Islam

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Ilargierdia eta izar berdea, Islamaren ikurrak

Islama (arabieraz لإسلام; al-'islām, "sumisioa") erlijio monoteista abrahamdarra da, Korana testu zentraltzat hartzen duena. Bere jarraitzaileek, musulman bezala ezagutzen direnak, Jainkoaren hitz testuala bezala hartzen dute testua[1][1]. Munduko bigarren erlijiorik handiena da, bi mila milioi jarraitzaile baino gehiagorekin, munduko biztanleriaren % 24,9[2]. Islamak irakasten du Jainkoa errukitsua, ahalguztiduna eta bakarra dela[3], eta profeten, idazki errebelatuen eta zeinu naturalen bidez gidatu duela gizateria, Korana azken errebelazio unibertsal gisa eta Mahoma profeta guztien zigilu gisa[4]; Mahomaren irakaspen eta praktikek, berriz, kontakizun tradizionaletan dokumentatuta, musulmanek jarraitu beharreko bigarren mailako eredu konstituzionala ematen dute[5].

Musulmanek uste dute Islama oinarrizko fede baten bertsio osoa eta unibertsala dela, lehenago askotan ezagutarazi zena Adam, Abraham, Moises eta Jesus profeten bidez[6]. Musulmanek uste dute Korana, arabieraz, Jainkoaren behin betiko errebelazio aldaezina dela[7]. Beste erlijio batzuek bezala, Islamak ere azken judizio bat irakasten du, non justuak paradisuan sarituak diren eta bidegabeak infernuan zigortuak[8]. Kontzeptu eta praktika erlijiosoen artean daude Islamaren bost euskarriak, nahitaezko kultu-ekintzak direnak, baita lege islamikoa (sharia) betetzea ere, bizitzaren eta gizartearen alderdi ia guztiei eragiten diena, hala nola bankuei, ongizateari, emakumeei eta ingurumenari[9][10]. Meka, Medina eta Jerusalem hirietan daude Islamaren hiru tokirik sakratuenak[11].

Ikuspegi historikotik, islama gure aroko VII. mendearen hasieran sortu zen Arabiar Penintsulan, Mekan[12]. eta VIII. mendean, Omeiatar Kalifa-herria mendebaldeko Iberiar Penintsulatik ekialdeko Indus ibairaino hedatzen zen. Urrezko Aro Islamikoa VIII. mendetik XIII. mendera bitarteko garaiari dagokio, Abbastar Kalifa-herriaren garaian, historikoki musulmana izan zen munduaren zati handi batek loraldi zientifikoa, ekonomikoa eta kulturala izan zuenean[13][14][15]. Mundu musulmanaren hedapenak hainbat estatu eta kalifa-herri ekarri zituen, hala nola Otomandar Inperioa, merkataritza eta Islamera bihurtzea misio-jardueren bidez (dawah)[16].

Musulman gehienak bi adarretako batekoak dira: sunitak ( % 85-90[17]) edo xiitak ( % 10-15)[18][19][20], eta populazioaren gehiengoa osatzen dute 49 herrialdetan[21]. Suniten eta xiiten arteko ezberdintasunak Mahomaren ondorengotzari buruzko desadostasunetik sortu ziren, eta esanahi politiko zabalagoa hartu zuten, baita dimentsio teologiko eta juridikoak ere. Musulmanen % 12 inguru Indonesian bizi dira, biztanle gehien dituen herrialde musulmanean[22]; % 31 Asiako hegoaldean bizi dira[23]; % 20 Ekialde Hurbilean eta Ipar Afrikan, eta % 15 Saharaz hegoaldeko Afrikan[24]. Amerikan, Txinan eta Europan ere komunitate musulman handiak daude[25][26]. Islama da munduan azkarren hazten den erlijio nagusia[27].

Islamaren doktrina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monoteismoa eta erlijio praktika zorrotz batzuk ditu oinarri. Jarraitzaileei edo fededunei musulman deritze. Gaur egun, musulmanak 400.000.000 inguru dira, eta islama da erlijio nagusia Asia eta Afrikako lurralde askotan. Korana deritzan liburuarekiko jaiera du islamak ezaugarri nagusi, han biltzen baita, musulmanen sinesmenaren arabera, Jainkoak Mahomari egindako adierazpena.

Korana arabieraz idatzirik dagoenez, mundu osoko islamiarren artean erabiltzen da hizkuntza hori. Ala (Allah) da Jainkoaren izena. Jainkoarenganako jarrera da musulmanen jokaeraren oinarria: Haren nahiari egiten diote men; Hura laudatzen eta loriatzen dute. Ezein izaki ezin da Alarekin alderatu, eta Hari baizik ez diote otoitz egiten musulmanek. Mahoma da Jainkoaren azken profeta: aurreko beste profetak Adam, Noe, Abraham, Moises eta Jesus dira.

Munduaren amaieran epaiketa bat izango da, eta zintzoak zerura eta fedegabeak infernura joango dira. Musulman jainkozale arruntak ez du bereizkuntzarik egiten sinesmenaren eta egintzen artean; biak dira ezinbesteko eta elkarren osagarri. Islamak bost betebehar nagusi ezartzen dizkio musulmanari: “Ez da jainkorik, Jainkoa baizik” aldarrikatu behar du; egunean bost aldi jakinetan Mekara begira otoitz egin behar du; eskuzabal eman behar du aumoina; Ramadan deritzan baraualdia gorde behar du (musulman egutegiko bederatzigarren hila); bizitzan behin, Mekarako erromesaldia (Hajj) egin behar du, eragozpen larririk ezean.

Bada, bestetik, debeku sail bat: alkohola, zerrikia, jokoa, lukurreria, iruzurra, gaizkiesatea, izaki bizien irudiak egitea. Koranaren osagarri, sunnah direlakoak (Mahomaren esan, gertaldi eta exenpluak) erabiltzen dira. Islamarekin bat etortzearen printzipioa (Ijma) baliatzen da itxurazko kontraesanak gainditzeko.

Islamaren euskarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Islamaren bost euskarriak»

Hurrengoak dira Islamaren bost zutabeak:

  • Fede-aitorpena (shahada): Allah da Jainko bakarra eta Mahoma da haren profeta
  • Otoitza (salat): egunean, bost aldiz otoitz egin behar dute Mekara begira, meskitatik muezinak dei egiten duenean. Ostirala da haien egun sakratua.
  • Limosnak ematea (zakat): txiroei lagundu behar diete guztiek. Ondarearen %2,5 behartsuei eman behar zaie.
  • Baraualdia (sawm): Ramadan deiturikoa, 29 egunez, ez jan, ez edan, ez erre eta tratu sexualik ere ezin da eduki, eguzkia irteten denetik sartzen den arte. Amaieran, 3 jai egiten dira, behartsuei limosna emateko.
  • Erromesaldia (hajj): Mekara bizitzan behin joatea da, horretarako baliabideak izanez gero.

Islamaren legea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Islamaren legea (Sharia) Alaren nahiaren adierazpena da, eta fededunek itsu-itsuan makurtu behar dute haren esanetara. Islamaren legea gizonaren alderdi guztiez arduratzen da: giza harremanez, gizarteko arazoez, moralaz eta Jainkoarekiko gizonak dituen obligazioez.

Islamdar gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musulman estatuetan musulmanek baizik ez dute hiritar eskubide osorik; musulman ez direnak arroztzat jotzen dira. Islamak ez du onesten apaiz klaserik, baina erlijio eta lege arduradunek ahalmen handia dute, beste erlijioetakoen antzera. Ez dago bereizkuntza garbirik lege zibilen eta erlijiozkoen artean.

Islamaren adarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musulmanak biztanleen % 5etik gora diren estatuak, bakoitzean nagusi den islamaren adarra zehaztuta:
     sunismoa      xiismoa      ibadismoa

Sunismoa eta xiismoa dira islamaren bi adar nagusiak. Kaliferriaren ondorengotasunari buruzko tirabiretatik dator zatiketa, musulman aroaren lehen mendetik.

Hiri santuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri santuena Meka da; han dago 'Kaaba' sakratua eta haraxe egiten da 'hajj' erromesaldia. Bigarrena Medina da, han bizi zen urte askotan profeta eta hantxe dago haren hilobia. Biak dira 'al Haramayn' hau da "bi leku sakratuak" eta biak Saudi Arabian daude.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musulmanen jakintza bideak hiru joera nagusi erakutsi ditu historian zehar: legezaletasuna, arrazionalismoa eta mistizismoa; filosofia ez da inoiz erlijiotik garbi bereizi.

Musulman kulturaren arorik bikainena IX. mendetik XI. mendera bitartekoa da.

Islamaren hedatzea (632-750)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Musulmanen konkistak» eta «Islamiar Urrezko Aroa»
Musulmanen hedapena 632tik 750ra.

Mahoma profetaren heriotzaren ostean, Islamaren buru edo kalifa Abu Bakr (632-634) bihurtu zen. Haren zuzendaritzapean Arabiar Penintsularen erdialdea musulmanen menpean geratu zen. Umar I.a bigarren kalifarekin (634-644), "fededunen burua" (amīr al-mu 'minīn) titulua hartuta, Siria, Jordania, Palestina eta Irak bereganatu zituzten islamdarrek 630. urterako. Egipto Utman hirugarren kalifak konkistatu zuen 645ean Bizantziar Inperiotik. Ali ondorengoarekin batera, lehendabiziko lau kalifa hauek islam garbiaren urrezko aroan gobernatu zuten buruak dira musulmanen ikuspuntutik.

Ali Muhammaden suhiaren agintaldia Utmanen heriotzaren gaineko zalantzekin hasi zen. Hori zela eta, borroka eta Lehen Gerra Zibil Islamdarra piztu ziren, Muawiya Siriako gobernadoreak bultzatuta. Kufa hirian otoitzen ari zen Ali hil zutenean, Muawiya I.ak boterea bereganatu, Omeiatar leinua sortu eta hiriburua Damaskon ezarri zuen. Aliren jarraitzaileak, azkenean, xii bilakatu ziren. Omeiarren urrezko aroa Abd al-Malik (685-705) kalifaren agintaldiarekin etorri zen. Izan ere, Erdialdeko Asia eta Iparraldeko Afrika azpiratzeaz gain, estatua arabiartu egin zuen, greziarren eta persiarren ordez, funtzionario arabiarrak jarri baitzituen.

Iberiar penintsularen konkista 711n hasi zen, Guadaleteko guduan bisigodoak garaitzean. Hurrengo zortzi urtean ia penintsula osoa bereganatu zuten, gehienetan tokian tokiko nobleziarekin izandako bake itunen bidez. Euskal Herrira ere iritsi ziren, Iruñean Gazteluko Plazako azken indusketek erakutsi dutenez. Penintsulatik iparralderago ere jarraitu zuten, harik eta Poitiersko guduan Karlos Martel frankoen buruzagiak garaitu zituen arte (732).

Konstantinopolis bera ere hartzen saiatu ziren (717). Porrot egindakoan, Omeiarren ospeak behera egin zuen. Azkenean, 750ean, Abasidar leinuak Omeiarrak boteretik kendu zituen eta hiriburua Bagdadera aldatu zuen. Ia-ia omeiarren klan osoa hil zuten, baina printze bat, Abd al-Rahman I.a, Iberiar penintsulara heldu ahal izan zen eta han, Kordobako Emirerria sortu zuen (756), abbastarren inperiotik at. Musulmanen estatu batua bereizteko lehendabiziko pausoa izan zen hura, IX. mendean zehar desegin baitzen.

Islama VII. mendean banatu zen bitan, Mahoma profeta hil berritan.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b The Oxford encyclopedia of the Islamic world. Oxford University Press 2009 ISBN 978-0-19-530513-5. PMC 154707857. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  2. «Muslim Population by Country 2022» worldpopulationreview.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  3. Campo, Juan Eduardo. (2009). Encyclopedia of Islam. Facts On File ISBN 978-0-8160-5454-1. PMC 191882169. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  4. The Oxford encyclopedia of philosophy, science, and technology in Islam. 2014 ISBN 978-0-19-981258-5. PMC 894103246. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  5. Goldman, Elizabeth. (1995). Believers : spiritual leaders of the world. Oxford University Press ISBN 0-19-508240-0. PMC 31605658. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  6. Bible and Qurʼān : essays in scriptural intertextuality. Brill 2004 ISBN 90-04-12726-7. PMC 52773511. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  7. Bennett, Clinton. (2010). Interpreting the Qur'an : a guide for the uninitiated. Continuum ISBN 978-0-8264-9943-1. PMC 277204353. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  8. «Eschatology - Oxford Islamic Studies Online» www.oxfordislamicstudies.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  9. Esposito, John L.. (2002). What everyone needs to know about Islam. Oxford University Press ISBN 0-19-515713-3. PMC 49902111. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  10. (Ingelesez) «Shariah | Definition, History, & Examples | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  11. Trofimov, Yaroslav. (2008). The siege of Mecca : the forgotten uprising in Islam's holiest shrine and the birth of al Qaeda. (First Anchor Books edition. argitaraldia) Anchor Books ISBN 978-0-307-47290-8. PMC 432684466. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  12. Watt, W. Montgomery. (1961). Islam and the integration of society.. Routledge & Paul ISBN 978-0-203-00007-6. PMC 568726270. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  13. Saliba, George. (1994). A history of Arabic astronomy : planetary theories during the golden age of Islam. New York University Press ISBN 0-8147-8023-7. PMC 35666761. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  14. King, David A.. (1983-12-01). «The Astronomy of the Mamluks» Isis 74 (4): 531–555. doi:10.1086/353360. ISSN 0021-1753. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  15. «History Of Science And Technology In Islam» web.archive.org 2015-04-02 (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  16. Arnold, Thomas Walker, Sir. ([2012?]). The preaching of Islam : a history of the propagation of the Muslim faith. Kessinger Pub ISBN 978-1-163-44370-5. PMC 823599344. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  17. (Ingelesez) Press, Oxford University. (2010-05-01). Sunni Islam: Oxford Bibliographies Online Research Guide. Oxford University Press, USA ISBN 978-0-19-980429-0. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  18. «CIA - The World Factbook -- Field Listing :: Religions» web.archive.org 2010-07-06 (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  19. «Sunni» web.archive.org 2020-06-14 (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  20. (Ingelesez) Islam. 2022-04-01 (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  21. «Muslim Majority Countries 2022» worldpopulationreview.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  22. (Ingelesez) NW, 1615 L. St; Suite 800Washington; Inquiries, DC 20036USA202-419-4300 | Main202-857-8562 | Fax202-419-4372 | Media. «10 Countries With the Largest Muslim Populations, 2010 and 2050» Pew Research Center's Religion & Public Life Project (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  23. South Asian religions : tradition and today. 2013 ISBN 978-0-415-44851-2. PMC 166361331. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  24. (Ingelesez) NW, 1615 L. St; Suite 800Washington; Inquiries, DC 20036USA202-419-4300 | Main202-857-8562 | Fax202-419-4372 | Media. (2011-01-27). «The Future of the Global Muslim Population» Pew Research Center's Religion & Public Life Project (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  25. (Ingelesez) «Islam in Russia» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  26. (Ingelesez) «Book review: Russia’s Muslim Heartlands reveals diverse population» The National 2018-04-19 (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  27. Editor, Daniel Burke, CNN Religion. «The fastest growing religion in the world is ...» CNN (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]