Hamas

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hamas
حركة المقاومة الاسلامية
BuruzagiaKhaled Mashaal,
Ismail Haniyeh
Egoitza nagusiaGaza
Ideologia politikoaIslamista, nazionalista palestinarra eta antisionista
Nazioarteko kidetzaPalestina
www.palestine-info.com
Hamasen aldeko erakustaldia Damaskon.

Hamas (arabieraz: حماس‎ Ḥamās; حركة المقاومة الاسلامية, Ḥarakat al-Muqāwamah al-ʾIslāmiyyah, "Erresistentzia islamikoaren mugimendua" esaldiaren akronimoa) erakunde politiko-militar palestinarra da. 2006ko hauteskundeetan, gobernua eskuratu zuen, parlamentuan nagusitasuna lortuta. 2007ko ekainaz geroztik, Gazako Zerrendako eremu guztiaren kontrolpean dago, Fatah eta Palestinar Aginte Nazionaleko indarrak garaituz. Israelekin aurkakoa eta hari armez aurre egitearen aldekoa da. Hamas izena ez da laburdura, ezizena baizik (euskaraz "garra, lehia bizia").

Hamas taldea 1988an sortu zen, eta Musulman Anaitasunetik kanpo hazi eta zabaldu zen, Gazan erlijio, gizarte eta heziketa lanetan ari zen talde batetik. Hamasen eta Musulman Anaitasunaren arteko harremana ona da eta bi taldeak erakunde bakartzat har daitezke. Hamaseko lehen buruzagia Ahmed Yassin xekea izan zen, eta Intifadarekin, israeldarren aurka abiarazi zuten protesta ekinaldiarekin, sendotu zen talde gisa. Hamasek ez zuen inolako hitzarmenik egin nahi Israelekin. Erakundearen hamaikagarren artikuluak dio inolako alderdik ez duela Palestinako lurra emateko eskubiderik; hamahirugarrenak, berriz, jihada dela Israeli aurre egiteko bide bakarra, eta nazioarteko bake konferentziak eta gainerako neurriak "denbora alferrik galtzea" direla. Hamasen jihadak palestinar moderatuen aurkako ekintzak egin ditu (PAEko kideen aurka gehien bat), Israelen aurkako erasoez gainera. Hamasen estatutuetan argi eta garbi adierazita daude Mendebaldearen eta juduen aurkako sentimenduak, eta Koranetik ateratako aipuak erabiltzen dira artikulu askotan.

Hamas gizarte laguntzarako taldea eta borroka taldea da aldi berean. Palestinarren bizimodua eta heziketa hobetzeko plangintzetan, lanbide heziketan, osasungintzan eta enplegua bilatzeko zereginetan hartzen dute parte. Hamaseko ekintzaile suizidak eta aktibistak bizia Jainkoaren alde ematea ekintzarik handiena dela sinesten duten talde berezi bateko kideak dira.

1994ko maiatzean Palestinako Aginte Nazionala sortu zenean, Hamasek gerra zibilari ekingo ziola egin zuen mehatxu, Israelen aurka borrokan jarraitzeaz gainera. Hurrengo egunetan, Tel Aviven, 22 pertsona hil ziren autobus bat leherrarazita, eta Israelek Hamaseko ehunka ekintzaile atxilotu zituen. Hamasek palestinar gehienen babesa dauka.

2014ko abenduaren 17an, EBren terroristen zerrendatik kanporatu zuten Hamas. Lau urte ziren Hamasek adierazi zuela bera zerrendan sartzeko erabakia ez zela ikerketa baten emaitza izan, AEBen txostenen emaitza, baizik. Europako Parlamentuak lurraldearen estatu izaerari buruzko bozketa egin zuen egunean eman zen aditzera erabakia[1].

2015eko urtarrilaren 19an, Europako Batasuna Hamas 'talde terroristen' artean edukitzearen alde agertu zen[2]. Urtarrilaren 31ean, Hamasen adar armatua «talde terrorista» izendapena eman zion Egiptok eta debekatu egin zuen[3].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]