarrilaren 28an, matxinatuek NBEren helikoptero bat atxiki zuten[17].

Auzo-herrietako gatazkak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurralde honen inguruan dauden estatu eta herrialde auzokide ia guztietan ezegonkortasun politiko handia egon da eta horrek eragin zuzena izan du Hego Sudango gatazkan:

  • Sudango gobernua bera nazioartean salaketak jaso ditu, batez ere muturreko mugimendu islamistak bultzatzen dituela argudiatuta. Horrek hegosudandar independentistei zenbait momentutan aliatu taktiko boteretsuak lortzea erraztu die.
  • Estatu berean, Hego Sudango ipar-mendebaldean kokatutako Darfurren 2003tik oso gatazka latza bizi izan da; Sudango gobernua ahultzen bazuen ere, eskala handiko krisi humanitario eta politikoa egoteak neurri batean Hego Sudango egoera konpontzeko beharrak garrantzia galtzea ekarri izan zuen.
  • Afrika Erdiko Errepublikan ezegonkortasun politikoa etengabea izanda independentziatik, Jean-Bédel Bokassaren diktadura bortitza eta beste gorabehera batzuk tarteko.
  • Lehen Zaire eta gero Kongoko Errepublika Demokratikoa deitu den estatua nazioarteko tragedien artean zoritxarreko lekua izan du azken hamarkadetan, Mobutu Sese Sekoen diktadura lehenago eta 1998tik bost milioitik gora hildako eragin duen Kongoko Bigarren Gerra geroago.
  • Aurreko gatazkaren protagonista nagusietakoa den Ugandan ere beste diktadura ezagun bat, Idi Aminena, pairatu egin dute eta horrez gain azken urteetan iparraldean, hau da, Hego Sudanekiko mugatik hurbil (beren lurretan ere sartu egin da) gerrilla talde oso gogor bat aritu da, Lord's Resistance Army ("Jainkoaren Erresistentziaren Armada") talde fundamentalista kristaua eta bi estatuetan bizi den acholi herrian sustraiak dituena. Eskualdeko aliantzen jokoan LRA SPLAren eta Kongoko gobernuaren kontrakoa izan da; bien bitartean Sudanek LRAri laguntza eskaintzen zion, Ugandak SPLAri ematen zion laguntzari erantzuna eman nahian[18].
  • Etiopian Mengistu Haile Mariam presidente izan zen urteetan SPLAren aliatua izan zen baina aldi berean Etiopiako oposizioko talde batzuek babesa lortu zuten Sudanen.
  • Horrez gain badago lur eremu bat, Ilemiko Triangelua Sudanek (ondorioz, independentea izatekotan Hego Sudanek), Kenyak eta Etiopiak beretzat eskatzen dutena.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

     Iparraldeko Sudan      Darfur      Ekialdeko Frontea (ekintza eremua 2006ko uztailean)      Hego Sudan (2011n independentziaren gaineko erreferenduma)      Abyei (2011n Ipar edo Hego Sudanen sartzeko erreferenduma)      Nuba mendiak -mendebaldeko zatia- eta Nilo Urdina estatua -ekialdekoa- (2011n "herri-kontsultak" egiteko)

Hego Sudan ofizialki lehengo Bahr el Ghazal, Equatoria eta Nilo Garaia probintzietatik atera diren hamar estatuetan banatuta dago.

Nuba mendiak eta Abyei edo Abiei izenak ematen zaizkien eremuak eta Nilo Urdina estatua kulturalki eta politikoki Hego Sudango zatiak dira baina bake-itunaren arabera beste hamar estatuek izango duten erreferendumetik kanpo daude. Berezko erreferendum edo kontsultak egin eta gero erabakiko da ea hegoaldearekin edo iparraldearekin bat egiten duten.

Estatuak konderritan (county) banatzen dira; konderrietako mugak berdefinitzen ari dira[19].

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izugarrizko arazoak daude lurralde honetako biztanleria zehazteko orduan: zein mugaren arabera egin, interes politikoak erroldak egiteko, biztanleen ohiko mugikortasuna, gerrak sortutako lekualdatze masiboak, barneko zein kanpoko errefuxiatuak...Horregatik kopuruak oso desberdinak ematen dira:

  • 2006an UNFPA NBEren Populaziorako Funtsak 7.500.000–9.700.000 kopurua kalkulatu zuen[20].
  • '2009an 11.000.000–13.000.000 kopurua aipatu zen; iparraldean 500.000 errefuxiatu hegosudandar leudeke[21]. Baina ofizialki 2008an bildutako datuek 8.260.490 biztanle zeudela erakusten dutela argitaratu zuen Errolda batzordeak, eztabaida garratz baten erdian: horrek estatuaren %21 suposatuko luke eta Hego Sudango gobernuaren arabera heren baten inguruan litzateke benetako ehunekoa[22].

Erroldarena oso arazo handi bat da, erreferendumaren aurrean populazioaren kontaketa funtsezko kontua delako; 2008ko erroldaren harira Hego Sudango presidente Salva Kiirrek esan zuen zenbait eskualdetan kopuruak gutxitu eta beste batzuetan handitu egin zirela[23]. Testigantza askok adierazi zuten ezin izan zituztela erroldatu, eguraldi txarra edota garraio arazoengatik; beste asko ondoko estatuetan erbesteratuta zeuden eta ez zituzten kontatu; AEBetako teknikari baten arabera errolda biztanleen %89ra heldu zen[24].

Diaspora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Sudanen eta Afrikako beste auzo herrietan daudenez gain, beste zenbait estatutan hegosudandar jatorriko laguntalde handiak topa daitezke, AEB, Australia, Erresuma Batua eta Kanadan bereziki.

Herri eta hizkuntza_ofizialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatuko iparraldea kultura eta hizkuntza arabiarra ia erabat nagusia den bitartean, Hego Sudanen 200 talde etniko-linguistiko baino gehiago daude[25][26][27]; gehiengo zabala beltza da eta beren hizkuntzak batez ere lurralde honetan bertan hitz egiten dira edo auzokideak dituen Kenya, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Etiopia eta Ugandako eskualde batzuetan; Khartum aldean ere etorkin komunitateek erabiltzen dituzte hizkuntza hauek. Adituek talde horiek hirutan banatzen dituzte, erabateko adostasunik ez badago ere: "nilotikoak" (Nilo Garaia, Bahr el Ghazal), "nilo-hamitikoak" (Equatoria) eta "bantuak" (Equatoria, Mendebaldeko Bahr el Ghazal).

Lurraldeko behin-behineko konstituzioaren arabera "Bertako hizkuntza guztiak hizkuntza nazionalak dira eta errespetatu, garatu eta bultzatu behar dira" (6-1 art.), "ingelesa eta arabiera ofizialak dira Hego Sudango eta estatuetako gobernuetan eta goi mailako irakaskuntzan" (6-2), "arrazoi praktikoengatik ingelesa da lan hizkuntza nagusia" (6-4) eta "tokiko gobernuek (adibidez estatu batek) beste hizkuntzaren bat bere eremuan ofizial bihur dezake administrazio eta irakaskuntzarako" (6-5). Beraz, ingelesa da gehien erabiltzen dena; arabierak lekua du momentuz batez ere estatu osoaren hizkuntza ofizialetakoa delako baina Hego Sudanen arabiera estandarrez egiten dutenak ez dira asko; estandarra baino, oso desberdina den pidgin bat hitz egiten da. Bertako hizkuntza nagusi batzuk[28], Sudanen dituen hiztun kopurua eta iturriaren urtea emanez:

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegosudandarren artean musulmanek gutxiengo txikia osatzen dute, iparraldean gehiengo handia diren bitartean. Batez ere tokiko sinesmen tradizionalak segitzen dituzte eta horretaz gain %20a inguru kristaua da, gehienbat katoliko eta anglikanoak baina beste adar batzuk ere presente dira[30].

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

John Garang, lider hegosudandar historikoa.

Hego Sudan Sudango errepublikaren barruko eskualde autonomoa izan da gobernua eta SPLA/M talde hegosudandarraren arteko bake ituna sinatu zenetik[31].

Zenbait hamarkada iraun zuten gerren ostean Bake Itun Zehatza (Comprehensive Peace Agreement, CPA) edo "Naivashako ituna" izena eman zitzaion akordioa lortu zen 2005eko urtarrilaren 9an eta horren arabera ofizialki autonomia eman zitzaion lurraldeari[32].

2005eko egun horretan Hego Sudango Gobernua (Government of Southern Sudan, GOSS) eratu zen; John Garang SPLA/M taldearen sortzaile eta burua Hego Sudango Gobernuko presidente eta aldi berean Sudango presidenteorde izendatu zuten. Urte bereko abenduan behin-behineko konstituzio bat onartu zen[33].

Hilabete batzuk lehenago, uztailaren 30ean, Garang Ugandan hil zen helikoptero istripu batean; okupatzen zituen bi karguetan ordezkatzeko Salva Kiir Mayardit (ordura arte presidenteordea) aukeratu zuten eta Hego Sudango gobernuko presidenteordea izateko Riek Machar.

Egun Sudango errepublikako behin-behineko konstituzio nazionalarekin[34] batera Hego Sudangoa da herrialdearen lege nagusia. Konstituzioaren arabera adar exekutibo bat dago; bere goreneko kargua presidentea da eta aldi berean estatuburuaren, gobernuburuaren eta armadako nagusiaren botereak ditu. Botere legegilea gobernuaren eta ganbera bakarreko legebiltzarraren esku dago. Azkenik, konstituzioak botere judizial independente bat ezartzen du; bere organo nagusia Auzitegi Gorena da.

Armadari dagokionez prozesua 2007an hasi zen eta helburua aire, lur eta ibaietako indar armatuak garatzea da[35]. Ika-mika batzuen ondoren, 2008ko urtarrilaren 8an Sudango gobernu zentralaren agindupeko tropek lurraldea utzi zuten[36].

Egitura batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatutakoez gain, herrialdean dagoeneko estatu bati dagozkion hainbeste erakunde eta instituzio eratu dira:

Jai egunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berdin festa egun ofizialekin: Sudango iparraldearekiko oso desberdinak diren herrialdearen berezko gertaerak islatzen dituzte; Hego Sudango jai egunik inportanteenak[38]:

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petrolio eta gas blokeak 2004an.

Nilo ibaia eta bere adarrak Hego Sudango elementu ekonomiko nagusia da nekazaritzari dagokionez; herrialdearen ekonomia nekazaritzaren egoeraren menpean dago. Han ekoizten direnen artean kotoia, kakahuetea, basartoa, artatxikia, garia, goma arabikoa, azukre-kanabera, manioka, mangoa, papaia, banana, batata eta sesamoa daude. Abeltzaintzari dagokionez ardiak nabarmentzen dira, beste abere batzuen artean. Zuraren nazioarteko merkatuan ere oso presente dago; Erdialdeko Equatoria eta Mendebaldeko Equatoria estatuak dira inportanteenak sektore honetan. Zuhaitz moten artean teka aipa daiteke.

Energia hidraulikoa nabarmentzen den beste aktibitate ekonomiko bat da eta meatzaritza sektoreko baliabide naturalak ere izugarri inportanteak dira: burdina, kobrea, kromoa, zinka, mika, zilarra, urrea eta guztien artean garrantzitsuena petrolioa.

Petrolioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oraingo Sudango petrolioaren %85a Hego Sudanetik ateratzen da baina aldi berean iparraldeko Port Sudango portutik esportatzen da eta findegiak ere iparraldean daude; Bake Itun Zehatzaren (Comprehensive Peace Agreement, CPA) arabera itunerako adostu den aldian petrolioak emandako etekinak bi aldeen artean banatuko lirateke. Hego Sudango gobernuaren aurrekontuaren %90a baino gehiago petroliotik dator. Lurralde osoan aurki badaiteke ere, Bentiu aldean (Al-Wahda estatuko hiriburua) kopuru handian ustiatzen da gaur egun eta balizko erreserben artean Jonglei, Warap eta Al-Buhairat estatuak daude.

Azken urteetan kanpoko petrolio-konpainia batzuk hasi dira bertan lanean eta horrek lurraldeak duen balio geopolitikoa handitu du. Sudango gobernuak eremuak zenbait bloketan banatu ditu. 1, 2 eta 4 blokeak Greater Nile Petroleum Operating Company (GNPOC) partzuergoak kontrolatzen ditu; elkarte honetan Txinako Herri Errepublikako China National Petroleum Corporation (CNPC, %40), Malaysiako Petronas (%30), Indiako Oil and Natural Gas Corporation (ONGC, %25) eta Sudango gobernu zentraleko Sudapet (%5) daude. Ekialdeko Nilo Garaian 3 eta 7 blokeak daude, Petrodar partzuergoaren menpean; bere baitan CNPC (%41), Petronas (%40), Sudapet (%8), Gulf Petroleum (%5) eta Qatarko Al Thani (%5) daude. Khartumgo gobernuak "B Blokea" deitzen duen beste bat kontrolatzeko konpainia batzuk ari dira, haien artean Frantziako Total. SPLM/Ak blokeen banaketaz duen jarrerari buruz gauzak ez daude argi; John Garang mugimenduko aurreko presidentea oro har akordioei eustearen aldekoa zen baina bera hil zenean itun batzuk apurtutzat jo zituzten beste buruzagi batzuek. CPA bake-itunaren arabera aurreko urteetan konpainiekin sinatutako itunen baliogarritasunaz eztabaida biziak egon dira eta printzipioz itunak kontratuak mantentzearen aldeko jarrera erakusten zuen.

Garraiobideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepideen bidezko garraioak ez ditu herrialde osoko eremuen arteko loturak ziurtatzen eta oraindik asko dago egiteko arlo horretan; bestalde, errepide askoren egoera oso txarra da.

Nilo ibaia aspalditik izan da garraiatzeko funtsezko ardatza; Jubarainoko tartea erabilgarria da. Trenbideei dagokienez iparraldeko Sudanetik Wauraino heltzen dena 2010eko martxoan berzabaldu zen; trenbidea 1960ko hamarkadakoa da eta gerraren ondorioz moztuta egon zen. Hala ere, Hego Sudango hiri askok, Jubak barne, ez dute tren zerbitzurik[40].

Aireportuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraio mota hau oso inportantea da hain herri zabalean; honako hiri hauek dituzte aireportu eta aerodromoak: Bentiu, Akobo, Aweil, Bor, Ad-Damazin (eztabaidagaia den Nilo Urdina estatuan), Gogrial, Juba, Kago Kaju, Kapoeta, Malakal, Maridi, Nimule, Pachella, Pibor, Raga, Renk, Rumbek, Tong, Torit, Tumbura, Wau, Yambio, Yei eta Yirol[41].

Inportanteena Jubakoa da; 2007an sortutako Feeder Airlines konpainiaren egoitza bertan dago eta Nairobi, Kairo, Entebbe (Uganda), Erroma, Khartum edota Addis Abebarako hegalaldiak proposatzen ditu.

Unibertsitateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musika modernoari dagokionez hip hopa, erritmo arabiarretan oinarria duen sudandar fusioa, reggaea eta beste batzuk daude. Izen aipagarriak: Emmanuel Jal, Mijok Lang, Major Laks, Emmanuel Marko Kembe, Kennedy Lorya...

Arte piktorikoetan margolariak, marrazkilariak...topatzen ditugu. Artista batzuen izenak: Dau Yong Deng, Mareng Chuor Deng, Leek Thon, Pancol Jook, Joseph Garang Deng...[42]

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualdeko kirol tradizionaletan borroka mota batzuk daude; uzta garaiaren amaiera ospatzeko praktikatzen ziren eta lehia eta denbora-pasaren artekoak ziren.

Zenbait kirol modernotan ere hegosudandarrak izugarri nabarmendu dira; kasu gehienetan gerratik ihesi kanpoan lortu dute arrakasta eta haietako batzuk bere herriaren aldeko lan militantea ere egin dute.

Egoera humanitarioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Sudanen munduko osasun baldintzarik txarrenetakoak paoratu izan dituzte[45][46]. Bost urtetik beherako haurren hilkortasun ratioa 1000tik 112koa da eta erditzen ari diren amen ratioa munduko handiena da: 100.000 erditzetik 2.053,9koa[47]. 2004an kirurgia arloan hiru lagun besterik ez ziren ari, ganorazko hiru ospitale hain lurralde zabalean eta eskualde batzuetan 500.000 biztanleko mediku bakarra zegoen.

GIB-HIESaren arloa ez dago bat ere ondo aztertuta baina kutsatzeak %3,1 direla uste da[48].

2005ean CPA Bake Itun Zehatza sinatu zenean behar humanitarioak izugarriak ziren; NBEren Afera Humanitarioen Koordinaziorako Bulegoan (Office for the Coordination of Humanitarian Affairs, OCHA) bertakoei helarazteko dirua lortzeko lanari ekin zioten. 2007an OCHAren inplikazioa Hego Sudanen gutxituz joan zen, beharrak ere txikiagoak ziren heinean; hortik aurrera batez ere GKEei eta tokiko elkarteei pasatu zien ardura[49]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Jose Luis LIZUNDIA eta Alfontso MUJIKA: «Hego Sudan estatu berriaren izena arautu du Euskaltzaindiak», Euskaltzaindia.net webgunea, 2011-07-22.
  2. Sudango hirietako populazioaren kalkulua 1983, 1993 eta 2010rako.
  3. Sudango historiaren gertaera nagusiak.
  4. Historiaren laburpena Hego Sudanen zentratuta.
  5. Sudan referendum law endorsed in cabinet, 51% ‘Yes’ vote & 60% turnout required, Sudan Tribune, 2009ko otsailaren 14a.
  6. Terms for Sudan referendum agreed, BBC News, 2009ko urriaren 16a.
  7. Sudango erreferendumerako kanpainak askea izan behar du, Jehanne Henry, Zuzeu.com, 2010eko urriaren 8a.
  8. Al Bashirrek aginteari eutsiko dio Sudanen, bozak irabazi ostean, Berria, 2010eko apirilaren 27a.
  9. Albistea Sudan Tribunen.
  10. The newest African State in the Waiting, South Sudan nation webgunea.
  11. Which name is best for southern Sudan after 'inevitable' independence?, New Sudan Vision webgunea.
  12. Southern Sudan wonders how to brand itself, Monocolumn.
  13. Cush or Not, South Sudan is the Best, South Sudan Nation.
  14. «Hego Sudanerako giza korridore bat irekitzeko akordioa», Berria, 2014-08-27
  15. «Hego Sudanek atzerriko enpresetako langile atzerritarrak kanporatuko ditu», Berria, 2014-09-17
  16. «Hego Sudanek ez ditu nazioarteko erakundeen langile atzerritarrak bidaliko», Berria, 2014-09-19
  17. «Matxinoek NBEren helikoptero bat hartu dute Sudanen», Berria, 2015-01-29
  18. The Path to Genocide in Northern Uganda, Ogenga Otunnu, 1998.
  19. Konderrietako mugak Kinyeti.comen.
  20. UNFPA Southern Sudan.
  21. Sudan census committee say population is at 39 million, Sudan Tribune, 2009ko apirilaren 27a.
  22. Discontent over Sudan census, News24.com, 2009ko maiatzaren 21a.
  23. South Sudanese officials decry ‘unfortunate’ announcement of census results, The New Sudan Vision, 2009ko maiatzaren 10a.
  24. Ethnic Divisions Complicate Sudan's Census, 2009]]ko apirilaren 15a.
  25. Hego Sudango "mapa etniko" bat Kinyeti.comen.
  26. Sudango mapa linguistikoa Ethnologue.comen.
  27. Herrien soslaiak Gurtong webgunean.
  28. Ethnologue.comeko datuak. Kopuruak iturri desberdinetatik datoz eta egoera humanitarioagatik oso zaila da zehatzagoa izatea.
  29. Berezko izena: Muonyjang (singularrean), jieng (pluralean).
  30. Christianity in Southern Sudan, Hope for the Future International lanean.
  31. A Country Study: Sudan, The Library of Congress.
  32. The Comprehensive Peace Agreement between The Government of The Republic of The Sudan and The Sudan People's Liberation Movement/Sudan People's Liberation Army Reliefweb-inten.
  33. The Interim Constitution of Southern Sudan, NBEren Misioa Sudanen.
  34. Interim National Constitution of the Republic of Sudan, 2005.
  35. Juba parliament authorises establishment of South Sudan air force, Sudan Tribune, 2008ko ekainaren 25a.
  36. North Sudan troops complete southern withdrawal: ex-rebels, Agence France-Presse.
  37. Bankuaren webgunea.
  38. At a Glance atala gobernuaren webgunean.
  39. Gehienbat eragin britainiarra izan duten lekuetan egun horretan ospatzen den festa.
  40. Sudan Opens North-South Railway.
  41. Airports in Sudan.
  42. Arteak eta musika Gurtong webgunean.
  43. Brown, Donald H.: A Basketball Handbook, Bloomington, Indiana, 2007; 20.or. ISBN 978-1-4259-6190-9.
  44. North punts on a touch of Majak artikulua AFLren webgunean.
  45. Southern Sudan as unique combination of worst diseases in the world, Emma Ross, Sudan Tribune, 2004ko urtarrilaren 28a.
  46. Conference plans rebuilding of South Sudan's health service, Peter Moszynski, BMJ, 2005eko uztailaren 23a.
  47. South Sudan Household Survey, South Sudan Medical Journal, 2007ko abendua.
  48. HIV/AIDS: an update on Epidemiology, Prevention and Treatment, James Hakim, South Sudan Medical Journal, 2009ko abuztua.
  49. SUDAN: Peace bolsters food security in the south, IRIN, 2007ko apirilaren 18a.

Irakurgaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hego Sudan Aldatu lotura Wikidatan