Benin

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Beningo Errepublika
République du Bénin
Bandera Armarria
Goiburua: Fraternité, Justice, Travail (Elkarlankidetza, Justizia eta Lana)
Ereserkia: L'Aube Nouvelle (Egunsenti berria)
Hiriburua Porto Novo
Hiri handiena Cotonou
Hizkuntza ofiziala(k) Frantsesa
Herritarra benindar[1]
Gobernua Errepublika
 -  Presidentea Yayi Boni
Independentzia
Azalera
 -  Guztira 112,622 km2 (101)
 -  Ura (%) 0,02
Biztanleria
 -  2012 zenbatespena 9.598.787 (89)
 -  Dentsitatea 78,1 bizt./km2 (120)
Dirua CFA Frankoa (CFA)
Ordu-eremua UTC (UTC+1)
Aurrezenbakia 229
Internet domeinua bj

Benin[1] Afrikako mendebaldeko estatu bat da. Mugakide hauek ditu: Togo mendebaldean, Nigeria ekialdean, Burkina Faso eta Niger iparraldean eta Ozeano Atlantikoa hegoaldean.

Biztanleak eta gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kobliko emakume bat

Batez besteko dentsitatea 60 bizt/km2 ingurukoa da, baina hegoaldean, itsasertzeko hiri handienetan, 200 bizt/km2-rainokoa ere bada. Benindarren lautik hiru, gutxi gorabehera, hegoaldean bizi dira. Barnealdeko eskualde batzuetan, aldiz, oso jende gutxi bizi da. Bizi-itxaropena 53 urte ingurukoa da. Benin Afrika beltzeko herrialderik hiritartuenetakoa da, biztanleen erdiak baino gehiago hirian bizi baitira. Hiritartze horrek eraginda, batez ere, demografiaren joera aldatu egin da azkenaldi honetan, emankortasun-tasa, oso handia zena, jaitsi egin baita zertxobait (emakumeko 6 haur baino gutxiago). Talde etnikoei dagokienez, fonak eta adjak dira hegoaldeko etnia nagusiak eta bien artean biztanleriaren % 59 osatzen dute. Iparraldeko etnia jendetsuenak baribak eta sonbak dira (biztanleriaren % 14, bien artean). Jorubak, berriz, hego-ekialdean bizi dira, eta % 9 inguru dira.

Estatuko hiriburu politikoa Porto Novo den arren, Cotonou da Beningo hiri nagusia, itsas portu handiena izateaz gainera, hiri horretan kokatzen baitira ekonomia-jarduera garrantzizkoenak. Hizkuntza ofiziala frantsesa bada ere, benindar gehienak beren jatorrizko hizkuntzetan mintzatzen dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Benin estatua Frantziaren kolonien ondorioa da, Frantziak fon herriaren antzinako lurraldeak barnealdeko lurralde batzuekin lotu baitzuen, Dahomey kolonia sortzeko 1894an. 1958an, estatu autonomo bihurtu zen Erkidego Frantsesaren barnean, eta 1960an independentzia eskuratu zuen.

Independentziaren ondoren, zenbait estatu-kolpe izan ziren, eta ezegonkortasun politikoa nagusitu zen, etnien arteko gatazkek elikatua. 1975ean, alderdi bakarreko sistema politiko bat eratu zen, marxista-leninista, eta estatuak Beningo Herri Errepublika izen ofiziala hartu zuen.

1989an, Berlingo harresia erori ostean, protesta-giroa nagusitu zen Beninen, Afrikako beste herrialde askotan bezala. Funtzionarioek, soldata eskasak zirela-eta, grebara jo zuten, eta ikasleak ere kalera irten ziren. Kérékou berehala ohartu zen protestak zapaltze hutsarekin ez zuela ezer aurreratzen, eta, 1989ko abenduan, iragarri zuen marxismoa ez zela jada estatuko doktrina ofiziala, eta batzar nazional bat deitu zuen 1990eko otsailerako. Batzar nazional horretan gizarte zibila eta erakundeak bildu ziren eta Eliza Katolikoaren hierarkiak paper garrantzizkoa jokatu zuen, Cotonouko artzapezpikua, Isidore de Souza, hautatu baitzuten konferentziako lehendakari. Hala, demokratizatze-prozesu guztiz azkar bat jarri zen abian: alderdi-aniztasuna onartu zen (berrogei alderdi eratu ziren, urtebetean), lehendakariaren aginpidea asko mugatzen zuen lehen ministro bat izendatu zuten (Nicephore Soglo, antzinako estatuburuaren iloba), udal eta auzoetako hauteskundeak egin ziren, eta, 1990eko abenduaren 2an, konstituzio berri bat onartu zen, erreferendum bidez, gehiengo handiz (abstentzioa % 30 ingurukoa izan zen). Konstituzio berriaren indarrez, hauteskundeak 1991ko martxoan egin ziren. Lehen ministroa, N. Soglo, ekonomialari onaren famaz baliaturik, garaile izan zen, botoen % 68 eskuratuta (% 36ko abstentzioa izan zen).

Baina hurrengo hauteskundeetan, 1996an, benindarrek, hala politikariek nola herritarrek, argi eta garbi erakutsi zuten arazorik gabe onartzen zutela gobernu-aldaketa demokratikoa. Demokraziarako trantsizioaz harro bazeuden ere, ez zeuden konforme lehendakari berriak lortutako emaitzekin. Nazioarteko Diru Funtsak ezarritako doikuntza-neurrien eta 94ko urtarrileko CFA frankoaren baliogabetze gogorraren eraginez (ia erdira jaitsi zen Frantziako liberarekiko) sekulako prezio-gorakada jasan behar izan zuten. Soglok, barnean gero eta aliatu gutxiagorekin, ordenantza bidez gobernatzen zuen. Nepotismoaren akusaziopean, gutxigatik izan bazen ere, 96ko martxoko lehendakaritzarako hauteskundeen bigarren itzulian Kérékouk irabazi zion, botoen % 52,5arekin (% 20ko abstentzioa). Kérékouk, politikarako sen aparta erakutsiz, antzinako erregimen marxistaren aurkako oposizioan nabarmendutako politikariei deitu zien gobernuko postuetara, gehiagorekin batera, Albert Tevoedjre tartean zela (BIT edo Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiaren laguntzaile izana eta nazioartean oso errespetatua). Gainera, bere formula ospetsua erabiliz, ekonomiari buruzko batzar nazional bat antolatu zuen 1996ko urrian, herrialdearen ekonomia-norabideak zehaztearren. Nazioarteko begiraleak zertxobait urduritu ziren Kérékou berriro agintean ikusita, baina nola izan zen eta jakin zutenean herrialdeak bizi zuen egonkortasuna egiaztatu eta gero, berriro lasaitu ziren. 1999ko martxoko legebiltzarreko hauteskundeak Sogloren alderdiak irabazi zituen, 27 ordezkarirekin, eta lehendakaritzarako hauteskundeetarako artean bi urte falta zirenez, Kérékouk oposizioarekin batera gobernatu beste aukerarik ez zuen izan. Nolanahi ere, Beninek irudi ona du nazioartean eta, horri esker, diru-laguntza handiak jasotzen ditu kanpotik. Yayi Boni da lehendakaria 2006. urteaz geroztik.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1977tik 1989ra Batzar Iraultzaile Nazionala deiturikoak gobernatu zituen benindarrak. Ganbera bakarreko organo horrek hautatzen zuen Kontseilu Eragile Nazionalaren burua edo lehendakaria. 1972an agintea eskuratu zuen talde marxista-leninista bat zen PRPB (Beningo Herri Iraultzarako Alderdia) baimendutako alderdi bakarra, Mathieu Kérékou buru zuena. 1989ko abenduan PRPBko kideek marxismo-leninismoa bertan behera utzi eta batzar nazional bat deitu zuten, 1990eko otsailerako, herrialdea demokrazia alderdi-anitz baterantz bideratzeko asmotan. Batzarrak konstituzio berri bat idatzi zuen, eta gehiengo handiz onartu zen urte hartan bertan egin zen erreferendumean. Konstituzio horretan 64 kidez osatutako Biltzar Nazionala ezarri zen, lau urterako sufragio unibertsalez hautatua. Lehendakaria ere sufragio unibertsalez hautatzen da baina, 5 urteko agintaldirako. Administrazioa sei probintziatan dago banatua: Atakora, Atlantique, Borgou, Mono, Quémé eta Zou.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Beninen banaketa administratiboa»

Benin 12 departamendu eta 77 udalerritan banatuta dago. 1999an, lehen zeuden 6 departamenduak bitan banatu zituzten. 6 departamendu berri horiek ez dute oraindik hiribururik.

  1. Alibori*
  2. Atakora
  3. Atlantique (Atlantikoa)
  4. Borgou
  5. Collines* (Muinoak)
  6. Kouffo*
  7. Donga*
  8. Littoral* (Kostaldea)
  9. Mono
  10. Ouémé
  11. Plateau* (Ordokia)
  12. Zou

* - 1999an sorturikoak

 

Benin departements.png

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nigeria aberatsarekin mugan, garraio-azpiegitura itxurazko baten jabe direla (Cotonouko itsas portua eta nazioarteko aireportua, Cotonou-Parakou burdinbidea, auzo-herrialdeekin loturak dituzten errepideak), benindarrek, batez ere, salerosketatik ateratzen dute dirua, eta are gehiago kontrolatu gabeko salerosketatik merkataritza araututik baino. Jarduera horiek, ia beti, Nigeriako diruaren truke-balioaren aldaketen mende egoten dira. Hirugarren sektoreak BPGaren % 55 baino gehiago hartzen du ofizialki eta, izatez, ondotxoz gehiago.

Nekazaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beningo ekonomiaren bigarren zutabea nekazaritza da. Ustiatze-zentro txiki eta burujabeek ekoizten dituzte nekazaritza-produktuen % 90 inguru. Barne-kontsumorako gai nagusiak artoa, mandioka, sorgo edo basartoa, batatak, artatxikia, arroza, kakahueteak eta babarrunak dira. Merkataritzarako, berriz, batez ere hegoaldean, palma olioa, palmondo-haziak, kotoia (esportazio ofizial guztien erdia), kafea eta kokoak ekoizten dira. Iparraldeko belardietan, behiak, ardiak eta ahuntzak hazten dituzte. Oihan-ustiapenak eta salmentarako arrantzak ez dute pisu handirik ekonomian. Oihanetik urtero ateratzen dituzten 4,7 milioi metro kubo zuretatik ia guztiak erregaietarako erabiltzen dira. Era berean, barne-kontsumorako erabiltzen dira ibai eta aintziretan arrantzatzen diren arrain gehienak.

Meatzaritza eta industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beninek esportatzen dituen lehengai mineralen artean petrolioa da garrantzizkoena. Kareharria ere ateratzen dute porlana egiteko. Diamante gutxi batzuk ere esportatzen dituzte, baina gainerako mea-baliabide gehienak ustiatu gabe daude. Industria-jarduerak ez daude oso garatuak, baina janariekin zerikusia duten produktuak ekoizten dituzte, batez ere: palmondo-olioa, koko-haziak, garagardoa, azukrea, eta kotoizko ehunak.

7.500 km inguruko errepide-sarea du estatuak. Errepide nagusiak Cotonoutik Parakoura doana eta, hegoaldean, itsasertzaren paraleloan doazenak dira. Burdinbide nagusiak ere (600 km ingurukoa) Cotonou eta Parakou batzen ditu; kostatik doazen burdinbideak ere baditu, Togorekin eta Nigeriarekin loturak dituztenak.

Merkataritza-balantzari dagokionez inportazioak askoz gehiago dira esportazioak baino. Esportazio nagusiak petrolio gordina eta palmondotik, kotoitik eta kokoetatik eratorritako produktuak dira; inportazioak, berriz, ehunak, jantziak eta makineria dira. Frantzia, Portugal, Alemania, Estatu Batuak eta Thailandia dira Beninekin merkataritza-harreman gehien dituzten herrialdeak.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantsesarekin batera, jorubera eta fula dira hizkuntza nagusiak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Benin Aldatu lotura Wikidatan