Kafe

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kafe-landarearen hazi txigortuak.
Kafe kikara.

Kafea edo akeita kafe-landarearen fruitu eta haziez eginiko infusioaren ondorioz lortutako edaria da. Edari honek kafeina izeneko sustantzia eragingarria du.

Kafearen laborantza Amerikako eskualde askotan zabaldua dago, bereziki Brasilen, non mundu osoko landaketen herena dago. 1998 eta 2000 artean, ia 7 milioi tona kafe egin ziren.

Kafe-landarearen hazi txigortuak birrinduz lortzen da kafea. Kafea, gosarian edota bazkalostean edaten da; kafe hutsa edo esnearekin nahasiz. Normalean beroa edaten da, baina uda partean, izotzarekin ere edaten da.

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kafea ekoizteko Coffea generoko zenbait espezie erabiltzen dira. Garrantzitsuenak bi dira[1]:

  • ''Coffea arabica'', jatorriz Etiopiako hegomendebaldekoa eta Sudango hegoekialdekoa, izan zen lehendabizi landu zen espeziea. Klima fresko samarra behar duenez gero, 900 eta 2.000 metro arteko garaieran produzitzen da. Oso ahogozagarria eta urrintsua da. Munduko ekoizpenaren % 70a da.
  • ''Coffea canephora'', eskuarki "robusta" deitua, jatorriz Kongokoa da. Arabica baino errazago lantzen da eta uzta handiagoak ematen ditu. Dasta bortitz eta garratza du eta dezente kafeina gehiago. Batez ere istanteko kafeak egiteko eta nahasketetan erabiltzen da.

Askoz gutxiago erabiltzen dira beste espezie batzuk: C. liberica, C. excelsa, C. stenophylla, C. mauritiana eta C. racemosa.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kafearen historia»

Kafearen jatorria Etiopian dago -antzinako Abisinian-, hain zuzen ere, Kaffa izeneko lurraldean. Seguru ez bada ere, beharbada, lurralde horrek eman zion izena kafeari.

Kondairak dioenez, VII. mendean, Kaldi izeneko artzain bat begira zegoen ahuntzek nola jaten zuten berarentzat ezezaguna zen landare bat. Ostean, bere harridurarako, ahuntzok urduri agertu ziren, askoz ere aktiboago, egonezin nabarmenarekin.

Hori ikusita, landarearen hostoak eta fruituak batu zituen eta infusioan prestatu zituen. Alabaina, ez zitzaion inondik ere zaporea gustatu eta hondarrak sutara bota zituen. Sutan erretako aleen usain gozoak erakarrita, baina, infusio berri bat prestatzeko gogoa piztu zitzaion. Infusioa edandakoan, berarentzat ezezaguna zen euforia bitxi bat sentitu zuen eta horren berri Chehodet-eko monasterioko prioreari eman zion.

Prioreak, hainbat froga egin ondoren, aurkitu zuen erre eta ehotako haziekin edari atsegina presta zitekeela eta balio zuela gauez erne errazago egoteko. Edari berria laster egin zen ezaguna eta monasterio guztietara zabaldu zen. Gerora, kafe-landarea Arabiara eraman zuten eta han edari ezaguna egin zen Mekara zihoazen erromesen artean. Geroago, landaketa Afrikatik Erdialdeko Amerikara eta Hego Amerikara eraman zuten.

Amerikan kafe-landareari buruz agertzen diren lehenengo erreferentziak XVIII. mendekoak dira. Frantziako errege Luis XIV.ak Amsterdamen opari zenbait kafe-landare jaso zituen. Handik urte gutxira, 1723an, landare horietako bat Amerikarako bidean ontziratu zuen Gabriel Clieu-koak, Luis XIV.aren agindupean Martinikako Gobernadore zenak. Clieu-k bere lorategian landatu zuen eta lehenengo uzta handik hiru urtera jaso zuen. Gerora, portugaldarrek kafe-landarea Brasilen sartu zuten, ingelesek Jamaikan eta espainiarrek Kolonbian.

Laborantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kafea ereiteko ohiko era euri sasoiaren hasieran zulo bakoitzean 20 ale botatzea da. Ale erdiak modu naturalean galduko dira. Brasilen landare txikiak 6-12 hilabetez mintegietan atxikitzen dira, sailetan landatu aitzinean. Lehenbiziko urteeetan, askotan, kafe-landareekin beste labore batzuk tartekatzen dira, hala nola, artoa, babarrunak eta arroza[2]. 3-4 urte dituenean hasten da fruituak ematen eta zenbait hamarkadaz jarrai dezake. Adaburua kimatzen da gehiegi handitu ez dadin.

Ekoizpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko kafe ekoizlerik handienak. 2009ko datuak.
Tokia Herrialdea Tonak[3]
1 Brasil Brasil 2.440.060
2 Vietnam Vietnam 1.176.000
3 Kolonbia Kolonbia 887.661
4 Indonesia Indonesia 700.000
5 India India 289.500
6 Etiopia Etiopia 265.469
7 Peru Peru 255.016
8 Mexiko Mexiko 252.000
9 Guatemala Guatemala 249.275
10 Honduras Honduras 205.800
11 Uganda Uganda 195.871
12 Boli Kosta Boli Kosta 150.000
13 Filipinak Filipinak 96.433
14 Costa Rica Costa Rica 91.627
15 Nikaragua Nikaragua 91.131
16 El Salvador El Salvador 76.591
17 Venezuela Venezuela 70.000
18  Tanzania 68.577
19  Madagaskar 65.000
20  Papua Ginea Berria 60.240
Mundu osoan 8.342.636

2009an Brasil izan zen munduko kafe ekoizlerik handiena, Vietnam, Kolonbia eta Indonesiaren aurrean. Arabica kafea Latinoamerikan, Erdialdeko eta Ekialdeko Afrikan, Indian eta, hein batean, Indonesian ekoizten da. Robusta kafea, berriz, Erdialdeko eta Mendebaldeko Afrikan, Hego-ekialdeko Asian eta, hein batean, Brasilen[1].

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b "Botanical Aspects". London: International Coffee Organization
  2. Duke, James A (1983)."Coffea arabica L." Purdue University.
  3. Faostat: Producción café, 2009

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kafe Aldatu lotura Wikidatan