Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da

Zerga

Wikipedia, Entziklopedia askea

Zerga-biltzailea, Pieter Brueghel gaztearen lana.

Zerga sistema fiskalean, zergapekoari egokitzen zaizkion tributu eta kargak dira[1], herritarrek derrigorrez ordaindu beharko dituzten kuantia edo zenbatekoak. Gastu publikoei erantzuteko. Zuzenekoak edo zeharkakoak izaten dira. Zuzeneko zergak aurretik zerrenda normatiboetan izendatuak izan direnek ordaintzen dituzte, ondasunezko edo errentazko eskuarteak dituztelako eta prezioetan bertan jasanarazteko egokierarik ez delako. Horrelakoak dira ondarekoak, errentakoak, oinordetzakoak, eta abar. Zeharkako zergak, berriz, zergapekoa identifikatu beharrik gabe ordaintzen dira, produktu bat erostean edo zerbitzu bat ordaintzean, besterik gabe Balio Erantsiaren gaineko Zerga edo BEZa, aduanako eskubideak... eta gero kontsumitzaileei jasanarazten zaizkie. Hartara, merkatariek eta fabrikatzaileek, de facto, estatuaren konturako zerga-kobratzaile moduan jarduten dute.

Era askotako zergak daude: sozietateen gaineko zerga, enpresen mozkinak kargatzen dituena; oinordetzen eta donazioen gaineko zerga, heriotzagatiko edo jaraunspenezko oinordetzagatiko donazioak eta inter vivos donazioak kargatzen dituena; ondarearen gaineko zerga, pertsona fisiko baten ondasunen multzoa kargatzen duena landa-lurreko eta hiri-lurreko finkak, balore mobiliarioak, eta abar. Ezagunena eta nozituena Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga da, PFEZ, langile guztiei nominatik kentzen dietelako. Beraz, soldatapeko nominadunen errentak zergapetzen ditu. Historikoki, XVI. mendean, itsas zergak otura izendapenaz aipatzen dira Gipuzkoan.

Helburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Helburu fiskalak: Zeharkako modu batez behar publikoaren beharrak asetzen dituen zergaren erabilera da. Hots, zergak bildu eta bilketan lortutakoarekin (dirua) zerbitzu publiko ezberdinen gastuak finantzatzeko erabiltzen da.
  • Helburu ez fiskalak: Zuzeneko moduan, behar publiko edo interes publikoaren beharrak asetzen dituen zergaren erabilera da. Adibidez tabakoari ezarritako edo alkoholari ezarritako zergak.
  • Helburu mistoak: Aurreko bi definizioen baterako helburua da.

Zergaren elementuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Zerga ordainketa, Jaumontko kareharria, II - III . Mendea, Metz, Musée de la Cour d'Or-en gordetakoa.
    Zerga-egitatea: tributua ordaintzeko obligazioa sortzen duen eta legearekin bat datorren egoera eta egintzak. Ondasun baten salmentak, errenta bat izateak, eskubide ekonomikoen titularra izateak, ondasunen jabetzak, oinordetzagatiko eskubide edo donazioak.
  • Zorduna: zorra itzuli behar duena, legez tributua ordaintzera behartuta dagoen persona fisiko zein juridikoa. Zergaduna eta Zergadunaren ordezko arduradun legala bereizten dira, hau da, lehenengoa legeak ezarritako karga tributariora lotuta dago eta bigarrena aldiz obligazioaren betebehar formal eta materialetara lotuta dago.
  • Hartzekoduna: zerga bilketaren ondorioz onuradun bilakatzen den erakunde administratiboa da eta honen ondorioz, bere aurrekontuetan zergarekin lorturiko tributua barneratuko duena.
  • Zerga-oinarria: zerga-ekitaldiaren kuantifikazioa eta balorazioa da eta zergaren betebeharra zehazten du. Diru kantitate bat da, baina beste seinale batzuk ere izan daitezke, adibidez, etxe batean bizi diren pertsona kopurua, gasolina litroak, alkohol litroak edo zigarro kopurua.
  • Zerga-tasa: grabamena kalkulatzeko xedearekin oinarri zergagarriarekiko aplikatzen den proportzioa da. Proportzio hau finkoa edo aldakorra izan daiteke.
  • Zerga-kuota: grabamenak azaltzen duen kantitatete finkoa edo zerga-tasa edo oinarri zergagarriaren arteko biderkaketa.
  • Zerga-zorra: kenkarien murrizketekin eta igo daitezken errekarguekin lortzen den azken emaitza da. Azken emaitza hau ezarritako arau eta prozeduren bitartez ordaindua izan behar zaio hartzekodunari.

Zergaren oinarrizko hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ogasun Publikoaren oinarrizko kezketako bat sistema inposatzaile honen irizpide eta printzipioak finkatzea izan da, honela sistema optimo gisa kalifikatua izateko.

  • Zuzentasun printzipioa: nazio bateko biztanleriak berauen ahalmen eta gaitasun ekonomikoen proportzioan, gobernuaren mantenuan lagundu behar dute. Biztanleen ekarpenek, inposatutako ordainketekiko zuzentasuna edo zuzentasun falta islatuko dutelarik.
  • Segurtasun printzipioa: zerga guztiak finkoak izan behar dira funtsezko elementuei dagokienez (objektua, salbuespenak, tariak, ordainketa epeak, arau-hausteak eta zigorrak), autoritatearen egintza arbitrariaok sahiesteko.
  • Erosotasun printzipioa: zerga guztiak ordaindu behar dira garai eta modu zehatzetan, hau dela eta, sistemak zergadunari ongien datorkion garaiak ahalbidetzen dizkio zerga guztiak jaso ahal izateko.
  • Printzipio ekonomikoa: zergaren zenbatekoa edo kuantia ahalik eta handiena izan behar da baina zergadunarentzat larria izan gabe.

Zerga motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zerga tasa eta tasa inpositiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005eko OECD herrialdeetako zerga-kopuru maximoak eta minimoak.

Zergak, oro har, portzentaietan kalkulatzen dira, balore partikular batekiko, oinarri zergagarria, zerga-tasa edo alikuota bezala izendatuz honela sailkatzen dira:

  • Zerga proportzionalak edo lauak: Errenta eta aberastasuna handiagotzen diren heinean, zerga ez da aldatzen. Sozietatearen gaineko zerga daukagu adibide gisa.
  • Zerga progresibo: Errenta eta aberastasuna handiagotzen diren heinean zergaren ehunekoa ere handiagotu egiten da. Adibidez: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, Aberastasuna eta Fortuna Handien Zerga…
  • Zerga erregresibo: Errenta eta aberastasuna handiagotzen diren heinean zergaren ehunekoa gutxitzen da. Zuzeneko zergak gutxitzen badira, zeharkako zergak handiagotzen dira, inflazioa handituz.

Zerga progresiboak errenta txikiagoa duten pertsonen zama murrizten dute, beraien diru-sarreren ehuneko txikiagoa ordaintzen baitute. Hau zerbait ona bezala ikusi daiteke edo arrazoi pragmatikoengatik egin daiteke, izan ere, negozio txikiagoko erregistro eta zailtasun maila baxuagoa behar duelako. Batzuetan zerga, zerga progresibo edo zerga erregresibo gisa sailkatzen da errenta baxuagoko pertsonen efektua onuragarriagoa edo desegokiagoa izan dezaten. Baina termino honen erabilera informalak ez du onartzen gehikorraren edo gutxikorraren definizio argirik.

Zerga progresibo edo erregresiboen inguruko eztabaida “ondare garbiaren” zerga-printzipioari lotzen zaio, eta “gaitasun fiskala” edo kontribuzioaren printzipioa aipatzen du. Zerga progresibo edo erregresiboen inguruko eztabaida "ekitate" zerga-printzipioari lotzen zaio, eta "gaitasun fiskala" edo kontribuzioaren printzipioa aipatzen du. Horrela, zergaren ekitate horizontal eta bertikalaren kontzeptua sortzen da. Ekitate horizontalak, errenta berdina, kontsumo edo ondare berdina dutenek, Ogasunari neurri berean erantzun beharko diotela dio. Ekitate bertikalak dio, errenta, kontsumo edo ondare altuagoarekin, “ahalegin berdintasuna” lortzeko ekarpena ere handiagoa izan beharko litzatekeela dio. Azken kontzeptu honi begira, "erregresiboaren" terminoaren erabilera orokortu egin da gutxiago dutenen zergak ordaintzeko ahalegin handiagoarekin. Hau da, BEZaren kasuan, alikuota zerga laua izanez, lehen mailako beharrezkotzat jotzen diren produktuetan jasan beharreko zerga-ahalegina handiagoa da errenta maila baxuagoko biztanleriaren gain.

Zuzeneko eta zeharkako zergak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Nazioen Aberastasuna" liburuaren azala, Adam Smith, 1776.

[2]

  • Zuzeneko zerga: pertsona edo enpresak zuzenean zergapetzen dituzten zergak dira, etekina lortu dutelako edota bere jabetzako ondasun bat erabiltzeagatik. Beraz, zergapeko pertsonaren edo pertsonaren ekonomia ahalmena aintzat hartzen dute.
  1. Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga (PFEZ): urte naturalean lurralde batean (adib: Gipuzkoan) egoitza duten pertsonek lorturiko errenta kargatzen du. Zergadunaren egoera pertsonalak eta egoera familiarrak kontuan izaten dira zerga hau aplikatzerakoan, honela, berdintasun, orokortasun eta progresibitatearen printzipioak jarraituz.
  2. Sozietateen gaineko Zerga (SZ): subjektu pasiboek errentatik lorturiko mozkina kargatzen du. Merkataritza-sozietateek lortu dituzten etekinen araberako zorra da.
  3. Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ): ondasun higiezin landatar eta hiritarren balio katastrala zergapetzen du.
  4. Oinordetza edo Dohaintzen gaineko Zerga (ODZ): Herentzia edo Dohaintzaren bidez edozein oinordetza tituluz ondasunak eta eskubideak eskuratzean, baita Bizitza aseguruen kontratuen bidez jasotakoaren zenbatekoa beti ere, asegurua kontratatu duena eta onuraduna persona ezberdinak balira.
  5. Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga (AFHZ): pertsona fisikoaren titularitzapean dituen ondasun eta eskubide ekonomiko guztiek osatzen dute, pertsona fisikoaren zama, karga, zor eta obligazioek gutxitzen dutelarik.
  • Zeharkako zerga: kontsumoaren gaineko zergak dira, hau da, ahalmen ekonomikoaren isla dira. Zergadunaren errentan zuzenean eragiten ez duen arren, produktu edo salgaien kostuan eragiten du.
  1. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ): kontsumoaren gaineko zeharkako zerga da, ondasuna erosi edo zerbitzu profesionalak jasotzeagatik kontsumitzaileek jasan beharreko zerga.
  2. Ondare Eskualdaketak eta Egintza Juridikoen gaineko Zerga (OEZ/EJDZ): Bigarren eskuko etxebizitza edo ibilgailua erosteagatiko zerga da, zerga hau salerosketaren balioari aplikatzen zaio. Hau dela eta, bigarren eskuko salerosketetan ez da Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) aplikatzen.
  3. Zerga Bereziak (alkoholaren, tabakoaren eta hidrokarburoen gainean, esaterako): zerga bereziak kontsumo jakin batzuei aplikatzen zaizkien zeharkako tributuak dira.

Zerga objektibo eta Zerga subjektiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Zerga objektiboa: ez du kontuan izaten zerga hauek ordaindu behar dituen pertsona fisikoaren baldintza pertsonalak. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan adibidez, pertsonaren egoera kontuan izaten da, elbarria den, zenbat seme dituen… eta baldintza edo egoera hauen arabera kalkulatzen da kuota.
  • Zerga subjektiboa: kontuan hartzen ditu zerga hauek ordaindu behar dituen pertsona fisikoaren baldintza pertsonalak. Garagardoaren zergan adibidez, ekoiztutako kantitatearen funtzioan ezartzen da, pertsona fisikoen egoerak kontuan izan gabe.[3]

Zerga erreal eta zerga pertsonalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zerga errealek persona jakin batekin lotu gabe, gaitasun ekonomikoaren adierazpenak zergapetzen dituzte. Zerga pertsonalak bihurtzen dira aldiz, persona jakin batekin zuzenean erlazionaturik, gaitasun ekonomikoaren adierzpenak zergapetzen dituztenean.

Adibidez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergak izaera erreala du soldatak, enpresarien mozkinak, alokairuak edo lortutako interesak zergapetzen dituenean. Aldiz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergak izaera pertsonala izango du zuzenean persona jakin baten errentaren gain eragiten duenean. Ohiko izaera pertsonala duten zergak dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergak, Sozietateen gaineko Zergak eta Aberastasunaren gaineko Zergak. Hala eta guztiz ere, zerga hauek ez dute beti izaera hau, egoiliarrak (bertakoak) ez diren pertsonen errentaren gaineko zergak izaera errealeko zergak dira. Ez egoiliarrek, zerga horren deklarazioa aurkeztu beharko dute herrialdean lortzen dituzten errenta bakoitzeko.[4]

Berehalako Zergak eta Aldizkako Zergak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berehalako zergetan, zerga egitatea noizbehinkako denbora jakin batean egiten da, esate baterako, ondasun bat erostean edo beste pertsona baten dohaintza jasotzean. Aldizkako zergen kasuan, zerga egitatea luzaro mantenduko da denboran zehar, kasu horietan, legegileak iraunpen luzeko zergen eperak denboran zehar banatzen ditu. Errentaren gaineko zergaren zergapetzea etengabeko fenomenoa da, baina legeak urtero zergapetzen du.[5]

Zerga sailkapena (ELGA)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) Zerga sailkapena:[6]

  1. Errenta, irabazi eta kapital irabazi indibidualen gaineko zergak.
  2. Sozietateen gaineko, irabazi eta kapital irabaziaren gaineko zorrak.
  3. Beste batzuk
  1. Langileak
  2. Enpresariak
  3. Autonomo eta  langileak
  4. Zergak
  • Eskulan eta langileen nominen gaineko zergak
  • Jabetzaren gaineko zorrak
  1. Higiezinen jabetzaren gaineko aldizkako zorra
  2. Aberastasun garbiaren gaineko aldizkako zorra
  3. Herentzia, suzesio eta dohaintzen zergak
  4. Finantza eta kapitalaren transakzioen zergak
  5. Zerga ez periodikoak
  1. Ekoizpen,salmenta, transferentzia, alokatze eta ondasun eta zerbitzuen eskaintzen gaineko zergak.
  2. Ondasun eta zerbitzu espezifikoen gaineko zergak
  3. Ondasun espezifikoekin lotutako jardueretan erabilera edo garapena erabiltzearen edo baimenerako zergak (lizentziak).
  • Beste zerga batzuk
  1. Esklusiboki negozioek ordaunduak
  2. Beste batzuk

Existitzen diren zerga ereduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. CC-BY-SA http://www.argia.com/argia-astekaria/1948/zer-da-zergak Argia, 2014-06-13
  2. «Zergak - EkonomiaEtaZergak» ekonomiaetazergak.gipuzkoa.eus Noiz kontsultatua: 2019-03-01.
  3. Juan., Ferreiro Lapatza, José. (2006). Curso de derecho financiero español : instituciones. (25a ed. argitaraldia) Marcial Pons ISBN 8497683447. PMC 180756100. Noiz kontsultatua: 2019-03-01.
  4. [http://www.bizkaia.eus/Ogasuna/Zerga_Arautegia/Indarreko_arautegia/pdf/eu_12_2013.pdf?hash=9907044d3dde0a6b1c42b18e07c05b6d&idioma=EU «12/2013 FORU ARAUA, abenduaren 5ekoa, Ezegoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzkoa (BAO Abenduaren 13koa)»] (Adobe Acrobat Document) BAO Noiz kontsultatua: 2019/03/04.
  5. Juan., Ferreiro Lapatza, José. (2006). Curso de derecho financiero español : instituciones. (25a ed. argitaraldia) Marcial Pons ISBN 8497683447. PMC 180756100. Noiz kontsultatua: 2019-03-04.
  6. (Gaztelaniaz) «Tipos de impuestos» Enciclopedia Financiera Noiz kontsultatua: 2019-03-01.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]