Banana
Banana Musa generoko landare-espezie batek ekoizten duen fruitua da. Jatorriz landare hau Asia Hegoekialdekoa eta Australiakoa da, baina egun tropiko osoan landatzen da.
Bananondoak Musaceae familiako landareak dira. Nahiz eta lehen begiradan zuhaitzak direla iruditu, bananondoak hosto iraunkorreko landare belarkarak dira. Ez daukate benetako zurtoinik; horren ordez, hosto gogorrez eratutako sasizurtoina eratzen dute, zenbait espezietan 2 eta 8 metro artekoa izan daitekeena. Hosto handiak dauzkate, 3,5 metrora artekoak. Sasizurtoin bakoitzak banana hori, berde edo gorrien sorta bat ekoizten du, ondoren hil egiten da eta sasizurtoin berri bati leku egiten dio.
Bananak mordo esekietan hazten dira. Mordo bakoitzak hiruzpalau sorta eta sorta bakoitzak 20 ale eduki ditzake. Fruituak 125 g inguru pisatzen ditu (%75 ura da). Ale bakoitzak kanpo-geruza babesgarria (azala) dauka eta barrua haragi jangarriz osatuta dago. Gordinik edo sukaldean prestatuta jan daiteke; mendebaldeko kulturetan barrua gordinik jan eta azala bota egiten da, eta Asia ekialdeko kulturetan barrua eta azala, biak egosita edo erreta, jaten dituzte. Bananak B6 bitamina eta potasioa eskuratzeko iturri baliotsua dira.
Bananondoa 107 herrialdetan laboratzen da[1]. Banana mota guztietatik, Hego Euskal Herrian batzuetan Kanarietan lanzen den aldaera beste guztietatik bereizten da (gaztelaniaz, "plátano"), baina izatez fruitu bera da. Munduko beste leku batzuetan bi mota bereizten dituzte: banana azkenburuko gisa gordinik jaten den fruitu gozoa da, eta platanoa zurrunagoaden, almidoi gehiago duen eta gehienetan egosirik jaten den fruitua da.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Banana |
- ↑ (Ingelesez) FAO. Bananas Commodity notes: Final results of the 2003 season, 2004
Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |