Émile Durkheim (1858ko apirilaren 15a, Épinal, Frantzia - 1917ko azaroaren 15a, Paris) frantziar soziologoa izan zen. Soziologia modernoak, Emmanuel-Joseph Sieyèsi eta Auguste Comteri esker sortu eta garatua, Durkheimi eta hark sortutako L'Année Sociologique aldizkariaren inguruan bildu zuen eskolari esker izan zuen halako bultzada XIX. mendearen amaieran. Aldizkari hartan parte hartu zutenen artean, Célestin Bouglé, Marcel Mauss, Henri Hubert, Robert Hertz, Maurice Halbwachs eta François Simiand daude.
Positibismoaren eskolan hezia, Durkheimek gizarte gertakaria berezko izaera zuen osotasun baten antzera hartzen zuen, hain zuzen zatien batura baina harago dagoen osotasun bat. Definizio horri esker bereizi ahal izan zituen gertaera banakoak eta kolektiboak, sozialak eta psikologikoak, eta hala gizarteak gizabanakoengan duen eragin zedarritzailearen balizko baldintzak azaltzeko funtsak ezarri zituen. "Kanpokotasuna, hedapena eta betetzeko derrigortasuna dira gizarte-gertakariaren ezaugarriak": tesi honek soziologiaren benetako sortzaile bilakatuko du diziplina autonomo eta zientifiko gisa. Durkheimek gaur egun oso ezagunak diren hainbat terminoen sortzaile izan zen, besteak beste anomia eta kontzientzia kolektiboa.