Oman

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Omango Sultanerria
سلطنة عُمان
Salṭanat ʻUmān'
Bandera Armarria
Ereserkia: نشيد السلام السلطاني
"as-Salām as-Sultānī"
"Agurra sultanari"
Hiriburua
eta hiri handiena
Maskat
Hizkuntza ofiziala(k) Arabiera
Herritarra omandar[1]
Gobernua Monarkia absolutua
 -  Sultana Qaboos bin Said Al Said
Independentzia
Azalera
 -  Guztira 309,500 km2 (70.)
 -  Ura (%) arbuiagarria
Biztanleria
 -  2016 zenbatespena 4.441.448 (135.)
 -  Dentsitatea 13 bizt./km2 (216.)
Dirua Rial (OMR)
Ordu-eremua (UTC+4)
Aurrezenbakia 968
Internet domeinua om

Oman[1] (arabieraz: عمان‎, ʻUmān, ˈuːmaːn) ahoskatua, ofizialki Omango Sultanerria (arabieraz: سلطنة عُمان‎, Salṭanat ʻUmān) Ekialde Hurbileko estatu bat da, Arabiar penintsularen ekialdean kokatua, Indiako ozeanoaren kostaldean. Mugakide ditu Arabiar Emirerri Batuak ipar-mendebaldean, Saudi Arabia mendebaldean eta Yemen hegoaldean.

Hiriburua Maskat da.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oman

Oman Arabiar penintsularen hego-ekialdeko muturrean dago eta mugakide ditu Omango itsasoa hego eta hego-ekialdean, Omango Golkoa ipar-ekialdean, Arabiar Emirerri Batuak iparraldean, Saudi Arabia mendebaldean eta Yemen hego-mendebaldean.

Estatuaren erdialdearen gehiengoak basamortu ordoki zabal batek hartzen du, eta ipar eta hego-ekialdeko kostaldean mendikate garaiak aurkitzen dira (Jebel ash-Shams, 3.009 m). Kostaldean daude hiri nagusiak: Maskat hiriburua, Matrah eta Sur iparraldean eta Salalah hegoaldean. Barnealdeko hiri nagusia Nizwa da, sultanerriko antzinako hiriburua.

Omango klima beroa eta lehorra da barnealdean, baina hezea kostaldean. Mendietan, oasi ugarik lurpeko urez hornitzen dira, terrazetan antolatutako landaketak ureztatzeko.

Musandam penintsula, Ormuzko itsasartearen sarreran estrategikoki kokatua, esklabe bat da, Arabiar Emirerri Batuek banatua. Beste esklabe bat Arabiar Emirerri Batuetan Madha hiria da. Masirah uharteak BBCren estazio igorle bat du eta estatubatuar 7. ontzidiaren base gisa erabiltzen da.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Omango klima basamortukoa da, beroa eta idorra. Kostaldeko eta mendialdeko klima, ostera, samurragoa da, hezeagoa. Kostaldean 36 °C eta gehiagoko beroa izaten da udan, eta neguan, berriz, 17 °C ingurukoa da tenperaturarik hotzena. Urtean 100 mm euri izaten da. Iparraldeko itsasbazterrean datilondo sailak landatu dira. Mendialdean eta basamortuan oasiak dira han-hemenka.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia. 1508an portugaldarrak Maskat hartu eta kostaldean finkatu ziren, baina Omango Yaariba dinastiak Maskat askatu (1650) eta portugaldarrak Persiako eta Afrikako ekialdeko kostaldetik egotzi zituen, Zanzibar eta portugaldarrei hartutako lurraldeak hartzen zituen inperio zabal bat eratuz. XVIII. mendean gerra zibilak izan ziren, eta Persiak, egoera horretaz baliatuz, lurraldea hartu zuen. 1744. urte inguruan, Ahmad ibn Said, Suharreko gobernariak persiarrak egotzi zituen eta, hala, iman izendatu zuten. Harrezkero, Omango aginpidea Said dinastiaren eskuetan izan da, eta sultanak dira agintariak. Garai batean Omango sultanerriaren hiriburua Zanzibarren izan zen. Geroago Omango inperioa bi semeren artean banatu zen: bati Zanzibar eta besteari Oman egokitu zitzaien. XIX. mendetik aurrera Omango politika eta ekonomia Britainia Handiaren eraginpean egon zen. Halaber, liskarrak izan ziren Omango leinuen eta aginpidean zegoen dinastiaren artean, leinuak agintaritza, sultanari ordez, imanari zegokiolakoan baitzeuden. 1951n, Britainia Handiaren eta Omanen arteko adiskidetasun hitzarmen baten bidez, sultanerriaren askatasun osoa onartu zen. 1964an Zufar eskualdearen askatasuna aldarrikatzen zuten leinuak, Yemenen laguntzaz, Omanen Askapenerako Frontea gerrilla sortu eta burujabetasunaren alde borrokatu ziren.

Said ben Taimur sultana bere seme Qabus Bin Saidek kendu zuen kargutik estatu kolpe batean 1970ean. Gaur egun Qabus ibn Said dago oraindik agintean, baina urte hauetan gero eta gehiago aldenduz joan da aitaren politika tradizionalistatik; horrela, berrikuntza asko egin ditu bai politikan eta bai ekonomian. Demokrazia finkatzeko urrats batzuk egin ditu, adibidez Aholkularitza Biltzarra sortu zuen 1981ean eta Aholkularitza Kontseiluak hartu zuen haren lekua 1991n (emakumeak onartzen dira kontseilu horretan 1995az gero); ekonomian herrialdea modernizatzeko ahaleginak egin ditu, atzerriko inbertsioak erakarriz eta, azken urteotan, atzerriko dibisen sarrerari ezartzen zitzaizkion hainbat oztopo desagerraraziz; berak eman dio Omani lehenengo konstituzioa edo oinarrizko legedia 1996an, etab. Qabus ibn Saidek, Yemengo Herri Errepublikaren laguntzaz, Zufarren askatasuna aldarrikatzen zuen Omango Askapenerako Fronteari aurre egin behar izan zion bere agintaldiaren lehen urteetan, 1970-1979 urte bitartean batez ere. Irango gudarostearen laguntza eskatu zuen gerrilla deuseztatzeko, eta 1982an Yemenek eta Omanek elkar ezagutu zutelarik egoera bere onera etorri zen. 1980an, Sobietar Batasuna bere eragina areagotzen ari zela ikusirik, hitzarmen bat sinatu zuen Estatu Batuekin eta laguntza militarra jaso zuen haiengandik, Omanen base militarrak ezartzeko baimenaren truke. 1991. urtean Golkoko gerran Iraken kontrako aliantza militarrean parte hartu zuen. Golkoko krisiaren eraginez petrolio ekoizpena igo egin zen, eta horrekin batera petrolioaren prezioa igo izanak 1980ko hamarraldiko krisi ekonomikoari aurre egiteko aukera eman zion zion Omani. 1992an Yemenekiko mugak zehazteko itun bat sinatu zen, eta 1997an sartu zen indarrean. 1994an Israelekin adiskidetzeko prozesua abian jarri zen, eta 1997an herrialde harekin harreman diplomatikoak hasi zituen arren, bertan behera gelditu ziren, Israelgo agintari Benjamin Netanyahuk Palestinako auzian egindako politika eta Saudi Arabiaren presioa zirela-eta. 1998an, azkenik, eta konstituzioaren ondorioz, Estatu Kontseilu bat finkatu zen legegintzako zereginak aurrera eramateko, eta Aholkularitza Kontseiluari Senatuaren gisako zereginak eman zitzaizkion; bi erakundeok Omango Kontseiluan biltzen dira. Urte hartan sortu zen, orobat, Epaitegi Gorena. 2002an Qabus sultanak boto eskubidea 21 urtetik gorako herritar guztiei ematea erabaki zuen. Ordu arte talde hautatu batek (tokiko agintariak, intelektualak eta enpresaburuak) baino ez zuen botoa emateko eskubidea. Langabezia murrizteko helburuarekin, gobernua saiatu zen atzerriko langileen ordez bertako langileak jartzen eta sektore pribatua sustatzen, izan ere, iturri ofizialen arabera, Omango biztanleen laurdena atzerritarrak ziren. 2003an egin ziren lehenengo hauteskunde unibertsalak 21 urtetik gorako herritar guztientzat, eta emakume batek lortu zuen ministro kargu bat lehenengo aldiz Omanen. 2005ean 31 lagun 1 eta 20 urte bitarteko espetxe zigorrera kondenatu zituzten, gobernua armen bitartez kentzen ahalegindu izanaren salaketapean. Handik hilabetera, ordea, barkatu egin zieten zigorra.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Omanen banaketa administratiboa»

Oman bost eskualde edo mintaqahtan eta lau gobernadorerri edo muhafazahtan banatuta dago. Guzti hauek gainera barrutitan edo wilayatetan banatzen dira. Eskualde bakoitzak, gainera, eskualde zentro bat edo gehiago ditu, guztira 12.

  1. Ad Dakhiliyah
  2. Al Batinah
  3. Al Wusta
  4. Ash Sharqiyah
  5. Ad Dhahirah
  6. Masqat
  7. Musandam
  8. Dhofar
  9. Al Buraymi

‡ - Muhafazah bat da

Oman admin divisions.png

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oman sultanerri bat da, sultan baten aginpidean dagoen lurraldea. Monarkia absolutista motako erregimena du, beraz, eta tradizioz sultanak izan ditu bere esku aginpide guztiak. Herrialdea gobernatzeko Aholkularitza Kontseilu baten laguntza du, berak hautaturiko kideez osatua. Ez da konstituziorik ez alderdi politikorik, baina 1996an oinarrizko legedi berri bat eman zuen sultanak, zeinaren arabera zehaztu baitziren, besteak beste, sultanaren ondorengotza, sultanaren eta kontseiluaren zereginak, Omango hiritarren oinarrizko askatasun zibilen babesa, etab.

Estatu eta gobernu burua hereditarioa den sultana da. Gaur egun Qabus Bin Said da eta hainbat kontseilari ditu, diwan izenekoak. 1990eko hamarkadaren hasieratik hauteskundeen bitartez aukeratzen den kontseilari talde bat ere badu, Majlis ash-Shura izenekoa, baina oso omandar gutxik parte hartu dezakete hautagai moduan. 2003ko urriaren 4tik 21 urtetik gorakoek bozka ditzakete dauden 83 eserlekuan. Emakumeek ere parte har dezakete eta hautagaiak izan. Gaur egun 3 emakume dira ministro. Hala ere sultanak botere absolutua dauka.

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Omango biztanleei dagokienez, azpimarratzekoa da herrialdearen gaztetasuna, 0-14 urte bitartean baitago biztanle guztien % 41, eta 15-57 bitartean % 57. Bestalde, biztanle kopuruaren hazkundea oso handia da, % 3,45koa 1999rako aurreikuspenen arabera, emakumeko 6 haur. Oro har, osasun baldintzak oso kaskarrak dira, eta haurren heriotza tasa oso handia da (1.000 haurretik 15 hiltzen ziren jaioberritan 1996an). Arabiera da hizkuntza ofiziala, baina ingelesa, balutxia, urdu eta zenbait dialekto indiar ere erabiltzen dira. Biztanleen % 90 inguru nekazari herri txikietan bizi da.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Omanek baliabide natural aberatsak ditu petrolio, kobre, gas natural eta asbestotan batez ere, eta gaur egun Omango ekonomiak lotura estua du petrolioaren industriarekin. Estatuaren diru sarreren % 80 inguru hartzen du petrolioak, esportazioen % 90 eta barne produktu gordinaren % 40. Dena dela, gaur egungo ekoizpena mantenduz gero, hogei urtean agortuta egongo dira bertako erreserbak. Nekazaritza bertako beharrak asetzera bideratua da, lurra ez baita oso oparoa eta ureztatu beharra baitu, eta, oro har, inportatutako elikagaien beharra dute; fruta da Omanen lantzen den nekazaritzako gai nagusia (lima, mangoa, banana), eta datilak esportatzen dituzte. Biztanleen % 70 inguruk dihardu nekazaritzan. Gobernua inbertsio pribatuak, Oman bertakoak zein atzerrikoak, bultzatzeko ahaleginak egiten ari da. 1998-1999 urteetan kalte handiak eragin ditu ekonomian petrolioaren prezioaren beherakadak. Azpimarratzekoa da, azkenik, Persiako Golkoko gerraren ondoren gastu militarrak asko igo zirela, eta horrela, 1995ean esaterako, gastu publikoaren % 36,5 hartu zuten, eta gastu sozialak berriz % 26,3ra jaitsi ziren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Oman Aldatu lotura Wikidatan