Estatu

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Estatua unitate politiko beregaina eta burujabea den nazioa, nazio zatia edo nazio multzoa da; unitate horretan aginpidea gauzatzen duten erakundeen multzoa.[1]

Hala ere, autoreen arabera, definizioa aldatu egiten da. Oro har, gizarte baten arauak ezartzeko agintea eta ahalmena dituzten erakundeen multzoa da, lurralde jakin baten barneko eta kanpoko burujabetasuna dituena. Estatu izateko, hiru ezaugarri bete behar dira: lurraldea izatea, lurralde horrek biztanleria izatea, eta gobernatzeko subiranotasuna. Gainera, beste estatuen onarpena garrantzitsua da.

Montesquieu baroiaren garaietatik, Estatuak hiru botereak dituzten erakunde politikoak direla esaten da —botere legegilea, botere judiziala eta botere betearazlea—, eta legez bortizkeriaren erabilpenaren monopolioa.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu hitza eta bere antzekoak Europako beste hizkuntza batzuetan (estadua euskaraz, estato italieraz, estado gaztelaniaz eta portugesez, état frantsesez, staat alemanez), azken batean, latinezko status hitzetik datoz, baldintza, zirkunstantzia esan nahi duelarik. Latinezko estatusa zutik egotetik; izatetik, edo irautetik dator, horrela entitate politikoaren konnotazio sakratua edo magikoa emanez.

XIV. mendean Europan erromatar zuzenbidea berpiztearekin batera, terminoa pertsonen (hala nola erresumaren ondare desberdinak, nobleak, erkideak eta elizgizonak) eta, bereziki, erregearen estatutu bereziaren euskarri juridikoa aipatzera pasatu zen. Estamenturik handienak, gehienetan (aberastasun eta gizarte-maila handiena zutenak), boterea zutenak ziren. Hitzak, gainera, erromatar ideiekin (Zizeronen garaikoak) bat egiten zuen: status rei publicae (arazo publikoen egoera). Denboraren poderioz, hitzak gizarte-talde partikularren aipamena galdu zuen, eta gizarte osoaren ordenamendu juridikoarekin eta hura betearazteko tresnekin lotu zen[2].

Makiaveloren XVI. mende hasierako lanek (batez ere Printzeak) funtsezko zeregina izan zuten estatu hitzaren erabilera bere zentzu modernoaren antzeko zerbaitetan jendarteratzeko[3]. Eliza eta Estatuaren arteko aldia, oraindik ere, XVI. mendekoa da. Ipar Ameriketako koloniek, jada 1630eko hamarkadan, Estatu bezala definitzen zuten beren burua. L 'Etat, c' est moi (Estatua neu naiz) Luis XIV.ari egozten zaion esamoldea, beharbada apokrifoa, XVIII. mendearen amaieran agertzen da[4].

Definizioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Platon[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Platonen bustoa. Pio-Clementino del Vaticano museoan aurkituko duguna.

Platonek zeritzon gizakia izaki sozial bat den heinean, perfekzioa lortzeko bide bakarra komunitatean izango dela. Gizaki bakoitzaren bertuteak bateratzeko gai den erakunde bakarra Estatua da. Platonen estatuaren idealaren egituraketa antropologian oinarritzen da: filosofo greziarraren ustez, hiru arimaz osatuta gaude: arrazionala, suminezkoa eta irritsezkoa, baina bakoitzean, hiru arima horietako bat nagusitzen da. Hortaz, nagusitzen den arima mota horren arabera hartu beharko luke lekua gizartean. Antzematen zaionez, Platon espezializazioaren alde dago; beraz, Platonen Estatu ideala ere espezializazioan oinarritutako Estatua da.

Makiavelo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Makiavelo zientzia politiko modernoaren aitatzat da ezaguna, eta gaur egun ezagutzen dugun estatuari buruz hausnartu zuen lehena da. Makiavelok bere pentsamendu osoa Medici familiari zuzendutako gomendio liburu batean laburbildu zuen: Printzea. Italiar pentsalariak ezkortasun antropologikoan sinesten du, hau da, gizakia berez gaiztoa eta berekoia dela, eta bere interesen arabera jokatzen duela. Bidezko gizarte-ordena eraikitzeko eta horren kontra egiten dutenei aurre egiteko bide bakarra moralitate gabeko printze batek gobernatutako estatua da.[5] Estatu indartsu batek soilik lortuko du printzearen xedea, hots, herritarren zoriontasuna. Estatu indartsu hori eraikitzeko eta mantentzeko, bide guztiak zilegi dira, baita krudelkeria eta iruzurrak ere.

Hobbes[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leviathan, Thomas Hobbesek 1651 argitaratutako liburua.

Hobbes mundu anglosaxoian filosofo politikorik handienetakoa da, eta pentsamendu politikoaren historian eragin handiena izan dutenetakoa. Bere estatu idealaren proposamena Leviathan liburuan laburbildu zuen. Horrek bi egoera azaltzen zituen natura egoera, egoera aurrepolitikoa, non ez dagoen ezer ziurtatuta, gatazka egoera da. Gatazka egoera hori gainditzean, lege naturalen eta Estatuaren egoeran egongo ginateke. Egoera horretan, norbaiten esku utziko du herritar bakoitzak bere segurtasuna, aniztasunetik bakartasunera pasatuz. Estatuak hartuko du gure gain geure burua defendatzearena. Beraz, Estatuaren papera herritarrak gatazketatik defendatzea da, eta beraz, soberanoa, Estuaren burua, indarraren erabiltzaile legitimo bakarra da, bai bere burua defendatzeko eta bai ondasunak defendatzeko, adibidez, botereari eustea.[6]

Hannah Arendt[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hannah Arendt XX. mendeko eragin handiko filosofo alemaniar bat izan zen. Haren ustez, gizakion jomuga askatasuna da. Askatasunak zentzu askotan uler daitekeela zioen, baina beti Estatuari lotuta. Ideia hori Greziako filosofoengandik hartu zuen, haiek polisetan biltzen zirenean lortzen baitzuten benetako askatasuna. Beraz, Estatuaren joera askatasuna da eta aitzitik, benetako askatasuna soilik esfera politikoan aurkituko dugu. Baina Estatua gizakiaren izaera eta interesak arbuiatzen dituenean eta gizakia gobernuaren interesak lortzeko bide mekanismotzat erabiltzen badu, Estatu hori estatu totalitarioa da, Estatuak gizartearen ongizatea lortu behar duelako sistema axiologiko baten bitartez[7].

Jule Goikoetxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jule Goikoetxea Euskal Herriko egungo filosofa politiko eta aktibista feminista garrantzitsuenetariko bat da. Asko jardun du gaur egungo Estatuari buruz: hark deritzo estatua ez dela desagertzen ari, baizik eta aldaketa bat izan duela, sistema autoritarismo liberala eta patriarkalean ongi erratzeko eta haien mesedetara jarduteko. Prozesu horretan hiritarrek eta herriak berak zuen subiranotasunaren gaitasuna murriztuz eta murriztuz joan da, subiranotasuna enpresa pribatuen zein lobbyen eskuetan geratu arte. Globalizazioak eta Europar Batasunak prozesu horretan zeresan handia dute, izan ere, erabaki publikoaren pribatizazioa ekarri dute. Azken finean, globalizazioa demokraziaren pribatizatzea da.[8]

Theda Skocpol[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Theda Skocpol estatubatuarr, egungo soziologorik adierazgarrienetariko bat da. Hainbat lan argitaratu ditu; garrantzitsuena States and Social Revolutions (1979) da, hamaika hizkuntzatara itzulia. Lan horretan, Errusian, Frantzian eta Txinan gertatutako iraultza sozialak alderatu ditu[9].

Estatuen arteko desberdintasunez ere jardun da, bi desberdintasun daudela dio estatubatuar soziologoak, alde batetik, Estatuen boterea nazioarte mailan, eta bestetik, Estatu horiek esparru nazionalean duten gaitasuna. Bigarren desberdintasuna alderatzea zailagoa dela nabaria da, horretarako Weber filosofoa oinarri hartuta, Legitimitatea, Autonomia eta Gaitasun kontzeptuak oinarri hartuta alderatu behar zirela adierazi zuen.[10]

Estatuaren formakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurralde bat Estatu bihurtzeko eta, horrenbestez, Estatu eraikuntza gauza dadin, ezinbestekoa du honako ezaugarriak gorpuztea (ez da ezinbestean ondorengo ordena jarraitu beharrik):

  • Komunitatea izan behar du, hau da, herria.
  • Lurraldearen mugek zehaztuak egon behar dute.
  • Komunitateak bere burua gobernatzeko mekanismoak izan behar ditu, hala nola, legeak.
  • Estatu batek ezinbestean burujabea izan behar du, bere gainetik ez du beste botererik onartu behar: hitz gutxitan, Estatuaren subiranotasuna bermatu beharra dago.
  • Bere boterea kanporatzeko gaitasuna izan behar du, hau da, beste Estatuen aitorpena eskuratzea.
  • Ezinbestekoa da egonkortua dagoen lurraldearen gaineko kontrola eta horrekiko leialtasuna egotea.
  • Bere autoritatea instituzionalizatzeko edo erakundetzeko gaitasuna izatea: Organismoak eratzea hertsadura ezartzeko, adibidez, indar armatuak, eskolak eta tribunalak.
  • Kontrola bereizteko gaitasuna izatea, hots, instituzio multzo bat izatea hainbat jarduera zehatz egiteko, besteak beste, zergen eta beste baliabide batzuen diru bilketa modu kontrolatu batean gauzatzeko.
  • Agintari profesionalak egotea.
  • Identitate kolektibo bat barneratzeko gaitasuna izatea; beste Estatuetatik bereizteko ikur propio eta komunak sortuz. Adibidez, ereserki edo bandera propioak.

Horrela, soilik aurreko baldintza minimo eta beharrezkoak betez gero, lurralde guztiak prozesu luze bat igaroko dute eta benetako Estatu bati buruz hitz egin daitekeela esan dezakegu.

Estatu motak eta formak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu formak[11] testu legegile eta bibliografikoetan erabili ohi dira eskubide konstituzionalaren kontzeptu bat azaltzeko, non erreferentzia egiten dion estatuak har dezakeen antolaketa modu ezberdinei. Antolaketa hiru elementu konstitutiboren artean duten harremanaren ondorio izango da. Hau da, lurraldea, biztanleria eta boterearen artean sortzen den harremanaren ondorio izango da estatu forma.

Honen arabera bi multzotan bana dezakegu estatu forma:

  • alde batetik, Estatu unitarioa: bertan, biztanleria eta boterea homogeneoak, uniformeak eta sinpleak dira eta hiruren arteko harremana, adiera bakarrekoa eta zuzena , eta
  • bestetik, Estatu konplexua: kasu horretan, lurraldearen, biztanleriaren eta boterearen homogeneotasun falta dago. Horren ondorioz, bere ordenamendu juridikoaren egituraren baitan dibertsifikazio bat gertatzen da (Estatu federala, konfederala eta erregionala).=== Estatu unitarioa ===
Sakontzeko, irakurri: «Estatu unitario»

Estatu unitarioetan botere politikorako erdigune bakar bat dago. Horrek Estatu osoan eragiten du, bere agente eta autoritate lokalen bitartez. Botere legegile bakarra, botere judizial bakarra, botere betearazle edo exekutibo bakarra eta konstituzio politiko bakarra du; hau da, estatu unitarioetan batasun laukoitza dago: ordenamendu juridikoko batasuna, gobernuko aginpideko batasuna, gobernatuen batasuna eta lurraldearen batasuna.

Estatu unitarioen barruan bi mota aurki ditzakegu:

-Estatu unitario puruak entitate bakar batez osatuta daude, gobernu estatal bakarrarekin, administrazio zatiketarik gabe.

-Estatu unitario eskualdekatua zonalde edo hainbat eskualde politiko-administratibotan banatutako Estatua da, baina ez dira autonomoak bere barne erregimenean.

Estatu konplexua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu konplexuaren baitan, zenbait mota daude:

-Estatu erregionala: Estatu erregionalek jatorritzat Estatu zentralista bat dute, baina garapenaren bitartez, Estatu hori osatzen duten eskualdeei autonomia gehiago ematen joan zaie. Autonomia hori ezberdina izaten da toki batetik bestera eta autonomia handiko estatuei “de faktuko federakuntza” esaten zaie.

-Estatu federala: erakunde subirano eta autonomikoz osatutako Estatua da. Erakunde haietako estatus autonomoa ez daiteke gobernu zentralaren bidez modu aldebakarrekoan alda, salbuespenak salbuespen (Argentina, kasu).

Estatu federalaren eta erregionalaren arteko alde bakarra eskuduntzaren jatorria da. Estatu erregionaletan, gobernu zentralak eskualdeari zenbait eskubide eta konpetentzia itzuli ditu; estatu federaletan, ordea, eskualdeek botere zentralari zenbait eskuduntza ematen dizkiote.

Kritika estatuari[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikuspegi marxista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marxismoak Estatuari kritika handiak egin dizkio. Estatu hori analizatu denean, beti Estatu burgestzat ikusi da: hor, kapitalismoaren ondorioz, Estatu burges hori herritarrak areago zapaltzeko tresna da. Leninek idatzi zuen Estatua sistema kapitalistan bakarrik zela eraginkorra; iraultza sozialista batean, proletariotzaren diktadura oinarritzat hartuta, gero eta balio txikiagoa izango zuela, iraultzak aurrerago egin ahala, puntu batera iritsiko baita eta hor, Estatuak ez du inongo baliorik izango eta kendu eginen da, baina azken pauso hori lurralde bat komunista bilakatzean lortuko da.[12]

Ikuspegi anarkista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anarkismoak kritika egiten dio Estatuari, botere tresna bat dela esanez, lurralde batek dituen botere guztiak bereganatzen saiatzen dena. Hans Kelsen filosofoak kritika handiena egin zien Estatuari eta eskubideei. Kelsenek zioenez, Estatua eta justizia bide beretik doaz, baina beste filosofo batzuen ustez zuten, Estatua eta eskubideak bateraezinak dira, Estatua boterearekin baitago, ez eskubideekin[13].

XVIII. mendean Godwinek kritikatu zuen Estatuak legeak erabiltzen zituela herritarrei isunak jartzeko eta horren bitartez zergak lortzeko. Bestalde, gauzak debekatzeko ere esku hartzen zuela.

Proudhonek esan zuen Estatua etorkizunean desagertuko zela, ez zuelako ezertarako balio. Beste hainbat anarkistak kritika berak egin dizkiote Estatuari, hau da, Estatuak herria zapaltzeko balio duela, ez beste ezertarako: boteretsuen legeak bortizkeriaren bidez inposatzeko soilik.

Ikuspegi liberala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liberalismoaren ikuspegiaren ordezkari nagusia Adam Smith da, ekonomiaren ikuspegitik estatuari kritika sendo bat egin dion autorerik garrantzitsuena. Haren tesi nagusia honela laburbil daiteke: gizartearen funtzionamendu ekonomikoak merkatuaren legean, norberaren interes indibidualean, eta lehian egon behar luke oinarrituta. Horrela, Smith garai hartako “laissez faire” delakoaren defendatzailerik sutsuena izan zen, gobernuak arlo ekonomikoan egiten duen esku-hartzea salatuz. Izan ere, gobernuek behar baino gehiago gastatzen dutela eta eraginkortasun gabekoak zein ustelak izaten direla deritzo. Gainera, ​Estatuak soilik segurtasunaz (armada eta polizia herritarren askatasunak bermatzeko) eta justiziaz (botere judiziala independentea botere politikotik) arduratu beharko lukeela berresten du liberalismoak. Haien ustez, estatuak ez luke inolako botererik izan behar, indibiduo batzuei kentzeko eta beste batzuei ematerako hartu emana gertatzerako orduan. Are gehiago, eragile pribatuak izan beharko lirateke prezio sistemaren bidez merkatua arautzen duten bakarrak, gauza bakoitzari benetan duen balioa esleitu nahi baldin bazaio. Beraz, bera da Estatu mugatuaren defendatzailerik sutsuena eta horrenbestez, Estatuak zenbat eta gutxiago parte hartu ekonomiaren antolaketan, hainbat eta hobeto[14].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «estatu». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-05-31)
  2. (Ingelesez) Ball, Terence; Ball, Professor of Political Science Terence; Farr, James; Hanson, Russell L.. (1989-04-28). Political Innovation and Conceptual Change. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-35978-8. (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  3. (Ingelesez) Bobbio, Norberto. (1989). Democracy and dictatorship : the nature and limits of state power. Minneapolis : University of Minnesota Press ISBN 978-0-8166-1812-5. (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  4. (Alemanez) Erhard, Christian Daniel. (1791). Betrachtungen über Leopolds des Weisen Gesetzgebung in Toscana. Richter (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  5. (Gaztelaniaz) García, Jorge. (2013-12-20). «Nicolás Maquiavelo. El príncipe» Studia Aurea 7: 453. doi:10.5565/rev/studiaaurea.79. ISSN 1988-1088. (Noiz kontsultatua: 2019-12-01).
  6. Lucy Carrillo Castillo. Dialnet (2002). Thomas Hobbes y el concepto de Estado constitucional de derecho.
  7. (Gaztelaniaz) filosofiacatracha. (2017-09-21). «El estado y la Libertad; Una Visión desde Hannah Arendt» Filosofia Catracha (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  8. Goikotxea, Jule. «Demokrazia Pribatizatzen» Berria.
  9. Mazzuca, Sebastián L.. (00/2012). «LEGITIMIDAD, AUTONOMÍA Y CAPACIDAD: CONCEPTUALIZANDO (UNA VEZ MÁS) LOS PODERES DEL ESTADO» Revista de ciencia política (Santiago) 32 (3): 545–560. doi:10.4067/S0718-090X2012000300002. ISSN 0718-090X. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  10. Villesa Bojorque, Jorge Alberto. El estado y la luibertad; Una vision desde Hanna Arendt.. .
  11. Biscaretti di Ruffia, Paolo, 1912-. (1987). Derecho constitucional. Editorial Tecnos PMC 773214059. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  12. introduccion al marxismo. .
  13. Bueno Ochoa, Luis. (2008). Godwin y los orígenes del anarquismo individualista. .
  14. Botticelli, Sebastián. (2018-02-01). «Dos concepciones liberales del Estado: Adam Smith y Friedrich Hayek» Praxis Filosófica (46): 61. doi:10.25100/pfilosofica.v0i46.6149. ISSN 2389-9387. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]