Samoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Samoako Estatu Burujabea
Malo Sa'oloto Tuto'atasi o Sāmoa
Independent State of Samoa
Bandera Armarria
Goiburua: Fa'avae i le Atua Samoa
(“Samoa Jainkoarengan oinarritzen da”)
Ereserkia: The Banner of Freedom
Hiriburua
eta hiri handiena
Apia
Hizkuntza ofiziala(k) samoera, ingelesa
Herritarra samoar
Gobernua Errepublika parlamentarioa
 -  Estatuburua Va'aletoa Sualauvi II
 -  Lehen ministroa Tuilaepa Aiono Sailele Malielegaoi
Independentzia
 -  Zeelanda Berritik 1962ko urtarrilak 1 
Azalera
 -  Guztira 2,842 km2 (167.)
 -  Ura (%) 0,3
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2016[1]) 195.843
 -  Dentsitatea 68 bizt./km2
Dirua Tala (WST)
Ordu-eremua (UTC-11)
Aurrezenbakia 685
Internet domeinua ws

Samoa (samoeraz: Sāmoa),[2] ofizialki Samoako Estatu Burujabea (samoeraz: Malo Sa'oloto Tuto'atasi o Sāmoa; ingelesez: Independent State of Samoa),[2] Ozeaniako uharte-estatu burujabea da, Polinesiako Samoa uhartediko mendebaldeko uharteek osatua. 2.842 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2016an 195.843 biztanle zituen.[1]

1962. urtean lortu zuen independentzia; ordura arte, Zeelanda Berriaren kolonia zen. Samoarren ekonomiaren ardatza nekazaritza da, biztanleen bi herenek nekazaritzan egiten baitute lan. Biztanleriaren %20k, berriz, turismoan dihardu.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoa Ozeano Barean dago, Hego hemisferioan, Zeelanda Berritik 2.900 kilometro ipar-ekialdera. Samoa uhartediko mendebaldeko uharteak hartzen ditu: bi handi (Upolu eta Savai'i) eta zortzi txiki. Denak jatorri bolkanikokoak dira, baina sumendi aktibo bakarrak Savai'in daude: Matavanu (erupzioak 19051911 bitartean), Mata o le Afi (1902) eta Mauga Afi (1725). Mendirik garaiena Silisili da (1858 metro).

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima montzonikoa da, epela eta euritsua. Urteko batez besteko tenperatura 26,5 °C da, eta gorabehera gutxi ditu urtean zehar. Urtaro euritsuak azarotik apirilera arte irauten du. Urtean 7.600 milimetro inguruko prezipitazioa jasotzen da barnealdean, eta 2.540 milimetro iparraldeko eta mendebaldeko kostaldeetan. Noizbehinka, tifoiek kalte handiak eragiten dituzte.[3]


Datu klimatikoak (Apia)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 30.4 30.6 30.6 30.7 30.4 30.0 29.5 29.6 29.9 30.1 30.3 30.5 30.2
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 23.9 24.2 24.0 23.8 23.4 23.2 22.6 22.8 23.1 23.4 23.6 23.8 23.5
Pilatutako prezipitazioa (mm) 489.0 368.0 352.1 211.2 192.6 120.8 120.7 113.2 153.9 224.3 261.7 357.5 2965
Iturria: World Meteorological Organization (UN)[4]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dirudienez, K. a. IX. mendean Tongatik joandako polinesiarrak ziren Samoa uhartediko lehen biztanleak. 1722an, Jacob Roggeveen herbehereetar itsasgizona iritsi zen. 1830ean, Londresko Misiolari Elkarteko John Williams misiolaria kokatu zen lurraldean; hark kristau-erlijioa irakatsi zion Maletoa Vainu´upori, Samoa osoa konkistatu berria zuen buruzagiari, alegia; eta, handik gutxira, biztanle guztiak kristau egin ziren.

1850ean sortu zen atzerritarren lehen herria, Apia inguruan. Hurrengo urteetan, atzerritar gehiago iritsi ahala, Samoako uharteak Estatu Batuen, Alemaniaren eta Britainia Handiaren gutizia-gai bilakatu ziren. Liskar eta tirabira batzuen ondoren, 1899an, Alemaniaren eta Estatu Batuen artean banatu zituzten. Alemaniak mendebaldeko uharteak hartu zituen. 1908an, aldiz, burujabetasunaren aldeko higikunde bat sortu zen, Mau au Pule, Lauaki Namulau´ulu samoar buruzagiaren gidaritzapean. Alemaniar gobernariak gerraontziei deitu zien, eta Lauakik eta higikundeko beste buruzagi batzuek amore eman behar izan zuten. Ondoren, epaitu eta erbestera egotzi zituzten.

Mau higikundeko andreak, 1930 aldean.

Lehen Mundu Gerran, Zeelanda Berriko gudarosteak eragozpenik gabe hartu zituen uharteak. Samoarrek ondo hartu zituzten zeelandaberritarrak, baina 1918an, gripe-izurrite batek uharteetako biztanleen %20 baino gehiago hil zuenean, Zeelanda Berriaren utzikeriari egotzi zioten hondamendi hura. 1920an, Nazioen Ligak Zeelanda Berriaren agindupean utzi zituen uharteak. Uharteetako gobernaria matai buruzagien aginpidea murrizten saiatu zenean, Mau alderdi politikoa sortu zen, Olaf Frederick Nelsonen gidaritzapean. Zeelanda Berriko gobernuak legez kanpo ezarri zuen alderdia. 1935ean, Langileen Alderdiak Zeelanda Berriko gobernua lortu zuenean, Mau alderdia legearen barruan izatea onartu zen.

1947an, Nazio Batuen Erakundearen ardurapean geratu zen Samoa. 1962ko urtarrilaren lehenean, berriz, burujabetasuna lortu zuen. 1970az gero, Commonwealth erakundearen barruan dago eta, 1976tik aurrera, Nazio Batuetako kide da. Burujabetasuna eskuratu zuenean, bi errege-familiaren esku gelditu zen agintea, Tupua Tamasese Meaʻole eta Malietoa Tanumafili II.a. Lehena hil zenean, bigarrena izendatu zuten hil arteko errege. 1970ean, Tupua Tamasese Lealofi izendatu zuten lehen ministro, eta ordura arte nagusi izandako matai leinukoei aurre egiten hasi zen; ordura arte, leinuetako buruek ez zuten onartzen atzerriko enpresak Samoan finkatzea, baina Tupua Tamasese Lealofi atzerriko enpresei lehentasuna ematen hasi zen. 1976 eta 1979. urteetako hauteskundeetan, oposizioko burua, Tupuola Taisi Efi, izan zen garaile.

1982an, Giza Eskubideen Babesaren Alderdiak (HRPP) hartu zuen gobernua, baina alderdi haren burua urte berean kendu zuten gobernutik ustelkeriaz eta zegokiona baino eskumen gehiago hartzeaz akusatuta. Alderdi berak, ordea, erabateko gehiengoa lortu zuen 1985ean, eta 1988an, Tofilau Eti Alesana izendatu zuten lehen ministro. Haren agintaldian egoera ekonomikoak ez zuen hobera egin, eta herria kontrolatzeko harturiko neurrien eraginez babes handia galdu zuen hautesleen aldetik; 1996ko hauteskundeetan ikusi ahal izan zenez. Dena dela, karguan jarraitu zuen, talde independenteekin elkarturik. 1997an ekonomia apur bat hobetu zen, baina hurrengo urtean, Japoniaren eta Malaysiaren krisien eraginez (haiek baitira Samoaren bezero nagusiak), atzerriko kapitala jaitsi egin zen, eta langabeziak gora egin zuen. 1999an, Tofilau Eti Alesana lehen ministroak bertan behera utzi zuen kargua, osasun-arazoak zirela-eta, eta legebiltzarrak Tuilaepa Sailele Malielegaoi izendatu zuen gobernuburu, erregearen oniritziaz; 2001eko eta 2006ko hauteskundeak ere berak irabazi zituen.

Malietoa Tanumafili II.a 2007ko maiatzaren 12an hil zen 94 urterekin. Parlamentuak Tupuola Tufuga Efi izendatu zuen estatuburu bost urterako. Hala, Samoa erresuma izatetik errepublika izatera pasatu zen. 2012an berriz hautatua izan ostean, Va'aletoa Sualauvi II.ak ordeztu zuen 2017an,

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gobernu eraikinak Apian.

Samoa demokrazia parlamentarioa da. 1990eko konstituzioaren arabera, o le Ao o le Malo da estatuburua, eta bera da, lehen ministroarekin batera, aginpide betearazlearen arduraduna. Legebiltzarrak (Fono) izendatzen du estatuburua, errepubliketako lehendakariarekin gertatu ohi den bezala. Estatuburuak lehen ministroa aukeratzen du, legebiltzarraren oniritziarekin. Lehen ministroa da gobernuburua, eta ministro-kontseiluaren laguntzaz agintzen du.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurralde-antolaketari dagokionez, 11 administrazio-barruti (itūmālō) ditu.

Political Districts of Samoa
Barrutia Hiriburua Eremua
(km²)
Biztanleria
(2016ko errolda)[5]
Upolu (uharte txikiak barne)
1 Tuamasaga Afega 479 90,787
2 A'ana Leulumoega 193 23,444
3 Aiga-i-le-Tai1 Mulifanua 27 4,939
4 Atua2 Lufilufi 413 22,694
5 Va'a-o-Fonoti Samamea 38 1,636
Savai'i
6 Fa'asaleleaga Safotulafai 266 13,403
7 Gaga'emauga Saleaula 223 7,844
8 Gaga'ifomauga Aopo 365 4,899
9 Vaisigano Asau 178 6,573
10 Satupa'itea Satupa'itea 127 5,467
11 Palauli Vailoa 523 9,317
  Samoa Apia 2,831 192,126
1) Manono, Apolima eta Nu'ulopa uharteak barne
2) Aleipata eta Nu'usafe'e uharteak barne

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoar familia.

2016an 195.843 biztanle zituen.[1] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %31,3 dira, 15-24 urte bitartekoak %19,8, 25-54 urte bitartekoak %36,3, 55-64 urte bitartekoak %6,8 eta 65 urtetik gorakoak %5,7. Bizi itxaropena 74 urtekoa da; 71,1 urtekoa gizonezkoena eta 77 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak). 2,7 haur emakumeko da ugalkortasun-tasa osoa.[6] Samoako lurraldea osatzen duten sei uharteetatik lautan bakarrik bizi da jendea: Savai'i eta Upolu (azken horretan bizi da biztanleen %60 inguru), dira handienak; Apolima eta Manono txikiagoak dira. Gehienak kostaldean bizi dira, 500 biztanlez beherako herrietan. Historian zehar garrantzi handiko zeregina bete dute lanera atzerrira, batez ere Estatu Batuetara eta Zeelanda Berrira, joandako samoarrek, uharteetara bidaltzen duten dirua laguntza handikoa gertatu delako.

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoako biztanle gehienak (%97,4) polinesiarrak dira jatorriz eta, Zeelanda Berriaren ondoren, bertan bizi da polinesiar jatorriko talderik handiena.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoako jatorrizko hizkuntza, samoera, Polinesiako hizkuntza zaharrena da. Ingelesa ere ofiziala da.[6]

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanle gehienak kristauak dira: %52,6 protestanteak, %18,8 katolikoak, %16,9 mormoiak eta %9,1 beste kristau elizetako jarraitzaileak.[6]

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apia da Samoako hiriburu eta hiri nagusia (35.744 biztanle 2016an); Vaitelek 7.972 biztanle zituen 2016an, Faleasiuk 4.177, eta Le'auva'ak 3.274.[7]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taroa, Samoako uzta tradizionala.

Samoako ekonomiaren ardatzak, tradizioz, garapenerako laguntzak, atzerrira itsasoz haraindiko lurraldeetara emigraturiko familiek igorritako dirua eta nekazaritzako gaien esportazioa izan dira; atzerritik iristen zaion laguntzak betetzen du Barne Produktu Gordinaren erdia inguru. Nekazaritzan dihardute langileen %65ek, eta esportazioen %90 hartzen dute nekazaritzako gaiek, batez ere koko olioak eta kremak, kakaoak eta koprak; ñamea, ogi-arbola eta papaia lantzen dira bertako beharretarako. Baina hondamen natural gogorrek eraso ohi dute herrialdea, batez ere tifoiek eta landareen eritasunek, eta haien mende dago, hein handi batean, bertako nekazaritzaren ekoizpena. Industria ez da oso ugaria, eta dagoen apurra nekazaritzari eta automobilgintzari lotua dago, batez ere. Azken urteotan turismoa indarra hartzen ari da; 2013. urtean, esaterako, 132.000 turistatik gora hartu zituen herrialdeak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Population & Demography Indicator Summary, Samoa Bureau of Statistics, sbs.gov.ws
  2. a b   Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak .
  3.   Samoa britannica.com . Noiz kontsultatua: 2018-7-15 .
  4. World Weather Information Service – Apia, World Meteorological Organization.
  5. Census 2016 Preliminary Count Report, Samoa Bureau of Statistics.
  6. a b c   The World Factbook: Samoa cia.gov . Noiz kontsultatua: 2018-7-16 .
  7.   Samoa citypopulation.de . Noiz kontsultatua: 2018-7-16 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Samoa Aldatu lotura Wikidatan