Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da

Austria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Austriako Errepublika
Republik Österreich
Bandera Armarria
Ereserkia: Land der Berge, Land am Strome
(Mendien lurraldea, Ibaien lurraldea)

Hiriburua
eta hiri handiena
Viena
Hizkuntza ofiziala(k) Alemana1
Herritarra austriar[1]
Gobernua Errepublika parlamentario federala
 -  Presidentea Alexander Van der Bellen
 -  Kantzelerra Sebastian Kurz
Independentzia
Azalera
 -  Guztira 83,879 km2 (115.)
 -  Ura (%) 1,7
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2016ko uztaila) 8.741.753[2] (94.)
 -  Dentsitatea 104 bizt./km2 (106.)
Dirua Euroa (€) (EUR)
Ordu-eremua CET (UTC+1)
 -  Udan (DST)  (UTC+2)
Aurrezenbakia 43
Internet domeinua at
1 Ofizialki onartutako eskualde hizkuntzak: esloveniera, kroaziera eta hungariera.

Austria[1] (alemanez: Österreich, ˈøːstɐˌʁaɪç ahoskatua), ofizialki Austriako Errepublika (alemanez: Republik Österreich) Erdialdeko Europako estatu itsasgabea da. Iparraldean Alemania eta Txekiarekin du muga, ekialdean Eslovakia eta Hungariarekin, hegoaldean Eslovenia eta Italiarekin eta mendebaldean Suitza eta Liechtensteinekin. 83.879 kilometro koadroko eremua du eta 8,7 milioi biztanle. Oso herrialde menditsua da, Alpeek azaleraren % 62 hartzen baitute. 1995etik Europar Batasuneko kidea da eta 1999tik, Eurogunekoa. Hiriburua Viena da.

Austria-Hungariako Inperioaren botere zentrua izan zen, baina Lehen Mundu Gerrako porrotaren ostean, Austria errepublika federal bilakatu zen. Bederatzi estatuk osatzen dute: Burgenland, Karintia, Austria Beherea, Austria Garaia, Salzburg, Estiria, Tirol, Vorarlberg eta Viena. Munduko herrialde aberatsenetako bat da, 41.700 dolarreko per capita errentarekin (2011ko zenbatespena). Alemana da hizkuntza ofiziala, baina zenbait eskualdetan kroaziera, esloveniera eta hungarierak ere dute estatus hori[3].

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Austriako mapa topografikoa
Austriako klimak, Köppen klima sailkapenaren arabera

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Austriak zortzi herrialderekin du muga: iparraldean, Alemania eta Txekiarekin; ekialdean, Eslovakia eta Hungariarekin; hegoaldean, Eslovenia eta Italiarekin; eta mendebaldean, Suitza eta Liechtensteinekin.

Eskualde naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Austrian bost eskualde natural daude:

  • Ekialdeko Alpeak, 52.600 kilometro koadroko eremua hartzen dutenak, herrialdearen % 62. Haran zabalek zeharkatzen dute mendialdea: Inn, Drava, Enns, Mur eta Salzach.
  • Alpe eta Karpatoen inguruko muinoak; 9.500 kilometro koadro dira, herrialdearen % 11,3.
  • Ekialdeko muinoak, Panoniako ordokiaren bazterrekoak; 9.500 kilometro koadro dira, herrialdearen % 11,3.
  • Bohemiako mendigunea, Danubioren iparraldean hedatzen dena, Txekiaren mugaraino. Muino eta mendi apalak dira, basoz estaliak[4]. 8.500 kilometro koadro dira, herrialdearen % 10,2.
  • Ekialde eta hego-ekialdeko ordoki zabalak, garrantzi handiko nekazaritza-eskualdeak. Beste ordoki txikiago bat dago Konstantzako aintziraren ertzean, Suitzako mugatik hurbil. 3.700 kilometro koadro dira, herrialdearen % 4,4[4].

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendirik garaienak Alpeetan daude. Handienak hauek dira:

Izena Garaiera Mendigunea
&0000000000000001.0000001 Großglockner 3.798 m Hohe Tauern
&0000000000000002.0000002 Wildspitze 3.772 m Ötztaler Alpen
&0000000000000003.0000003 Kleinglockner 3.770 m Hohe Tauern
&0000000000000004.0000004 Weißkugel 3.739 m Ötztaler Alpen
&0000000000000005.0000005 Pöschlturm 3.721 m Hohe Tauern
&0000000000000006.0000006 Hörtnagelturm 3.719 m Hohe Tauern

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Danubio da Austriako ibai nagusia. Iturburua Alemanian du eta Austrian Passautik barrena sartzen da; gero, Linz eta Vienatik igaro, eta Eslovakian barneratzen da. Danubioren austriar ibai-adar nagusiak ditugu Inn, Innsbrucketik pasatzen dena, eta Salzach, Salzburgo bainatzen duena. Herrialdeko aintzirarik handiena Bodensee edo Kostantzako aintzira da, Alemania eta Suitzarekin muga egiten duena.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Austriako historia»

Historiaurretik Erdi Aroa arte[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heidentor, Carnuntum erromatar gotorlekuaren hondakinak.

Historiaurretik bertatik ezagutzen dira biztanleak Austrian. Goi Brontze Aroan eta Burdin Aro goiztiarrean Hallstatt kultura garatu zen. Erromatarrek Norika zeltiar erreinua menderatu zuten. Bertan, Raetia, Noricum eta Pannonia probintziak eratu zituzten bertan, eta garrantzi handiko hiriak sortu: Vindobona (Viena), Lentia (Linz) eta Claudia (Klagenfurt). Danubio ibaia merkatari bide garrantzitsua bihurtu zen. III. eta VI. mendeen artean inbasio berriak izan ziren Danubioren hegoaldeko lurraldean: bandaloak, godoak, hunoak, alamanak. VII. mendean avaroen inperioaren mende geratu zen. 788an, frankoen errege Carolus Handiak lurraldea menpean hartu eta Ekialdeko Marka (Marchia Orientalis edo Ostmark) eratu zuen[5].

IX. mendearen amaieran, magyarrek Enns ibairainoko herbehereak inbaditu zituzten, baina 955etik aurrera, Oto I.aren agintaldian, egotzi zituzten. X. eta XIII. mendeen artean Babenberg familiak gobernatu zuen Ekialdeko Marka[6]. Osterreich izena («Ekialdeko erresuma») Oton III.a enperadore germaniarrak (983-1002) sinaturiko dokumentu batean agertu zen lehenengo aldiz.

1156. urtean, Henrike II.a Babenbergekoak marka dukerri bihurtzea lortu zuen Frederiko I.a enperadorearengandik, Privilegium Minus-aren bitartez; Viena bihurtu zen hiriburu. 1192an, Babenbergtarrek Estiriako dukerriaz (Steiermark) ere jabetu ziren. 1253tik aurrera, Bohemiako Otakar II.ak agindu zuen. 1278ko Dürnkruteko porrotaren ostean, Habsburgo dinastia alemaniarrak boterea hartu eta agintean jarraitu zuen Lehen Mundu Gerra arte.

Habsburgotarren Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIV. eta XV. mendeetan zehar, Habsburgotarrek mendean hartu zituzten Austriako Dukerriaren inguruko eskualdeak. Hori zela eta, 1438an Alberto II.a Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore hautatu zuten. Koroatua izan baino lehen hil zen arren, handik aurrera Inperio Santuko enperadoreak Habsburgo etxekoak izan ziren, salbuespen bakar batekin.

Habsburgotarrek, konkistaz ez ezik, oinordetzaz ere lortu zituzten lurraldeak. Maximiliano I.a Habsburgokoak, 1477an Borgoinako Dukerriko oinordekoarekin ezkondu eta gero, Herbehereak bereganatu zituen. Maximilianoren seme Filipe Ederra, berriz, Joana Gaztelakoarekin ezkondu zen, alegia, Gaztela eta Aragoiko oinordekoarekin. Beraz, Filipe eta Joanaren seme Karlosek, Habsburgotarren lurraldeak, Borgoina, Gaztela eta Aragoi oinordetzeaz gain, Italiako zati bat, Afrikako lurraldeak eta Amerikako lurrak ere jaso zituen. Karlosek 1555-56an abdikatu zuen. Espainia eta Herbehereak Filipe II.a semeari utzi zizkion eta Austria Fernando I.a anaiari[5].

Fernando I.a Habsburgokoa Ana Jagellonekin, Bohemiako eta Hungariako erregearen alabarekin, ezkondu zen. 1526ko Mohácseko guduan Luis II.a Hungariakoa hil ostean, Fernando eta Anak bi erresuma horiek jarauntsi zituzten. Hala ere, 1533ko Konstantinoplako Itunak hiru zatitan banatu zituen Hungariako Erresumako lurrak: iparraldea eta mendebaldea Habsburgotarrentzat, erdialdea Otomandar Inperioarentzat eta Transilvania Joan Zapolya eta haren oinordekoentzat[6]. Fernando II.a, Bohemiako erregea 1617tik eta Hungariakoa 1618tik, kontrarreforma bultzatzen eta katolizismoa inposatzen saiatu zen. Baina Bohemiako protestanteek Fernando kargutik kendu zuten eta, haren ordez, Frederiko V.a aukeratu zuten errege. Gertaera horrek piztu zuen Hogeita Hamar Urteko Gerra[7].

Austria Europako boterea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Habsburgo etxeko enperadorearen armarria (1605).

Leopoldo I.aren erreinaldian (16571705) Austriak Otomandar Inperioaren eta Frantziaren aurkako gatazkak izan zituen. 1683an Viena setiatu zuten arren, otomandarrak garaituak izan ziren, eta 1699ko Karlowitzeko Itunaren ondorioz, ia Hungaria osoa Austriaren menpean gelditu zen. Frantziaren aurka borrokatu zen Bederatzi Urteko Gerran eta Espainiako Ondorengotza Gerran[8].

1792an, Frantziako Iraultza zela medio, Austria eta Frantziaren arteko gerra hasi zen, 1797 arte iraun zuena. Napoleonen garaipenak Germaniako Erromatar Inperio Santuaren desagerpena ekarri zuen (1806). Baina Habsburgotarrek Austriar Inperioa eratu zuten (1804). 1814an, Austriak Errusiak eta Prusiak Frantzia menperatzea lortu zuten. 1815eko Vienako Batzarrean, garaileek adostu zuten Europako egoera berria. Batzarrean, besteak beste, Germaniar Konfederazioa eratzea erabaki zen, Austria buru zela baina Prusiaren laguntzarekin.

Austria-Hungariako hizkuntza banaketa (1910).

1848ko iraultzak alemaniar biztanleriaren arazo sozial, politiko eta nazionalak azpimarratu zituen. Lurraldetasun auzia nahiko korapilatsua zen: batzuk Alemania Handia (Großdeutschland) sortzearen aldekoak ziren, alemanez mintzatzen zen Austriako lurraldeekin batera, eta beste batzuk Alemania Txikia (Kleindeutschland) sortzearen aldekoak. Austriak bere izaera ez galtzeko agertu zuen jarrera tinkoak Kleindeutschland-en garaipena ekarri zuen.

1864an, Austria eta Prusiak Schleswig eta Holstein dukerriak defendatu zituzten Danimarkaren aurka. Garaipenaren ondoren, bi aliatuek ezin izan zuten adostu dukerrien administrazio berria. Hain zen gogorra auzia, non Austriak, Alemaniako estatu batzuekin batera, Prusiaren aurkako gerra egin baitzuen, 1866ko Austria-Prusia Gerra hain zuzen ere. Sadowako gudua galdu ondoren, Austriak utzi behar izan zituen Alemania eta Italia, eta Germaniar Konfederazioa desagertu zen (Pragako bakea).

Hungariar nazionalismoa baretzeko asmoz, Frantzisko Josef I.a Austriakoak Austria-Hungariako Inperioa eratu zuen: 1867ko Austriar-Hungariar konpromisoaren arabera, boterea bitan banatu zen, Austriako Inperioa eta Hungariako Erresuma, biak Frantzisko Josef I.aren agindupean, baina lurraldean bizi ziren gutxiengoek (poloniarrek, ukraniarrek, txekiarrek, eslovakiarrek, esloveniarrek, serbiarrek, kroaziarrek, italiarrek eta errumaniarrek) inperioren oinarriak azpijan zituzten.

Lehen Mundu Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1914ko ekainaren 28an, Gavrilo Principek (Esku Beltza serbiar taldeko kidea) Franz Ferdinand artxidukea hil zuen Sarajevon. Gertaera hau Lehen Mundu Gerraren lehergaia izan zen. Gudak anabasa politikoa eta hondamena ekarri zizkien Erdialdeko Potentziei (Austria-Hungaria, Bulgariako Erresuma, Alemania eta Turkia) eta Austria-Hungariako Inperioaren bukaera eragin zuen.

1919ko irailean garaileek eta Austriak sinatutako Saint-Germaingo Itunak Habsburgotar monarkiaren amaiera ekarri zuen. Hungariaren burujabetasuna onartu zen, Txekoslovakia, eta Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erresuma (aurrerago Jugoslaviako Erresuma deitua) sortu ziren eta beste lurralde batzuk Polonia eta Italiako Erresumari eman zitzaizkien[9]. Austria errepublika bilakatu zen (Austriako Lehenengo Errepublika) baina inperioko eskualde aleman-hiztun batzuk (Hego Tirol, Sudeteak) kanpo geratu ziren. Horrez gain, Alemaniarekin bat egitea debekatu zitzaion. 1920an konstituzio berria indarrean jarri zen.

Gerraren ostean, Austriako egoera oso larria zen. Hondamen ekonomikoa buka zedin, 1922an nazioarteko mailegua lortu zuen, Nazioen Ligak gainbegiraturik. Finantzak egonkortu ziren arren, artean ere langabeziak oso handia zen. 1929tik aurrera, Depresio Handiak gogor astindu zuen herrialdea[10].

Austrofaxismoa eta Hirugarren Reicha[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arazo ekonomikoez gain, 1920ko hamarkadan alderdi nagusien armada paramilitarren arteko gerra zibil isila izan zen. Sozial Kristauen laguntza zuen Heimwehr talde erreakzionarioaren eta Sozial Demokraten aldeko Republikanischer Schutzbunden artean liskar ugari gertatu zen[11].

Anschluss: Alemaniako indarrak Vienan sartzen (1938ko martxoaren 15).

Austriako Lehenengo Errepublikak 1933 arte iraun zuen. Urte hartan, Engelbert Dollfuss kantzelerrak parlamentua desegin eta Italiako faxismoaren pareko erregimen autokratikoa (austrofaxismoa) ezarri zuen. Ordurako (1933ko udaberria) Alemanian Hitler zegoen agintean, eta naziek Alemania eta Austria batzearen aldeko propaganda egiten zuten. Hori eragozteko Dollfussek Hungaria eta Italiaren laguntza bilatu zuen. Sozial Demokratak jazarriak izan ziren eta 1934ko otsailean armak hartu zituzten. Lau egun iraun zuten borroketan Heimwehr taldea eta Dollfuss garaile irten ziren. Urte berean, alderdi politiko guztiak, Dollfussen Fronte Patriotikoa izan ezik, legez kanpo geratu ziren eta maiatzeko konstituzio berriak kantzelerraren boterea indartu zuen, baina 1934ko uztailaren 25ean nazi talde batek Engelbert Dollfuss hil zuen[11].

Dollfussen ondorengo Kurt Schuschnigg herrialdearen independentziari eusten saiatu zen, baina 1936an Mussolinik Hitlerrekin elkar hartu zuenetik, Austria erabat bakarturik geratu zen. 1938ko martxoaren 12an, Alemaniako armada Austrian sartu zen eta biharamunean Hitlerrek herrialdearen Anschluss edo anexioa aldarrikatu zuen.

Alemania naziak arras beretu zuen Austria eta Ostmark izena eman zion (Alpen-Donau-Reichsgaue 1942tik aurrera). Kristal hautsien gaueko gertakariek erakutsi zuten bezala, antisemitismoa oso bortitza zen Austrian. Juduen erdiek (100.000 inguru) Bigarren Mundu Gerra hasi baino lehenago ihes egin zuten herrialdetik. Gerra amaitzerako, 65.000 judu austriar baino gehiago hilak izan ziren, haietako asko sarraski-esparruetan, ijito, aurkari politiko eta ahalmen urriko pertsona askorekin batera. Ehunka mila austriar Wehrmachten borrokatu ziren, eta ez gutxi SSetan. Borroketan 250.000 inguru hil ziren, eta beste asko preso eraman zituzten. Nazien aurkako erresistentzia, bai ezkerrekoa (sozialistak eta komunistak), bai kontserbadorea (sozial kristauak eta monarkikoak) haintzat hartzekoa izan zen. Hamarka mila pertsona motibo politikoengatik atxilotu zituzten, eta asko sarraski-esparru edo espetxeetan hil ziren[11].

Aliatuen okupazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945eko apirilean, Hirugarren Reicha bukatzear zegoela, Karl Rennerek behin-behineko gobernua osatu zuen Vienan, Sozial Demokrata, Sozial Kristau eta komunisten parte hartzeaz eta Sobietar Batasunaren isilbidezko onarpenaz. Aliatuek 1945eko maiatzaren 9an okupatu zuten herrialdea eta uztailean lau okupazio eremutan banatu zuten, Sobiet Batasuna, AEB, Frantzia eta Britainia Handiak administraturik. Viena ere, Berlin bezala, lau zatitan banandu zuten. 1945eko azaroko hauteskundeetan, Karl Renner aukeratu zuten bigarren errepublikako presidente. Gerraren ondoren, ekonomia lur jota zegoen, baina 1948tik aurrera Marshall Planak suspertzen lagundu zuen[12].

1955eko maiatzaren 15ean Austriak lau indar okupatzaileekin sinatu zuen itunaren ondorioz, independentzia osoa berreskuratu zuen. Urte bereko urriaren 26an, parlamentuak Austriaren «betirako neutraltasuna» onartu zuen. Neutraltasun horrek gaurdaino jarraitzen du.

Gerraondoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo errepublikan ez bezala, Austriako Bigarren Errepublikak herriaren sostengua jaso zuen hasieratik, nahiz 1955era arte nazioarteko erabateko onespena izan ez zuen. Proporz izan zen sistema politikoaren berezitasun nagusietako bat, hots, kontserbadoreek (SPÖ) eta sozial demokratek (ÖVP) elkarrekin adosten zituztela gai politiko garrantzitsuenak. Kontsentsua zen beste ezaugarri nagusia, hau da, legegintza prozesuetan talde interesatuak kontsultatuak izaten zirela. Proporz eta kontsentsuak herrialdearen egonkortasuna sendotu zuten, baina gaur egun sistema hau historiaren zati bat baino ez da.

1971-1983 bitartean sozialistak egon ziren gobernuan, eta Austria berdintasunaren eredu bihurtzen saiatu ziren. Baina 1983an, legebiltzarrean zuten gehiengo absolutua galdu zutenean, koalizio bat osatu zuten liberalekin. Koalizio hori, ordea, hautsi egin zen liberalek eskuinerantz egin zutenean. Austriarrak gobernuaren eta sozialisten kontra azaldu ziren administrazio arazoak, sektore publikoan izan ziren langileen kaleratzeak eta pribatizazioak zirela-eta.

1986ko lehendakaritzarako hauteskundeak Alderdi Popularreko Kurt Waldheimek irabazi zituen, nahiz eta kontrako jarrerak sortu ziren Bigarren Mundu Gerran alemaniar gudarostean egin zituen lanengatik. Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren, Fred Sinowatz kantzelerrak dimititu eta Franz Vranitzky sozialistak hartu zuen kargua, eta koalizio bat osatu zuen Alderdi Popularrarekin. Gobernuak aurre egin behar izan zien sektore publikoaren pribatizazioei, aurrekontuen defizitari eta Waldheimen hautaketa zela-eta nazioartean sortu zen kezkari. Koalizioak aurrera jarraitu zuen 1990eko hauteskundeen ondoren (Alderdi Popularrak 17 eserleku galdu zituen). Hala ere, 1992an Thomas Klestil Alderdi Popularreko hautagaia hautatu zuten lehendakari.

Austria 1995ean sartu zen Europar Batasunean. Irudian, Lisboako Itunaren sinatzaileak (2007).

1994an austriarrek erreferendum baten bidez erabaki zuten Europar Batasunean sartzea, baina neutraltasuna gordez. Dena dela, alderdi nagusiek iritzi kontrajarriak dituzte neutraltasun militarrari buruz: SPÖk egungo sistema atxiki nahi du, baina ÖVPk nahiago luke Austriak Europako seguritate politikan parte hartzea, eta baita NATOren barruan egotea ere. Konstituzioa aldatzeko bi hereneko gehiengoa beharrezkoa denez, «betirako neutraltasunak» irautea espero da.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2000ko otsaileko hauteskundeetan, Alderdi Popularrak eta Askatasunaren Alderdiak (FPÖ) gobernuko koalizioa osatu zuten. Europar Batasuneko hamalau kideek (baina ez Europar Batasunak berak) koalizioa gaitzetsi zuten, FPÖren jarrera xenofobo eta eurofokoak zirela-eta. Baina Alderdi Popularrak atxiki zuen koalizioa 2003ko otsaileko hauteskundeetan. 2006ko urriko hauteskundeetan, Alderdi Sozialdemakratak (SPÖ) lortu zuen garaipena, baina ez zen nahikoa izan bakarrik gobernatzeko. Beraz, 2007ko urtarrilean bi alderdi nagusiek koalizio handia osatu zuten, Alfred Gusenbauer kantzeler federala zela.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vienako parlamentua, Bundesrat eta Nationalrat-en egoitza.

Austria errepublika federal demokratikoa da. Bere lege nagusia 1920ko konstituzioa da, nahiz eta geroago aldatua izan den. Estatu burua Presidente Federala (Bundespräsident) da, sei urteko eperako herri-boto zuzenaz hautatua. Gobernuburua Kantzelari Federala (Bundeskanzler) da, ministro kontseiluaren burua eta erantzulea Parlamentuaren aurrean.

Botere legegilea bi ganberatan banatuta dago: Goi Ganbera edo Bundesrat (64 kide) eta Behe Ganbera edo Nationalrat (183 kide). Behe Ganbera organo legegile erabakitzailea da eta kideak lau urterako hautatzen dituzte. Kontseilu Federal edo Goi Ganberako kideak, aldiz, estatu bakoitzeko parlamentuak hautatzen ditu, eta berritu egiten dira eskualdeko legebiltzarra aldatzen denean. Hori dela eta, alderdi bakoitzaren pisua aldatuz joaten da, eskualde hauteskundeetako emaitzen arabera. Kontseilu Federalak betoa jar diezaieke Kontseilu Nazionalaren erabakiei. Beti ere, azken erabakia Kontseilu Nazionalaren esku dago, Beharrungsbeschluss edo «boto iraunkorra»-ren bitartez.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Austriaren banaketa administratiboa»

Herrialdea 9 estatutan (bundesland) banaturik dago:

Estatua Hiriburua Biztanleria
(2015)[13]
Eremua (km2) Dentsitatea
(bizt./km2)
1 Viena (Wien) 1.794.770 414,87 4.326,1
2 Austria Beherea (Niederösterreich) Sankt Pölten 1.636.287 19.178 85,3
3 Austria Garaia (Oberösterreich) Linz 1.436.791 11.982 119,9
4 Estiria (Steiermark) Graz 1.221.014 16.401 74,4
5 Tirol Innsbruck 728.537 12.648 57,6
6 Karintia (Kärnten) Klagenfurt 557.371 9.536 58,4
7 Salzburg Salzburgo 538.258 7.154 75,2
8 Vorarlberg Bregenz 378.490 2.601 145,5
9 Burgenland Eisenstadt 288.229 3.965 72,7


Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2016ko uztailean Austriak 8.741.753 biztanle zituen[2], hau da, 104 biztanle kilometro koadroko. Hiriburua da hiririk jendetsuena; herrialdeko biztanleen laurdena inguru bizi dira bertan, hango bizi mailak eta kultura eskaintzak erakarrita. Gainerako hiri nagusiak ez dira hain handiak. Biztanleriaren hazkunde begetatiboa txikia da (‰ 0,51 2016an),[3] baina etorkin franko hartzen du (5,2 immigrante 1.000 biztanleko 2016an).[3] Bizi itxaropena 81,5 urtekoa da; 78,9 urtekoa gizonezkoentzat eta 84,3 urtekoa emakumezkoentzat (2016ko zenbatespena).[3]

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012ko datuen arabera, biztanleen % 81,1 austriarrak dira; % 2,7, alemaniarrak; % 2,2, serbiarrak; % 2,2, turkiarrak; eta % 11,5, beste herrialde batzuetakoak[14].

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Austriako biztanle gehienek alemana erabiltzen dute, eta hori da hizkuntza ofiziala herrialde osoan. Hala ere, austriar hiritartasuna duten sei gizatalde txikik (1976. urteaz geroztik, kroaziarrek, hungariarrek, txekiarrek, esloveniarrek, eslovakiarrek, eta 1994tik aurrera, ijitoek), talde etnikoa-ren estatusa lortu zuten eta hainbat hizkuntza eskubide aitortu zitzaizkien. Kroaziera hizkuntza ofiziala da Burgenlanden; esloveniera, hegoaldeko Karintian; eta hungariera, Burgenlanden[3].

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vienako finantza eta administrazio gunea

Lehen Mundu Gerraren ondoren, industria eskualderik gabe geratu zen Austria. 1929ko krisiak, Alemaniari batu izanak eta Bigarren Mundu Gerrak areagotu baizik ez zuten egin egoera latz hori. Azken gerraren ondoren, oreka ekonomiko berria lortu zuten, Marshall Planatik abiatuta. Gaur egun, biztanleko barne produktu gordina munduko garaienetakoa da (47.300 dolarrekoa 2015ean, munduko 27.a[3]). Inbertsioei eman zaien garrantziari esker (barne produktu gordinaren % 20-25), lortu da emaitza hori. 1946. urteaz geroztik, ekonomia jarduera nagusiak nazionalizatu egin ziren (petrolioa, merkataritza banku handienak, ibai eta aire garraio nagusiak, burdinbiderako gaien fabrikak, gas naturalaren ekoizpena, elektrizitatea, besteak beste), baina azken urteetan pribatizazioa bultzatu da. Austria eredutzat har daiteke ekonomia dinamikoa eta askotarikoa gauzatzen jakin duen estatu menditsua den aldetik.

Nekazaritza, abeltzaintza eta basozaintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritzak eta basozaintzak barne produktu gordinari egiten dioten ekarpena txikia bada ere (2015ean, %1,3[3]), oso sektore garatua da. Nekazari asko jarduera batean baino gehiagotan aritzen dira, mendialdean batez ere; inguru horietan turismoa, eskulangintza eta industria jarduera osagarriak baitira. Austriaren orografia egokia ez bada ere nekazaritzarako, produkzioa askotarikoa izatea lortu da: garia, garagarra, oloa, artoa, azukre erremolatxa. Mahastiak eta fruitu arbolak ordokietan landatzen dira. Belardi eta larreak ugari dira (eremuaren %28). Behi aziendak garrantzi handia du: Austria esne, gazta eta gurin ekoizle handia da. Fruituak, barazkiak eta, batez ere, olioak, ordea, inportatu egin behar dira.

Industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karintiako Kölnbrein urtegia

Biztanle aktiboen % 25,3 industrian ari da lanean (2015[3]). Bertako lehengaietan eta energian oinarritzen da industria (burdina, kobrea, beruna, grafitoa; kaolina, talkoa eta magnesita). 1990. urtea arte Austriako industriak gorakada izugarria izan zuen: bertako baliabideak ekoizteko malgutasuna izan da gorakada horren arrazoi nagusia. Horrezaz gainera, esku lanaren maila hartu behar da kontuan. Hala, enpresa txikiez eta erdi mailakoez osatutako industria sare bat eratu da. Bestalde, Austriak emaitza ezin hobeak izan ditu ingeniaritzaren alorrean. Industria sektore nagusia eraikuntza metalikoek, mekanikoek eta elektrikoek osatua da; horren atzetik daude janari industria, kimika, ehungintza, beirak eta portzelana. Austrian debekatuta dago energia nuklearra ekoiztea (1978ko erreferenduma), eta energia balantza defizitarioa da, nahiz eta ahalegin handiak egin diren hidroelektrizitatearen alde: 1.300 zentral hidraulikok energia elektrikoaren % 56 sortzen dute (2014[3]).

Turismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turismoak garrantzi handia du hirugarren sektorean, mendiari eta mendiaren inguruko kirolei atera zaien etekinari esker. Horrez gainera, aipatzekoa da Austriak duen arkitektura ondarea. 1996an Austrian 17 milioi turista inguru izan ziren, batez beste bi turista biztanleko.

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aireportuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

See source Wikidata query..

Austriar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. a b Bevölkerung zu Quartalsbeginn seit 2002 nach Bundesland, statistik.at
  3. a b c d e f g h i Austria The World Factbook
  4. a b Austria Geography. worldatlas.com Noiz kontsultatua: 2016-10-25.
  5. a b Austria, Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa
  6. a b Historia de Austria Guiadelmundo.org.uy
  7. Ferdinand II, Encyclopædia Britannica, britannica.com
  8. Leopold I Encyclopædia Britannica
  9. Saint-Germaingo Ituna, Puntubi.com
  10. Autriche, Encyclopédie Universalis
  11. a b c Austria: First Republic and the Anschluss, Encyclopædia Britannica
  12. Austria: Second Republic, Encyclopædia Britannica
  13. Bevölkerungszahl Österreichs stieg auf fast 8,58 Mio. zu Jahresbeginn 2015. statistik.at Noiz kontsultatua: 2016-10-25.
  14. Kommission für Migrations und Integrationsforschung der Österreichischen Akademie der Wissenschaften". medienservicestelle.at Noiz kontsultatua: 2016-10-25.
  15. Statistik Austria. statistik.at Noiz kontsultatua: 2016-10-25.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]