Egipto
Egiptoko Arabiar Errepublika جمهوريّة مصر العربيّة
Ǧumhūriyyat Miṣr al-ʿArabiyyah |
||||||
---|---|---|---|---|---|---|
|
||||||
Ereserkia: Biladi, Biladi, Biladi | ||||||
Hiriburua eta hiri handiena |
Kairo | |||||
Hizkuntza ofiziala(k) | Arabiera | |||||
Herritarra | egiptoar1 | |||||
Gobernua | Errepublika | |||||
- | Presidentea | Adly Mansour (behin-behinekoa) | ||||
Sorrera | ||||||
Azalera | ||||||
- | Guztira | 1,001,450 km2 (30.) |
||||
- | Ura (%) | 0,6 | ||||
Biztanleria | ||||||
- | 2005 zenbatespena | 77.505.756 (15.) | ||||
- | Dentsitatea | 77 bizt./km2 (99.) | ||||
Dirua | Egiptoar Libera (LE) (EGP) | |||||
Ordu-eremua | EET (UTC+2) | |||||
- | Udan (DST) | (UTC+3) | ||||
Aurrezenbakia | 20 | |||||
Internet domeinua | eg | |||||
1Nahiz eta ijito izenaren jatorri etimologikoa Egipto izan, ez du hango biztanlea adierazten, baizik eta rom etniakoa. |
Egipto[1] (egiptoeraz: Hikuptah, «Ptahren ka edo arimaren gaztelua»; antzinako grezieraz: Αἴγυπτος, Aígyptos, aurreko izenetik hartua; arabieraz: مِصر Miṣr; izen ofiziala, جمهورية مصر العربية, Jumhûrïyat Misr al 'Arabïyah, «Egiptoko Arabiar Errepublika») Afrikako ipar-ekialdean eta Sinaiko penintsulan kokaturiko estatua da. 1.010.000 km² ditu gutxi gorabehera, Nilo ibaiaren bi ertzetan. Mugakide ditu Mediterraneo itsasoa iparraldean, Gazako zerrenda eta Israel ipar-ekialdean, Itsaso Gorria ekialdean, Sudan hegoaldean eta Libia mendebaldean. Hiriburua eta hiri nagusia Kairo da; eta beste hiri jendetsuenak, Alexandria, Giza, Port Said eta Suez.
Egipto Afrikako eta Ekialde Hurbileko estatu jendetsuenetakoa da. Bertako 75,4 milioi[2] biztanleen gehiengo zabala Nilo ibaiaren ertzetan bizi da, 40.000 kilometro karratuko eremuan, landa lurrak aurkitzen diren eskualde bakarrean. Sahara basamortuko eskualde zabalak ia ez dute biztanlerik. Egiptoko biztanleen erdia-edo hiriguneetan bizi da, gehiengoa Kairo, Alexandria eta Niloren deltako hiri jendetsuetan.
Egipto mundu osoan da ezaguna Antzinako Zibilizazio garatuak izan dituelako eta hauek eraikitako monumentu ikusgarriengatik, hala nola, Gizako Piramide Multzoa eta Esfinge Handia. Hegoaldeko Luxor hirian arkeologia gune garrantzitsuak daude, hala nola, Karnakeko Tenplua eta Erregeen Harana.
Eduki-taula
Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Muga hauek ditu: ekialdean Israel eta Itsaso Gorria, mendebalean Libia, hegoaldean Sudan eta iparraldean Mediterraneo itsasoa. Horrela, estatuak duen garrantzi geopolitikoa duen kokapen estrategikotik datorkio: kontinentearteko nazioa da Afrika eta Asiaren arteko zubi-lurraldea baitu (Suezko istmoa) eta, toki berean gainera, Mediterraneoaren eta Indiako ozeanoaren arteko ubide nabigagarria baitu (Suezko kanala), Itsaso Gorrian zehar.
1.001.450 kilometro karratuko eremuarekin[3] Egipto munduko 38. estatu luze-zabalena da (Mauritaniaren ostean). Tanzaniaren tamainakoa da gutxi gorabehera eta bi aldiz Frantziarena.
Hala ere, Egitoko klima txit lehorra dela-eta, biztanle guneak zerrenda estu batean daude bilduak, Nilo ibai inguruan eta honen deltan. Hau da, biztanleriaren %99a eremu osoaren %5,5 baino ez du erabiltzen[4].
Hiru lurralde mota bereizten dira Egipton: Niloko harana, erdialdean; Libiako basamortua, ekialdean, eta Arabiako basamortua, mendebalean. Libiako basamortuak Egiptoko lurraldearen bi heren hartzen ditu eta 300–400 m-ko altuera duten dunek osatzen dute. Basamortu hauek lurralde gorria izenarekin ezagutzen zuten Antzinako Egipton eta Faraoien Erresuma babesten zuten mendebaldeko mehatxuengandik. Oso lehorra bada ere, baditu oasiak. Nilotik mendebalera, Suezeraino, Itsaso Gorriraino eta Sinairaino hedatzen da Arabiako basamortua. 2.000 metrotik gorako mendiak ditu (Jabal el-Shayib: 2.184 metro, Moisesen mendia, Katharina: 2.637 metro). Niloko harana 1.500 kilometro da luze eta kilometro batetik hogeira bitarte zabal; iparretik hegoaldera gurutzatzen du Egipto, Niloren bigarren ur-jauzitik Kairoraino (Goi Egipto). Kairoko iparraldean adar ugarietan banatzen da Nilo ibaia (Damieta, Roseta) eta aintziraz inguraturiko delta eratzen du (Behe Egipto).
Hiri eta herri nagusiak hauek dira: Alexandria (Antzin Aroko hiri nagusietako bat) Asuan, Asyut, Kairo (Egipto modernoaren hiriburua), El Mahalla El Kubra, Giza (Piramide ezagunen kokalekua), Hurghada, Luxor, Kom Ombo, Port Safaga, Port Said, Sharm el Sheikh, Suez (Suezko kanalari izena ematen diona), Zagazig eta Al Minya. Oasi nagusiak honakoak dira: Bahariya, el Dakhla, Farafra, el Kharga eta Siwa, eta Zerzura oasi mitikoa.
Gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Egiptoar gehienak antzinako egiptoarren eta arabiarren ondorengoak dira. Beste herri konkistatzaileen ondorengoak ere badaude (greziarrak, erromatarrak, turkiarrak), Behe Egipton batez ere. Nahasketa horrek ezaugarri bereziak sortu ditu Niloren bailarako biztanleengan, Mediterraneo aldeko gainerako egiptoarren oso bestelakoak. Nubiarrak Egiptoko bertako herria dira; milaka urtean Egipto hegoaldean eta Sudan iparraldean bizi izan dira, baina Nasser aintzira eraiki zutenean urpean gelditu ziren haien herri asko. Egiptoko biztanleen % 40 hirietan bizi da. Basamortuan artzain nomada eta erdi nomada batzuk bizi dira, beduinoak gehienak. Batez besteko biztanle dentsitatea 67,5 bizt./km2koa da. Hazkunde demografikoa izugarria da, eta nekazaritzak ezin ditu biztanleen beharrak ase. Egiptok ezin die lanik eskaini biztanle guztiei, eta biztanle asko eta asko beren herrialdetik alde egin behar dute lana bilatzeko. Irakasleak, ingeniariak eta langileak, oro har, Libiara, Golkoko monarkia eta emirerrietara, eta Irakera joan dira lan bila. 1990ean, Irakek Kuwait hartu zuenean, Iraken zeuden egiptoarrak beren jaioterrira itzuli ziren, eta langabezia tasa % 20 igo zen. Egiptoar agintariak saiatu dira hazkunde demografikoari eusten eta 1990. urtetik aurrera emankortasun tasa emakumeko 4 seme-alabetan mantendu da. Hala ere, presio demografikoa handiegia da herrialde bertako baliabideei dagokionez. Bizi itxaropena 62 urtekoa da batez beste (60 urte gizonezkoena eta 62 emakumezkoena).
Hizkuntza ofiziala arabiera da; frantsesa eta ingelesa dira biztanle ikasien bigarren hizkuntzak; bereber hizkuntza basamortuko herri batzuek erabiltzen dute. Erlijio banaketa hau da: islama (% 90, musulman sunniak); kristau koptoak (3 milioi); greziar ortodoxoak, katolikoak eta protestanteak (% 3).
Kultura eta ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lehen aztarnak K.a. 4000. urte ingurukoak dira, gainerako zibilizazio ezagunetakoak baino askoz ere zaharragoak. Egiptoko tenplu eta hilobi handi bikainak ezagunak dira mundu osoan. Egiptoko zibilizazioa Niloren ibarrean garatu zen; basamortuaren inguruan zituen mendiek, gainerako zibilizazioetatik aldentzen bazuten ere, monumentuak egiteko gai egokiak eskaintzen zizkioten. Egiptoarrek trebetasun berezia izan zuten harri izugarriak garraiatzen eta langile saldoak eratzen. Harrizko eraikuntzetan atalburuek eta zutabe sail handiek eutsitako etzanetarako estalkiak bakarrik erabili zituzten. Faraoien hilobi handiek piramide forma hartu zuten. Egiptoko piramideen artean, trinkotasunagatik eta handitasunagatik, Gizakoak dira nagusiak. Zaharrena (K.a. 3700), eta handiena, Keopsena da: 302 m da altu, 190 m zabal, eta kareharriz egina dago dena. Hiru ganbera nagusi ditu, eta pasabide zeharrez osaturiko sistema nahasi bat. Kefren eta Mikerinos dira piramide txikienak. Horiez gainera, punta moztuta duten piramide (mastaba) eta haitzetan hilobi asko geratu dira Egipton, irtenbiderik gabeko arazoen sinbolo den esfingeaz gainera. Egiptoko gauza miresgarrien artean tamaina guztietako tenpluak daude; Karnakeko Amonen tenplua da horietan aipagarriena (K.a. 2466.). Luksorkoak eta Edfukoak ere antzekoak dira, eta Abu Sinbelgo biekin batera halako ingurune misteriotsu bat sortzen dute. Jauregiak eta etxebizitzak, hasieran zurez eta lohiz, eta ondoren adreiluz eginak, aspaldi galdu ziren. Eraikuntza antze zaharra K.o. IV. mendean galdu zen, Erromatar Inperioaren bukaeran, eta ez zen gero berritu, VII. mendetik aurrera islamiarren arteak hartu baitzuen nagusitasuna.
Eskultura eta pintura[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Eskulturak eginkizun bikoitza zuen: arkitekturaren osagarri izan eta giza irudiak eskaini. Mastabetako eta piramideetako hil ganberetako hormak egunoroko bizitzako gertaerak jasotzen zituzten behe-erliebe oparoz apainduak zeuden, irudi horiek ondorio magikoak zituztela uste baitzen. Faraoiei eta jainkoei buruzko gertaerak kontatzen zituzten apaindurez edertzen zituzten tenpluetako horma zabalak. Erliebeak lauak dira, eta bikain apainduta daude. Hilen estatuak zurezkoak edo harrizkoak ziren, eta izpirituaren munduan eragina izateko balio zuten. Piramideen garaiko estatuek, margoturiko harriz eginak gehienak, duintasun bikaina eta bizitasun handia dute, teknika aldetik sotilak badira ere, Gizako Esfinge Handiaren irudiak erakusten duen bezala: harlanduz egina, gizon buru bat duen lehoi eseri bat da. Estatuak bakanagoak dira tenpluen garaian. Egiptoarrek erregeen eta jainkoen irudiak ipintzen zituzten tenpluen sarreretan; oso eskultura handiak ziren. Aipatzekoak dira, besteak beste, Abu Sinbelgo tenpluetako ate ondoetan daudenak. Pintura hormetako apaingarri gisa erabili zen, eta erliebeen esanahi magiko bera zuen. Teknika nahiko finkoa erabili zuten egiptoarrek: irudiak aurpegi emanez ageri dira eta une berean soslaiez, ez pintatzen ez zekitelako, pentsamolde berezi batek hala azaltzea agintzen zielako baizik. Zurez, harriz, urrez, beiraz eta zeramikaz eginiko hainbat gauza heldu da gaur arte, etxeko apaingarriak eta altzariak gehienak. Teknikari dagokionez maisutasun handia igartzen zaie lan horiei guztiei, eta era berean irudimen sakona eta marrazkirako sen berezia.
Antzinako Egiptoko jakintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Egiptoarrek teknika landu zuten batez ere, enpirismo soilean oinarritzen baitziren matematika eta astronomia alorretako kalkuluak egiterakoan. Antzinako Egiptoko apaizak izar behatzaileak ere baziren. Behaketa haiei esker eratu zen 365 eguneko egutegia (K.a. XXVIII. m., Inperio Zaharraren hasiera), lau urtez behin egun bat atzeratzen zena. Egutegi haren arabera, egiptoarren urteak 1460 urtez behin baizik ez zuen Eguzki urtearekin bat egiten. Urteak hamabi hilabete zituen, 30 egunekoak, eta beste bost egun (epagomenoak) eransten zizkioten. Egunak eta gauak hamabina ordu zituzten. Matematikak praktikoak ziren, osagarri teoriko eta arrazonamendurik gabeak. Egiptoarrek sistema hamartarra erabiltzen zuten eta aritmetikako oinarrizko lau eragiketak ezagutzen zituzten, eta baita zatikiak ere. Geometriako eragiketak modu enpirikoan egiten zituzten, baina bazekiten hainbat gorputz geometrikoren azalera kalkulatzen. Bestalde, piramideen bolumena kalkulatzen ikasi zuten eta 3,1605 inguruko balioa eman zioten ð konstanteari. Harrigarria da, hain ezagutza xumeez eta apalez baliatuta, nola jaso ahal izan zituzten Antzinako Egiptoko arkitektoek hain eraikuntza handiak: egiptoarren papiroek aditzera ematen dutena baino jakituria zabalagoaren jabe zirela dirudi.
Antzinako Egiptoko erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Egiptoko antzinako zibilizazioa erlijioaren mende egon zen. Erlijio hori aspaldikoa zen; 3.500 urtetik gora zuen K.o. 384an Teodosio Erromako enperadoreak emandako ediktu batek Niloko arroako tenpluak itxiarazi zituenean. Egiptoarren erlijioak jainko eta dotrina ugari zituen. Erlijio kosmikoa zen, unibertsoari buruzko ikusmolde zikliko baten inguruan egituratua, eta izadiko gertarien eragiletzat hartzen zituen Jainkoak. Egiptoarren kosmogoniak hiriburuen araberakoak ziren (Heliopolis, Hermopolis, Menfis, Tebas). Jainkoek giza edo animalia itxura hartzen zuten, eta hiruko taldetan elkartu ohi zituzten (aita, ama eta semea). Jainko asko ziren arren, batzuk ziren nagusi; haienganako gurtza egiptoarren lurralde osora hedatzen zen eta elkarren osagarri ziren bi ziklo handietara biltzen ziren: Raren edo Eguzkiaren inguruko zikloa (Ra, Amon, Aton, Atun, Horus, Khepri, Knum) eta Osirisen inguruko zikloa (Osiris, Isis, Nephti, Seth). Osirisen gurtzak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen, eta hirian hiriko jainkoen (Anubis, Apis, Apopis, Bastet, Bes, Harpokrates, Hathor, Khonsu, Ptah, Sekhmet, Serapis, Sobek, Thot, Thueris) lekua hartu zuten askotan. Alexandro Handiaren osteak Egiptoz jabetu ondoren, helenismoa (Hermes jainkoaren gurtza sustatu zuen erlijioa bereziki) zabaldu zen bertan, Isis, Osiris eta Serapis jainkoen gurtza, besteren artean, desagertu ez zen arren. K.o. lehen mendean hedatu ziren gnostizismoak eta kristautasunak erro sendoak egin zituzten Egipton. Alexandrian sortu zen arrianismoa eta Egipto barneko basamortuan agertu ziren lehen kristau eremutarrak. K.o. 395. urtetik aurrera, Alexandriako aitalehenak izan ziren Egiptoko benetako agintariak. V. mendean arrakasta handia izan zuten Egipton monofisiten teoriek eta VII. mendetik aurrera (642) hasi zen islamiarren erlijioa hedatzen.
Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
3000 urtez, Niloren ertzetan historiako zibilizazio ikusgarrienetakoa garatu zen, Faraoien Erresumak. Egiptoarrek tenplu erraldoiak eta hilobi eraikin ikaragarriak eraiki zituzten, non faraoiak goraipatzen zituzten. Bertan idazkera sortu zen, hieroglifo izeneko ideogramak, eta gizateria historiaurretik atera. Idazteko sistema garatu zuten, hieratikora pasatuz, ondoren grafia sinplifikatuz demotikora. Medikuntza saiakerak idatzi zituzten, matematika eta kontakizun mitologiko eta historiko ikaragarriak, papiroetan idatziak, harrian edota zurean zizelkatuak. Faraoien aroan, egiptoarren kultura ezaugarriak mantendu zituen, eta erromatar probintzia bihurtu arte Mediterraneo osoan izan zuen eragina, besteak beste erlijioaren eta arkitekturen aldetik. Isisen azken apaizek, File uhartean beren gurtza mantendu zuten 535. urte arte, Justiniano I.ak debekatu zuen arte.
Zenbait inbasio eta okupazioaren ostean, faraoien herria arabiarren menpe geratu zen VII. mendean. Bertako kulturak arabiar nortasunaren eragin sakona jaso zuen, egun nagusi diren islama eta arabiera barne. Egipto musulmana Ekialde Hurbileko egoera politikoaren baitan kokatzen da, eta Israelekiko gatazka ugarietan. Gainera, herri lan monumental garaikide nagusiak ditu, batik bat, Suezko kanala eta Asuango urtegia.
Faraoien Egipto[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Egiptoko antzinako zibilizazioa Nilo ibaiaren behe arroan garatu zen. Afrikatik eta Asia mendebaletik etorritako biztanle taldeak nahasi ziren bertan. K.a. 10000. urterako harri landua ezagutzen zuten. K.a. 5000. urte aldera Neolitoan bizirik iraun zuten bi zibilizazio mota agertu ziren iparraldean eta hegoaldean. K.a. 4000 urtean bi erresuma zeuden: Butoko erreinua iparraldean (Behe Egipto) eta Nekhengo erreinua hegoaldean (Goi Egipto). K.a. 3300. urtearen inguruan Menes hegoaldeko erregeak Thinis hiriko iparraldea hartu eta bi erreinuak bateratu zituen; hala I. dinastia thiniarra, lehen faraoi dinastia, sortu zen. Abydosko eta Saqqarahko eraikuntzei esker ezagutzen dira lehen bi dinastia thiniarretako eta Menfisko III. dinastiako faraoien izenak.
Inperio Zaharra[aldatu | aldatu iturburu kodea]
K.a. 2720-2300 urte bitartean garatzen da eta IV. eta V. dinastiak izan ziren agintean. Keops, Kefren eta Mikerinos faraoien garaietan iritsi zen gailurrera: hauek eraiki zituzten Gizako piramideak. Hiriburua Thinistik Menfisa aldatu zuten eta Nubiako meatzeak hasi ziren ustiatzen. Garai hartakoak dira Menfisko biztanleek gogoko zituzten eskultura erraldoiak (Gizako Esfinge Handia).
Lehen Bitarteko Aroan[aldatu | aldatu iturburu kodea]
K.a. 2300-2065 urte bitartean garatzen da eta VII-X. dinastiak izan ziren agintean. Niloko haraneko eta deltako jaun ziren Herakleopolisko erregeen (Kheti I, II eta III) eta Goi Egiptoko jaun ziren Tebasko erregeen arteko gerrak hasi ziren. Azkenean Tebaskoek irabazi zuten Mentuhotep I.aren garaian eta Erdiko Inperioa sortu zuten (K.a. 2065-1785; XI. eta XII. dinastiak). Amenemhat eta Sesostris erregeen garaian Nubia kolonizatu zuten, eta Feniziara eta Palestinara hedatu zen orduan Egiptoren eragina. Tebas utzi eta Lishten jarri zuten hiriburua. Tebasko Amonen gurtzarekin batera, Osirisena zabaldu zen. Hainbat joera azaldu ziren garai hartako artean. Tamaina handiko arkitektura berriro nagusitu bazen ere (Mentuhotep I.aren hilobia), ikonografian nolabaiteko humanismoa gailendu zen. Erdiko inperioaren ondoren, Egiptoko historiako garai ilunenetako bat etorri zen: Bigarren Bitarteko Aroa (K.a. 1785-1580, XIII-XVII. dinastiak). Hiksoen etorrerak markatu zituen XIII. eta XIV. dinastiak. Hiksoen jatorria ez da ezaguna, ustez semitak baziren ere. XV. eta XVI. dinastiak leinu honetakoak izan ziren. Indoeuropar teknikak, ohiturak eta erlijio erak ekarri zituzten (zaldia eta gerra orga, besteak beste). Amosisek egotzi zituen hiksoak eta Inperio Berriasortu zen.
Inperio Handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
K.a.1580-1085 urte bitartean garatzen da eta XVIII-XX. dinastiak izan ziren agintean. Egiptoko inperioa inbasioetatik gorde nahian, XVIII. dinastiako faraoiek inperio lurrak zabaltzeari ekin zioten: ekialdetik Eufrates ibairaino zabaldu zuten inperioa eta Niloko laugarren ur-jauziraino hegoaldetik. XVIII. dinastiako faraoien artean aipatzekoak dira: Amenhotep I.a, Nubiaren konkista hasi baitzuen; Tutmosis I.a, konkista hori burutu eta inperioa Goi Eufrateseraino zabaldu zuena; Hatsepsut erregina, Karnakeko obeliskoa jaso zuena; Tutmosis III.a, Asiako sartaldea eta Egeoko uharteak bereganatu eta, asiriarrak garaitu ondoren, inperioa Tauros mendietaraino zabaldu zuena; Amenhotep III.a, Egipto indarrez eta ondasunez gailurreraino eraman zuena. Hala ere, garai honetan, hitita indoeuroparrak hasi ziren Egiptoren aurkako gerran. Amenofis IV.ak Akenaton izena hartu zuen, eta Aton jainkoaren gurtza ezarri zuen Amon zaharraren gurtzaren ordez; hiriburua Amarnara aldatu zuen (egungo Tell al-Amarna). Haren seme Tutankhamonek Tebasa itzuli zuen atzera hiriburua, eta Amonen gurtza ezarri zuen berriro. XIX. dinastian (1314-1200) Seti I.ak hititen kontrako guduak irabazi zituen, eta haren seme Ramses II.ak berriro garaitu zituen Kadeshen, baina hititak erabat menderatzea lortu gabe. XX. dinastian (1200-1085), Ramses III.ak «itsasoko herriak» (Egeoko uharteetako herriak) garaitu zituen, baina ordurako Egipto gainbehera zetorren, eta Amonen apaizen indarra areagotu egin zuen. XX. dinastiaren garai honen amaieran, Ramses faraoiaren aroan azaldu zen anarkia giroa areagotu zen eta inperioa bitan banatu zen: Smendes faraoia Tanis hirian (Behe Egipto) finkatu zen eta Heribor apaiza Tebasen, bere burua faraoi izendatu ondoren. Egoera horrek bere horretan iraun zuen XXI. dinastian.
Hirugarren Bitarteko Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
XXI. dinastiak hasiera eman zion Hirugarren Bitarteko Aroa deitu izan zaion aldiari (K.a. 1085-633). Dinastia libiar eta kuxiten garaian (K.a. 950-663; XXII-XXV. dinastiak) inperioen gainbehera areagotu zen, eta handik gutxira asiriarren mende geratu zen (Asurbanipalek Tebas hartu zuen K.a. 664. urtean). Berpizkunde aro labur bat etorri zen ondoren Psametiko I.ak sortu zuen Sais hiriko XXVI. dinastiaren garaian (K.a. 663-525). Asiriarrak egotzi zituzten; horrek arteen eta erlijioaren loraldia ekarri zuen. Haren ondorengo Nekaok Palestina eta Asiria berriro menderatu nahirik, Josias Israelgo erregea garaitu zuen (Megiddo, Kanaan, K.a. 609), baina Babiloniako errege Nabukodonosorrek menderatu zuen Eufrates ibaiaren ondoan (Karkemishen, K.a. 605). Haren ondorengoek ere ez zuten arrakasta handirik izan, eta azkenik 525ean persiarrek Egipto konkistatu eta beren dinastia ezarri zuten (Pelusa, egun Tell-Farama, 525). Egipto mende batez egon zen persiarren mendean (K.a. 525-404), XXVII. dinastiarekin: Kanbises, Dario I.a, Xerxes, Artaxerxes I.a eta Dario II.a). K.a. 404 eta 341 artean nolabaiteko askatasuna lortu zuten XXVIII. eta XXX. bitarteko dinastietan, baina azkenik Artaxerxes III.ak eta Dario III.ak Persiako inperiora lotu zuten Egipto. Alexandro Handiak egotzi zituen persiarrak Egiptotik K.a. 332. urtean.
Ptolomeotarren, erromatarren eta bizantziarren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alexandro Handiak Alexandria sortu zuen (K.a. 331), eta Siuahko oasian Amonen tenplura joan eta bere burua Jainkoaren seme aldarrikatu zuen, faraoi alegia. Bera hiltzean (K.a. 323), Ptolomeo Lagosen eskuetan gelditu zen Egipto. Hark sortu zuen ptolomeotarren edo lagidarren dinastia, Kleopatra VII.a hil eta erromatarrek Egipto menderatu zuten arte iraun zuena (K.a. 30). Actiumgo guduaren ondoren (K.a. 31), Augusto Alexandrian sartu zenean, Erromaren mendeko probintzia bihurtu zen Egipto. Enperadoreak zuzenean aukeraturiko agintari militar baten agintepean geratu zen gobernua, eta gizarte egiturak lagidarren garaian bezala jarraitu zuen, greziarrak edo heleniarrak zirela nagusi. Bestalde, Alexandriak Mediterraneo osoko portu nagusia eta erlijio eta kultura hiri nagusi gisa jarraitu zuen. Oso zerga astunak ordaindu behar izan zituen Egiptok eta, jatorri desberdineko gizarte kasten arteko banaketa zela medio, matxinada eta gatazka handiak gertatu ziren, Alexandrian batez ere (juduen eta heleniarren arteko borrokak K.o. 66. eta 117. urteetan. 66. urteko matxinadaren ondorioz 50.000 juduk galdu zuen bizia eta 240.000 hil izan zen 117koan. Huraxe izan zen diaspora eragin zuen gertaera). Erromatar Inperioa banatu zenean, Egipto Bizantzioren eskuetan geratu zen. Bizantziok aurreko politika berari eutsi zion, eta Egiptori oso zerga astunak ezarri zizkion. Arrazoi horrengatik erraztasun handiz onartu zuten egiptoarrek persiarren agintea (616), eta azkenik arabiarrena (641).
Egipto islamiarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arabiarrek hartu ondoren (641), Damaskoko omeiatarren eta Bagdadeko abbasiarren mendean egon zen Egipto 868. urtera arte. Egiptoko biztanle gehienek islama onartzeaz gainera, arabiarren hizkuntza bereganatu zuten garai hartan. 868. urtean Ahmedibn-Tulun gobernariak tulundarren emirerri burujabea sortu zuen, 905. urteraino luzatu zena. Hogeita hamar urte geroago Mohamed el-Ikhshidek bide beretik jo zuen eta beste dinastia bat sortu zuen (935-969). 969-1171. urte bitartean, xiita fatimiak nagusitu ziren bertan eta, Bagdadi bizkar emanda, Kairon eraiki zuten kalifa-herri berriaren egoitza. Musulman heretikoak baitziren, sunniten eta abbasiarren aurka gudukatu ziren bertatik. Dinastia honen garaian urte oparoak izan ziren Egipton, sortaldearekin egiten zuen salerosketari esker. Kairo islamiarren munduko hiri ederrenetako bat bihurtu zen, eta Alexandriak, berriz, galdu egin zuen aspaldiko distira hura. Fatimien agintea ahuldu egin zen gurutzatu kristauen aurkako gerren ondorioz; 1172. urtean Saladino kurdiarrak kalifa-herria deuseztatu zuen eta abbasiarrek bultzaturiko ortodoxia sunnita nagusitu zen berriro. Saladinok sortutako ayyubiarren dinastia (1172-1250), mamelukoen buru zen Baibarsek irauli zuen eta dinastia bahrita sortu (1261-1382). Ondoren barbuk zirkasiarrak sorturiko dinastia burdjita etorri zen (1382-1517). Mamelukoen azken bi dinastiotako agintariek mongoliarren erasoetatik babestu zuten Egipto, ekonomia bizkortzen saiatu ziren eta nazioaren oinarri politikoak sendotu zituzten. Monumentu eder handiak izan ziren Kairo hirian. Urte haietan izan zuen Egiptok heleniarren ondorengo garai oparoena. Aurkikunde batek, ordea, Egiptoren gainbehera ekarri zuen XV. mende bukaeran: portugaldarrek Esperantza Oneko lurmuturra aurkitu zuten (1488) eta Egipto ez zen harrezkero Sartaldeko eta Sortaldeko nazioak elkartzen zituen lurralde bakarra izan. Mamelukoek, bestalde, ezin eutsi izan zioten otomandarren erasoari eta turkiarrek beren mende hartu zuten Egipto 1517an.
Egipto modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1517an Selim I.a sultan otomandarrak Egipto hartu eta Turkiaren mendeko herrialde bihurtu zuen. Horrela iraun zuen hiru mendez, Napoleonek 1798. urtean hartu zuen arte. Frantziaren agintea oso laburra izan zen, eta 1805ean Muhamed Ali (1805-1849) erregeorde izendatu zuten. Hark Turkiarekiko askatasun osoa lortu zuen. Baina independentzia hura ez zen erabatekoa izan, mendebaleko estatu kolonialistek emandako agindu batzuk bete behar izan baitzituen (Ingalaterrak behartuta, Turkiari gerran irabazitako guztiak itzuli egin behar izan zizkion Egiptok). Aro modernoan Muhamed Aliren aginte aldian sartu zen Egipto. Ondorengoek ez zuten asmatu haren bideari jarraitzen, eta ingelesek Arabï Pacha (1882) abertzalea garaitu ondoren, beren agintea ezarri zuten, izenez oraindik Turkiaren mende bazegoen ere Egipto (1882). Britainiako kontsula zen Egiptoko benetako nagusia; Abbas II.ak (1892-1914) independ entziaren alde egin zuen saioak ez zuen berehalako fruiturik eman. Higikunde abertzaleak indar berria hartu zuen Muhammad Abduh Egiptoko independentziaren lehen teorikoaren eraginez (Nahdha edo arabiar berpizkundearen sortzaile nagusia izan zen 1899an). Orduan indaberritu zen Egiptoko kultura, eta eskolak, liburutegiak, moldiztegiak eta egunkariak sortu ziren. 1914. urtean Egipto Ingalaterrako koroaren mendeko kolonia bihurtu zen ofizialki eta Abbas II.a inolako aginterik gabe geratu zen. Ondoren, Sa'd Zaghlulek 1918an Egiptoren askatasun osoa aldarrikatu zuen. Ingalaterrak, hasierako ezezkoaren ondoren, Sa'd Zaghlul zuzendari zuen Wafd alderdiaren eskakizunak onartu behar izan zituen, eta 1922an askatasuna eman zion Egiptori, defentsa, armada eta atzerriko harremanak bere esku gorde bazituen ere. Fu'ad I.aren agindupean (1917-1936) konstituzioa edo lege nagusia onartu ondoren, 1924ko hauteskundeetan Wafd alderdia atera zen garaile. Erregearen eta Wafd alderdiaren arteko aurkakotasunez baliatu zen Ingalaterra bere politika bideratzeko; Nahhas Pacha ezarri zion Lehen Ministro gisa Farük erregeari (1936-1952), ardatzeko indarrekin ados eta batera ez zedin (1942). 1945az geroztik Wafd alderdiak indarra galdu zuen, eta Israelen aurkako gerra galdutakoan (1949) guztiz ahuldu zen gobernua. 1950ean erregeak berriro deitu zion Nahhas Pachari gobernura.
Nasser-en agintaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1952ko uztailean, Ofizial Libreak erakunde klandestinoak, Jamal Abdel Nasser buru zuela, estatu kolpea eman eta Faruk agintetik eraitsi ondoren errepublika aldarrikatu zuen (1953). Nasser izan zen, faraoien garaietatik, Egiptoren gaineko aginpidea zuen bertako lehena. Izan ere, erromatarrek, bizantziarrek eta arabiarrek lurraldea hartu zutenetik, agintari izan ziren dinastia guztiak arrotzak izan ziren. Bestalde, Nasserrekin batera agintea hartu zuten ofizial gehienak nekazariak ziren jatorriz. Horregatik batez ere, Nasserren garaian abertzaletasuna eta sozialismoa izan ziren nagusi. Egipton zeuden atzerriko osteak egotzi ondoren (Suezko ubidea nazionalizatu zuen 1956an), Arabiako abertzaletasunaren aldeko lehen urratsak eman zituen Nasserrek. Baina asmo horretarako Siriarekin batera sortutako Arabiar Errepublika Batuak porrot egin zuen berehala (1958-1961). Urte haietan nagusi ziren bi blokeen aurrean, neutraltasunean oinarrituriko politika bideratu zuen Nasserrek eta harremanak izan zituen bai mendebaleko herriekin eta bai herri sozialistekin ere. Akabako golkoko bidea Nasserren aginduz itxi ondoren (1967ko maiatza), Israelek Egiptoren aurkako gerra aldarrikatu zuen (1967ko ekaina, Sei Egunetako gerra) eta, juduak nagusitu ondoren, Egiptok Sobietar Batasunaren aldera jo zuen.
Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1970ean Anwar el-Sadat izan zen Nasserren ondorengoa, eta haren jarraitzaile ezkertiarrak bazterturik, federazio bat osatu zuen Siriarekin eta Libiarekin: Arabiar Errepubliken Batasuna. Orduan hartu zuen Egiptok Egiptoko Arabiar Errepublika deitura (1971). 1973ko urriaren 6an, sobietar aholkulariak kanpora bidali ondoren, Israeli eraso zion Egiptok, Siriarekin batera. 1977an Israelengana hurbiltzen hasi zen, eta bake akordio bat izenpetu zuten bi nazioek (1979ko martxoa). Hitzarmen honen arabera Sinaiko eta Suezko lurraldeen desmilitarizazioa erdietsi zen arren, palestinatarren auzia konpontzeke geratu zen, eta Egiptok kritika zorrotzak jaso zituen gainerako Arabiako herrien eta estatuen aldetik, diplomazia eta ekonomia zigorrak barne. 1981eko urriaren 6an armadako soldaduek Anwar al-Sadat lehendakaria hil zuten, eta Hosni Mubarak izan zen ondorengoa. Mubarakek lurraldearen segurtasuna eta lasaitasuna ziurtatu nahi izan zituen, eta herriaren nahigabea, ustelkeria eta pobretasuna neutralizatzeko asmoz, Anwar al-Sadaten senideen ondasunen iturria ikertu zuen. Aldi berean, erraztasunak eman zizkien kanpoko enpresei Egipton lan egiteko, kanpoko inbertsioak ugaritzeko asmoz. 1984 irekitze urtea izan zen Egiptorentzat, bai barrualdean bai kanpo politikan. Camp Davideko hitzarmenak Egiptori ekarri zizkion ondorio negatiboenak gainditzea lortu zen, onartu baitzen Ekialde Hurbileko krisiaren edozein irtenbide justu palestinar herriaren eskubideak onartzearen bidez iritsiko zela. 1985. urtetik aurrera, ordea, ekonomia krisia larriagotu egin zen, ekonomiaren lau iturri nagusietatik lortzen ziren diru iturriak beherakada izugarria izan baitzuten: petrolioa, emigranteen dirua, Suezko ubidea eta turismoa. Egiptok atzerriko herrialdeekin zuen zorra 2.400 milioi dolarrekoa zen 1970ean; 1986an, berriz, 35.000 milioikoa zen. 1990ean Iraken gudarostea Kuwaiten sartu zenean, ekintza hura gaitzetsi zuten arabiar herrialdeen buru izan zen Egipto, eta soldaduak bidali zituen Golkora. Lurreko erasoa hasi zenean, Estatu Batuek barkatu egin zioten Egiptori zuen zorra militarra (7.000 milioi dolar). Baina egiptoarrak ez ziren Ekialdeko herrialdeekin bat egite horren aldekoak. 1991n NDFk erabaki zuen Egiptori diru laguntzak ematea ekonomian aldaketak egiteko baldintzapean. Kairok hitz eman zuen estatuaren enpresak pribatizatuko zituela, produkzio eta inbertsio kontrolak kenduko zituela, eta zerga defizita barne produktu gordinaren % 21etik % 6,5era jaitsiko zuela. Konpromiso horiek bete ahal izateko, gobernuak janarien eta oinarrizko beste gai batzuen laguntzak kentzea erabaki zuen. 1991n higikunde islamiko fundamentalistaren erasoak gogortu egin ziren, eta gobernuak beste hiru urtez luzatu zuen larrialdi egoera. Horrez gainera, terrorismoaren kontrako lege bat ezarri zuen, eta milaka islamista atxilotu zituzten; 1993an 15 lagun hilarazi zituzten. Krisi sozioekonomikoa larritu egin zen 1992ko lurrikararekin: 350 hildako eta 4.000 zauritu izan ziren. 1994an turisten kontrako atentatuak ugaritu egin ziren, eta Mubarak ez zen gauza izan islamiar fundamentalisten arazoari irtenbidea aurkitzeko. Kanpo politikari dagokionez, arabiar herrialdeekiko harreman politikoak berreskuratu zituen; 1995ean arabiar herrialdeetako buruzagi nagusien bilera bat izan zen Kairon. 2003. urtean aldaketaren aldeko mugimendua sortu zen, Kifaya izenez ezaguna, demokraziara itzultzeko eta askatasun zibil handiagoak lortzeko helburuarekin. Itxuraz alderdi aniztasunaren arabera antolatzen bada ere boterea, praktikan, berrogeita hamar urtez hautagai bakarra izan da lehendakaritzarako hauteskundeetan; parlamenturako hauteskundeetan, berriz, alderdi anitzek parte hartzen dute. 2005ean Hosni Mubarak lehendakariak adierazi zuen aldatu egingo zuela lehendakaria hautatzeko legea; beraz, 2010eko hauteskundeetan hautesle bat baino gehiago hautatu ahal izango dira, lehenengo aldiz, 1952. urteaz geroztik. 2007an erreferendum bat egin zen, lehendakariaren ahalmenak handitzeko.
Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2008ko apirilietak, Egipto 29 muhafazah edo eskualdetan banatua dago[5]. Oro har, eskualde hauek hiriburuaren izena hartzen dute. Muhafazah bakoitzeko burua muhafez edo gobernari bat da, zuzenean errepublikako lehendakariak izendatua.
Zkia | Izena | Eremua (km²) | Biztanleria (2006) | Hiriburua |
---|---|---|---|---|
1 | Alexandria | 2.679 | 4.110.015 | Alexandria |
2 | Asuan | 679 | 1.184.432 | Asuan |
3 | Asyut | 25.926 | 3.441.597 | Asyut |
4 | Buhayra | 10.130 | 4.737.129 | Damanhur |
5 | Beni Suef | 1.322 | 2.290.527 | Beni Suef |
6 | Kairo | 214 | 7.786.640 | Kairo |
7 | Dakahlia | 3.471 | 4.985.187 | Mansura |
8 | Damietta | 589 | 1.092.316 | Damietta |
9 | Fayum | 1.827 | 2.512.792 | Fayum |
10 | Gharbiya | 1.942 | 4.010.298 | Tanta |
11 | Giza | 85.153 | 6.272.571 | Giza |
12 | Ismailia | 1.442 | 942.832 | Ismailia |
13 | Kafr el Sheikh | 3.437 | 2.618.111 | Kafr el Sheikh |
14 | Matruh | 212.112 | 322.341 | Marsa Matruh |
15 | Minia | 32.279 | 4.179.309 | Minia |
16 | Manufia | 1.532 | 3.270.404 | Shibin El Kom |
17 | Wadi al-Jadid | 376,505 | 187,256 | Kharga |
18 | Ipar Sinai | 27.574 | 339.752 | Arish |
19 | Port Said | 72 | 570.768 | Port Said |
20 | Qaliubia | 1.001 | 4.237.003 | Banha |
21 | Qina | 1.851 | 3.001.494 | Qena |
22 | Itsaso Gorria | 203,685 | 288,233 | Hurghada |
23 | Sharkia | 4.180 | 5.340.058 | Zagazig |
24 | Sohag | 1.547 | 3.746.377 | Sohag |
25 | Hego Sinai | 33.140 | 149.335 | El Tor |
26 | Suez | 17.840 | 510.935 | Suez |
27 | Luxor | 55 | 451.318 | Luxor |
28 | Helwan | n/a | 643.327 | Helwan |
29 | Urriaren 6a | n/a | 500.000 | Urriaren 6a Hiria |
Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nilo ibaiari erabat loturik egon da, eta hala dago oraindik ere Egiptoko ekonomia. Egipto herrialde nekazaria da, eta langileen % 42 nekazaritzan edo abeltzaintzan dihardu lanean. Basamortuak Egiptoren zatirik handiena hartzen duenez, gobernuak hainbat programa egin ditu lantzen den lur kopurua hazteko: luberritzea, ureztatzea eta teknologia aurreratua erabiltzea (ongarriak eta makinak). Urtegi handiak egin dira Nilon: Assiut, Nag Hamadi, Ziftah, Esna eta, batez ere, Assuan eta Sadd-el-Ali. Urtegi hauei esker, urtean bi eta hiru uzta jasotzen dira; 300.000 ha kendu zaizkio basamortuari eta 500.000 ha eman zaizkio nekazaritzari. Azken proiektu handia 1997. urtearen hasieran jarri zen abian: Bailara Berria esaten zaio proiektu horri. Bi helburu nagusi ditu proiektuak: basamortuko 200.000 ha lantzeko lur bihurtzea eta horren bitartez, Nilo ibaiaren bailaran eta deltan dauden biztanle asko beste inguru batzuetara joatea eta han hartzea bizilekua. Adituen ustez, proiektu hori betetzeko 20 bat urte beharko dira. Egiptoko gobernuak proiektuaren kostuaren % 20 hartuko du bere gain. 1952-1961 bitarteko urteetan berrikuntza ugari egin ziren nekazaritzan, eta ordura arte lurjabe gutxiren esku zeuden eremu zabalak nekazarien artean banatu ziren. Egiptoko nekazari ustiapenen etekinak munduko garaienetakoak dira. Egipto da kotoi zuntzaren ekoizle nagusia. Arto etekinak ere munduko garaienetakoak dira. Gai horiez gainera, garrantzizkoak dira azukre kanabera, garia, arroza eta tomateak, artatxikia, tipulak, datilak, etab. Abeltzaintza zama-abereen ingurukoa da batez ere.
Gaur egun oztopo handiei aurre egin behar die ekonomiak: demografia hazkunde izugarria, inflazio handia, eta biztanle pilaketa hirietan. Presio horri erantzun nahian, 1991n ekonomiaren egonkortasuna iristeko hainbat neurri hartu zuen Egiptok. Erreforma horiek hiru planen bidez bideratu ziren; azkena 1998an amaitu zen. Erreforma ahaleginek eta Golkoko gerran parte hartzeak asko handitu zuen Egiptoren zorra. Hala ere, aurrerakuntza handiak lortu ziren aldagai makroekonomikoei dagokienez; Kairok inflazioa kontrolatu zuen, eta gainditu egin zituen aurrekontuaren defizitak. Pribatizazioak eta merkataritza legeen erreformak Nazioarteko Diru Funtsak aurrez ikusia zuena baino mantsoago gertatu baziren ere, Egiptok atzerriko inbertsioak ugaritzea lortu zuen merkatu ekonomia indartzeko neurriak hartu izanari esker. 1997an atzerritar turisten kontra Luxor-en izan zen atentatuak (60 turista hil ziren) eragin handia izan zuen Egiptoko ekonomian, eta barne produktu gordinaren hazkundea aurrez ikusitakoa baino apalagoa izan zen.
Industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Egiptoko industriaren gai nagusiak hauek dira: kotoi haria, jute haria eta ehunak, artile haria, azukre findua, azido sulfurikoa, ongarriak, papera. Beste industria jarduera batzuk burdin eta altzari ekoizpena eta petrolio findegiak dira. Industria gehienak Kairo eta Alexandria inguruan daude.
Meatzaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Petrolioaren ekoizpena apala bada ere, Ekialde Hurbileko gainerako herrialdeen ondoan, petrolioaren sektoreak garrantzi handia du Egiptoko ekonomian. 1980an hobi berriak aurkitu ziren eta horrek bikoiztu egin zuen ordu arteko ekoizpena.
Merkataritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kotoia eta petrolioa izan dira azken hogeita hamar urteotan Egiptok esportatu dituen gai nagusiak. Merkataritza harremanak Europako herri sozialista ohiekin (% 50), Ameriketako Estatu Batuekin eta Sartaldeko Europarekin izan dira bereziki.
Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aireportuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia, 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0038.pdf.
- ↑ Central Agency for Population Mobilisation and Statistics, Biztanleria (2008ko uztaila), http://www.msrintranet.capmas.gov.eg/pls/fdl/tst12e?action=&lname=.
- ↑ World Factbook eremu sailkapen ordena
- ↑ Hamza, Waleed. Land use and Coastal Management in the Third Countries: Egypt as a case. (2007-06-10).
- ↑ Reem Leila (2008-05-19), «Astekaria», Al-Ahram, http://weekly.ahram.org.eg/2008/894/eg6.htm.
Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Egipto |
- (Euskaraz) Jalgi.com atlasa datuak, mapak eta irudiak
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
|
Mediterraneo itsasoa inguratzen duten estatuak | ||
---|---|---|
Albania · Aljeria · Bosnia-Herzegovina · Egipto · Eslovenia · Espainia · Frantzia · Gibraltar · Grezia · Israel · Italia · Kroazia · Libano · Libia · Malta · Monako · Montenegro · Maroko · Palestina · Siria · Tunisia · Turkia · Zipre |