Liberia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Liberiako Errepublika
Republic of Liberia

Bandera Armarria
Goiburua: The love of liberty brought us here
(Askatasunaren maitasunak hona ekarri gintuen)
Ereserkia: All Hail, Liberia, Hail!
Hiriburua
eta hiri handiena
Monrovia
Hizkuntza ofiziala(k) Ingelesa
Herritarra liberiar[1]
Gobernua Errepublika
 -  Presidentea George Weah
Independentzia
Azalera
 -  Guztira 111,369 km2 (103.)
 -  Ura (%) 13,5
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2011) 4.128.572 (130.)
 -  Dentsitatea 35,5 bizt./km2 (180.)
Dirua Liberiar dolar (LRD)
Ordu-eremua GMT
Aurrezenbakia 231
Internet domeinua lr

Liberia[1] (ingelesez laɪˈbɪəriə ahoskatua), ofizialki Liberiako Errepublika (ingelesez: Republic of Liberia), Afrikako mendebaldeko estatua, Sierra Leona eta Boli Kostaren alboan. 1989-1996 eta 1999-2003 bitartean, bi gerra zibilek kalte handia egin zioten ekonomiari, eta milaka herritar deserriratu dira.

Mugak: iparraldean Ginea; ipar-mendebaldean, Sierra Leona; ekialdean Boli Kosta, eta mendebaldean eta hegoaldean, Ozeano Atlantikoa. Hiri nagusiak, Monroviaz gainera, Buchanan, Congo Town eta Yekepa dira.

Gizatalde nagusiak hauexek dira: afrikarrak, % 95 (haietatik, kpelleak, % 20; bakweak, % 25; bassak eta gereak, % 14). Erlijioak: bertakoak, % 40; kristauak, % 40; musulmanak, % 20.

Orografia eta klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liberiako mapa.

Herri zelaia da Liberia, eta halakoa da, itsasertza, laua eta luzea. Barnealdean, Gineako eta Boli Kostako estatuekiko mugan daude Liberiako bi gailur nagusiak, Nimba eta Simandou, 2.000 metrora iristen ez direnak.

Ibai asko dago, denak ibilgu laburrekoak, ipar-ekialde hego-mendebaldeko norabidea eta sorburua aipatutako mendietan dutenak (Mano, Loffa, St. Paul, St. John, Cess, Sangwin, Cavalla).

Klima ia tropikala da, eta euri asko egiten du apiriletik azarora (3.000-4.000 mm urtean, batez beste). Tenperatura beroa da, 26 °C urtarrilean eta 24,5 °C ekainean. Barnealdeko lautadak oihan ekuatorial trinkoak estaltzen ditu, eta iparraldeko mendialdeetan sabana da nagusi.

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liberiako biztanle gehienak bertako arraza beltzeko etnietako kideak dira, baina XIX. mendean bertara emigraturiko afroamerikarrek ere talde handia osatzen dute. Gerra zibilaren garaia arte, herri txikietan bizi ziren Liberiako biztanle gehienak, bizimodu tradizionalaren arauei jarraituz. Gerraren eraginez, emigrazio-olde handiak gertatu ziren, ordea.

Liberiako hizkuntza ofiziala ingelesa da, baina azpimarratzekoa da bertako biztanleen bostenak bakarrik erabiltzen duela; gainerako biztanleek bertako hizkuntzak erabiltzen dituzte.

Bizi-itxaropena 51 urtekoa da, batez beste, eta analfabetismoa oso handia (% 62 ingurukoa); gobernuak ahalegin handiak egin ditu hezkuntza-sistema berrantolatzeko, baina oraindik oso eskasak dira azpiegiturak. Biztanleriaren hazkunde-tasa % 4,5 da, munduko handiena, eta langabezia % 85 ingurukoa, hori ere munduko handienetakoa.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mutikoa kanabera biltzen, Liberian.

Nekazaritza da Liberiako ekonomia-jarduera nagusia, eta horretan dihardu biztanleen % 68k. Arroza, azukre-kanabera, palmondoak, bananak eta abar lantzen dituzte, baina beren beharrak asetzera bideratzen dute uzta. Liberiako ekonomia kanpotik inportatzen dituen lehengaien mende dago. Esportazioetan kautxua eta burdina dira gai nagusiak, eta gai horiei loturik dago ia erabat Liberiako industria apurra.

Lehenengo kautxu-landaketa 1904an antolatu zen, eta garrantzi handiko enpresek jardun dute han, harik eta 1983an Firestonek bertan behera utzi zituen arte Liberiako bere jarduera guztiak. Liberiak lurpeko beste aberastasun ugari ditu (burdina, urrea, diamanteak, bauxita, manganesoa, beruna, zinka, eztainua, kobrea) eta garrantzi handiko jarduera da haien ustiapena, atzerriko herriek eta, batez ere, Estatu Batuek eskainitako azpiegiturari esker egiten dena.

Aipagarria da merkataritzako itsasontzi gehien dituen munduko herrialdeetako bat dela, bertan eskaintzen diren abantaila fiskal eta arau onuragarriei esker. Liberiako gobernuak ahaleginak egin zituen herritarren heziketa eta trebakuntza sendotzeko, baina finantza-baliabideen erabilera okerrak, esportaziorako gaien prezio merkeak eta zor gero eta handiagoak krisi larria ekarri zuen, eta, krisi horren ondorioz, gerra zibila sortu zen. 1989-1997 bitarteko gerra zibilak erabat hondatu zuen Liberiako ekonomia, batez ere Monroviako eta inguruetako azpiegiturak. Liberian negozioak zituzten dirudun gehienek bertako kapitalak hartu eta ihes egin zuten gerra garaian. Batzuk itzuli egin ziren 1997an, baina ez guztiak. 1997an aukeratutako gobernuak arazo larriak izan zituen kanpo-zorrei aurre egiteko, besteak beste.

Azken bi mendeetan zehar, lotura estua izan du Liberiak Estatu Batuekin, eta egun ere, herrialde horrek Liberiari laguntza handiena ematen dio.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liberia errepublika bat da, eta gaur egun indarrean dagoen konstituzioa 1997an berridatzi zen azkenekoz. Dena dela, 1990eko gerra-egoerak errepublikaren erakundeak suntsitu eta antolaketa politikoa desegin zuen, eta gerratik demokraziarako trantsizioa gauzatzen ari dira liberiarrak. Estatu Batuen ereduaren arabera antolatuta dago, hiru adarretan, baina lehendakariak nagusitasun handiagoa du han baino; gainera, ez da federazioa, eta, bi alderdiko sistemaren ordez, alderdi anitzeko sistema ezarri dute.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Liberiako historia»

Liberia da Afrikako errepublika zaharrena. XVI. mendean ikertu zuten lurralde hura bidaiari portugaldarrek, eta handik aurrera esklabo beltzen salerosketarako lurra izan zen.

1821-1822 urteetan kolonia bat antolatu zuen bertan American Colonization Society izeneko elkarteak, Estatu Batuetan askatutako esklabo beltzak bertan bizitzeko. Hala sortu zen Liberia (baita Sierra Leona ere), eta 1847an estatu burujabe bihurtu zen, Estatu Batuetakoaren antzeko konstituzio batez, Monrovia hiriburu zuela.

1892an zehaztu ziren Liberiaren betiko mugak, baina Frantziako kolonia-inperioarekiko muga-arazoek beren horretan iraun zuten XX. mendearen hasiera arte. 1926an lur sail handiak (400.000 ha) saldu behar izan zizkion Liberiako estatuak Firestone konpainiari 5 milioi dolarren truke, hartutako kredituei aurre egin ahal izateko. 1931. urtean ikerketa zabal bati ekin zion Nazioarteko Ligak Liberiako esklabotasuna zertan zen argitzeko.

Bigarren Mundu Gerran, Estatu Batuek jarduera militarretarako erabili zuten Liberia, eta errepideak, Monroviako aireportua eta Monroviako portu handia atondu zituzten urte haietan. Gerra ondoren handitu eta gorpuztu zen Liberiako merkataritzako ontzidi handia. 1944-1971 urteetan William Tubmanek gidatu zuen Liberiako politika, diktadore baten moduan, eta bertako biztanle autoktonoak aintzat hartu gabe (50.000 afroamerikarrek osatzen dute Liberiako ekonomia eta politikako talde nagusia). 1971n W. Tolbert aukeratu zuten lehendakari, baina huts egin zuen liberalizazio-saioan. 1980an militarrek hartu zuten aginpidea, Samuel Kaneyon Doe buru zela, eta 1985ean gobernu zibil bat ezarri zuen Doek.

1989ko gerra zibila 1993. urtea arte luzatu zen. NPFL (Liberiako Fronte Abertzale Nazionala, Charles Ghankay Taylorren buruzagitzapean), ULIMO (Liberiako Demokraziaren Aldeko Askapen Mugimendu Batua) eta Doe diktadorearen heriotzaren ondoren ezarritako behin-behineko gobernuaren artean izan zen gerra, nagusiki, nahiz eta baziren beste zenbait talde ere. NPFL izan zen diktaduraren aurka altxatu zen lehen erakundea. 1990ean, bakea lortzeko ahaleginak egin ziren, Afrika Mendebaldeko Herrialdeen Ekonomia Erkidegoaren (ECOWAS) bitartekaritzarekin; behin-behineko gobernu bat osatu zen Charles Sawyer zuena buru, baina ULIMO (Liberiako Demokraziaren Aldeko Askapen Mugimendu Batua) erakundeak ez zuen ezagutzen behin-behineko gobernua, eta gobernuaren kontra matxinaturiko bi gerrillek administrazio alternatiboak antolatu zituzten. 1992. urtean Liberiako biztanleen laurdenak ihes egin zuen Liberiatik. Liberiako aginpidea eskuratzearren borrokan zihardutenen artean adiskidantza nazionalerako gobernu bat osatzeko hainbat ahalegin egin ondoren, 1993an sinatu zuten, azkenik, bake-hitzarmena, Nazio Batuek agindutako arma-blokeoarekin. Harrezkero, estatu-kontseilu bat osatu ahal izan zen hiru alderdietako kideen parte-hartzearekin. Kontseilu hark hartu zuen behin-behineko gobernuaren lekua. Gobernu berria aukeratzeko, 1996. urtea finkatu zen, baina berriro hasi ziren istiluak. NPFL eta ULIMOren artean hasi ziren istiluak, batetik, baina, bestetik, NPFLren barnean ere liskarrak izan ziren, eta bitan zatitu zen. Azkenerako baziren zazpi bat talde, eta guztiek guztien kontra ziharduten gerran. Egoera nahasi hura zela-eta, bertan behera gelditu zen bake-prozesua, eta are gehiago, gerra zibila piztu zen berriro hainbat eskualdetan, nahiz eta behin-behineko gobernuaren, NPFLren eta ULIMOren artean koalizioa mantendu zen. 1996an berriro sinatu zen hitzarmena, Abujan, Nigerian. Talde guztiek armak uztea eta hauteskunde orokorrak deitzea izan ziren hitzartutako erabaki nagusiak; ordurako 200.000 hildakotik gora eta ehunka mila iheslari eragin zituen gerrak.

1997ko hauteskundeetan, NPFL izan zen garaile, eta Charles Taylorrek lortu zuen Liberiako lehendakaritza. 1998an gerratik ihesi Afrikako hainbat herrialdetara alde egindako 800.000 liberiarrak itzultzeko neurriak hartu ziren, baina arazo larriak sortu ziren hasieran laguntza agindu zuten erakundeek ez zutelako diru aski. 2003an dimisioa eman zuen Taylorrek, 1999az geroko gerra zibilak behartuta eta Estatu Batuen presioak bultzatuta, eta behin-behineko gobernu batek hartu zuen agintea.

2005eko hauteskundeetan, Ellen Johnson-Sirleaf hautatu zuten lehendakari, Afrikako herrialde baten buru izatera iritsi den lehen emakumea.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Liberiaren banaketa administratiboa»
BomiBongGbarpoluGrand BassaGrand Cape MountGrand GedehGrand KruLofaMargibiMaryland (Liberia)MontserradoNimbaRiver CessRiver GeeSinoeLiberiako hamabost konderriak.
Irudi honen inguruan

Liberia 15 konderritan eta hainbat udalerritan banatzen da. Hona hemen konderrien zerrenda:

# Konderria Hiriburua Biztanleria (2008)[2] Azalera[2] Sorrera
1 Bomi Tubmanburg 82.036 .1,942 km2 (750 sq mi) 1984
2 Bong Gbarnga 328.919 8,772 km2 (3,387 sq mi) 1964
3 Gbarpolu Bopulu 83.758 9,689 km2 (3,741 sq mi) 2001
4 Grand Bassa Buchanan 224.839 7,936 km2 (3,064 sq mi) 1839
5 Grand Cape Mount Robertsport 129.055 5,162 km2 (1,993 sq mi) 1844
6 Grand Gedeh Zwedru 126.146 10,484 km2 (4,048 sq mi) 1964
7 Grand Kru Barclayville 57.106 3,895 km2 (1,504 sq mi) 1984
8 Lofa Voinjama 270.114 9,982 km2 (3,854 sq mi) 1964
9 Margibi Kakata 199,689 2,616 km2 (1,010 sq mi) 1985
10 Maryland Harper 136.404 2,297 km2 (887 sq mi) 1857
11 Montserrado Bensonville 1.144.806 1,909 km2 (737 sq mi) 1839
12 Nimba Sanniquellie 468.088 11,551 km2 (4,460 sq mi) 1964
13 River Cess Rivercess 65.862 5,594 km2 (2,160 sq mi) 1985
14 River Gee Fish Town 67.318 5,113 km2 (1,974 sq mi) 2000
15 Sinoe Greenville 104.932 10,137 km2 (3,914 sq mi) 1843

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]