Hasiera » Zehaztu gabe » Abian dira udalerri euskaldunetako gazteen topaketak

Abian dira udalerri euskaldunetako gazteen topaketak

Udalerri euskaldunetako gazteen topaketetan parte hartuko duten lagunak, gaur goizean, Usurbilen, Oiartzunerako bidea hartu aurretik.

Usurbilen elkartu dira lau egunez UEMAk antolatutako topaketetan parte hartuko duten 60 gazteak, begiraleekin eta UEMAko hezkuntza arduradunekin. Harria hitz ibilbide gidatua egin dute Usurbilen, euskal kulturaren eta hizkuntzaren garrantziaz hausnartzeko. Horrelako bisita eta ekimenekin gazteen ahalduntzean eta kontzientziazioan eragin nahi da, horrek gero hizkuntza ohituretan ere eragina izango duelakoan. Usurbilgo plazan, gazteekin batera izan da bertako alkate Agurtzane Solabarrieta ere. Indarrak berritu eta apur bat freskatu ondoren, Oiartzunerako bidea hartu dute gazteek.

Oiartzunen, boluntario lanetan aritu diren hainbat gaztek egingo diete harrera. Izan ere, bertako Euskara Zerbitzuak herriko gazteen artean berariaz landu du harrera nola egin gazte topaketetako partaideei. Horretarako bilera egin dute egunotan Oiartzungo Udalak eta UEMAk herriko gazteekin (irudian). Zehazki, Haurtzaro Ikastola eta Elizalde Herri Eskolako euskara taldeetako (Eskuttun eta Tirikitauki hurrenez hurren) ikasleekin batera antolatu du Oiartzungo Udalak harrera.

Udalekuen izaera eta nondik norakoa

Azken urteotan, UEMAren ildo estrategikoetako bat da udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea eta ahalduntzea, euskararen arnasguneen garrantziaz ohar daitezen, hizkunta ohituretan euskararen aldeko hautua egiteko. Ildo horren baitan, arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abiarazi zuen UEMAk duela hiru urte, soziolinguistika edukiak modu integralean eskoletan txertatu nahian, gazteak kontzientziatzeko eta ahalduntzeko

Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian, gazte topaketak eta udalekuak ere antolatu ditu azken urteotan UEMAk, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren laguntzarekin. Aurten, ekainaren 26tik 30era izango da ekimena. Udalerri euskaldunetako 60 gazte inguruk eman dute izena, ea asteazkenetik aurrera, Usurbildik Arantzarako bidea egingo dute, UEMAren hezkuntza arduradunarekin eta arduradun izango dituzten beste bost begiralerekin batera.

UEMAko hezkuntza arduradun Jokin Urangaren hitzetan, “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da udaleku hauekin”.

Gazteen artean euskararen ezagutzak gora egin arren erabileran eta kontzientziazioan eragitea oraindik ere ezinbestekoa dela iritzita, hainbat udalek ere berariaz lagundu dute ekimen hau, herriko elkarteen eta eskolen artean ekimenari buruzko informazioa zabalduz. Usurbilgo, Oiartzungo, Berako eta Arantzako udalek, berriz, herriaren baliabideak ere jarri dituzte topaketak eduki eta azpiegitura aldetik laguntzeko.



EGITARAUA

· Ekainak 26, asteazkena: Usurbil-Oiartzun. Harria Hitz ibilbidea, Usurbilen. Oiartzunen, zirkoa, igerilekua eta kantu afaria.
· Ekainak 27, osteguna: Oiartzun-Bera. Beran, bertso bazkaria,
triki-martxa eta Izaki Gardenak taldearen kontzertua (Berako plazan, 20:30ean).
· Ekainak 28, ostirala: Bera-Arantza.
· Ekainak 29, larunbata: Arantza. Ur jolasak, gaubela, herri kirolak,
eta arnasguneen tailerrak.
· Ekainak 30, igandea: Arantza.

ARGAZKI BILDUMA: gazte topaketen hasiera, Usurbilen.



Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Asteazkenean hasiko da udaleku denboraldia, udaleku euskaldunetako gazteen topaketarekin (uema.eus, 2019-06-24).
· Usurbildik Arantzara oinez abiatu dira, UEMA-ren Salto! udaleku ibiltariko partaideak (noaua.eus, 2019-06-26).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.