Narkotrafikoaren aurkako gerra Mexikon
Artikulu hau hobetzeko lanean ari da wikilari bat. Hori dela eta, beharbada hutsuneren batzuk izango dira edukian edo formatuan. Mesedez, aldaketa handi bat egin baino lehen, eztabaida ezazu haren lankide orrian edo artikuluaren eztabaida orrian, erredakzioa koordinatzeko. Mila esker. |
Narkotrafikoaren aurkako gerra Mexikon | |||||
---|---|---|---|---|---|
Mexikoko armada borroka batean, Apatzingán-en. |
|||||
|
|||||
Gudulariak | |||||
Mexiko Mexikoko Indar Armatuak Mexikoko Polizia Federala Mexikoko estatuetako poliziak eta udaltzaingoak Mexikoko Fiskaltza Nagusia CISEN |
Sinaloako kartela Golkoko kartela Juarezko kartela Tijuanako kartela La Barredora kartela Los Zetas kartela La Familia kartela Beltran-Leyva kartela |
||||
Indarrak | |||||
50.000 soldadu 35.000 polizia federal |
100.000 |
Narkotrafikoaren aurkako gerra deitzen zaio Mexikoko droga-kartelek (El Narco gazteleraz), elkarren aurka lurraldea kontrolatzeko, eta Mexikoko gobernuaren aurka daukaten gatazka armatuari. Mexikoko droga-kartelak hainbat hamarkadatan zehar aritu badira ere, boteretsuago bilakatu dira Kolonbiako Cali eta Medellingo kartelak 1990eko hamarkadan makaldu zirenetik. Egun, Mexikoko kartelek menderatzen dute AEBetako drogen merkatu ilegala[1] . Zenbait karteletako buru atzemanda, batik bat Tijuanako eta Golkoko karteletan, bortizkeria areagotu da, kartelak borrokan hasi baitira haien artean drogako bideak AEBetarantz beren mendean izateko.[2]
Felipe Calderón Mexikoko presidentetzara iritsitakoan, 2006ko abenduan, hasi ziren segurtasun indarrak -Polizia Federala eta armada- erabiltzen drogen trafikoa Mexikotik indarrez erauzteko. 2010era arte, 30.000 hilketa zerrendatu dira gerra horretan, haietako asko Ciudad Juarezen (Chihuahuako estatuan) eginak. Estatistika horretan, Estatuko indar armatuen eta droga-kartelen taldeko kideez gain, drogei loturik ez ziren zibilak, gazteak, haurrak eta kazetariak sartzen dira.
Mexikoko gobernuak drogen trafikoko taldeen kontra hartutako bideak kritika ugari jaso ditu. Eskubide zibilen aldeko hainbat elkartek adierazi dute armada kaleetara ateratzean giza eskubideen urraketak ugaldu direla[3].
Eduki-taula
Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dagoen tokian egonda, Mexiko aspalditik erabili dute AEBetan drogak sartzeko edo, oro har, mota guztietako kontrabandoa egiteko. Hastapenean, kokaina sartzeko bide nagusiak Florida eta Karibe izan ziren, baina zonalde horretako narkotrafikoa eteteko ahaleginak handitu zirenean, Mexikoko droga-banatzaileekin bat egin zuten Kolonbiako droga-ekoizleek.[4]
Hori egiterakoan ez zuten traba handirik topatu. Izan ere, heroina eta kanabisa aspalditik produzitzen ziren han, eta trafikatzaileek droga AEBetan sartzeko azpiegitura prest zeukaten. 1980ko hamarkadaren erdialdean, Mexikoko banatze sarea ongi osaturik zegoen, eta Kolonbiako kokaina garraiatzeko bide fidagarria zen. Hasieran dirutan ordaintzen zitzaien mexikarrei, baina hamarkadaren bukaerako, kokaina kargaren %35-50 ere ematen zitzaien. Gauzak horrela, droga garraiatu ez ezik, banatu eta saltzen ere hasi ziren mexikarrak. Egun, Sinaloako kartelak eta Golkokoak mundu osora banatzen dute Kolonbiako kokaina.[5]
Denborak aurrera egin ahala, Mexikoko kartelen arteko oreka aldatu egiten da, talde berriak sortzen baitira eta zaharrak makaldu eta desegin. Karteleko buruak hil edo atxilotzean, gatazka bortitzak ugaltzen dira, beste taldeek boterearen hutsunea bete nahian.[6] Hori dela eta, kartelak saiatzen dira segurtasun indarrak besteen kontra erabiltzen, Mexikoko ofizialei dirua edo informazioa emanez.
Kartelen sorrera eta garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mexikoko Gobernuak Miguel Angel Felix Gallardo, buruen burua, 1989an atzeman ondoren[7], Mexikoko capoak (besteak beste, Chapo Guzman eta Ismael Zambada) aste batean bildu ziren, Las Brisasko txalet batean, drogaren merkatua haien artean banatzeko. Capo bakoitzari plaza bat (hiri nagusi bat, alegia) egokitu zitzaion. Nork bere drogen pasabidea edukita, zergak kobratzen ahal zizkieten besteei horretaz baliatzen ziren bakoitzean.
Baina Felix Gallardoren lidergorik gabe, egitasmoak ez zuen arrakastarik izan. Capoak elkarren kontrako borrokan hasi ziren. Azkenean, hiru kartel nagusitu ziren: Tijuanakoa (Arellano Félix anaiak buru zirela), Juarezkoa (Amado Carrillo Fuentes buru zela) eta Golkokoa[8].
Korporazio handiak kapitalismoan nola, hala hazi ziren Mexikoko kartelak 1990eko hamarkadan, eta Kolonbiakoen gainetik nagusitu ziren.[9] Urte haietan milioiak parrastaka irabazten zituzten Mexikoko kartelek, Mexikoko krisi ekonomikoak inolako eraginik sortu gabe. Aitzitik, langabezia zabaldu ahala, gero eta jende gehiago zegoen prest dolarrez betetako karteletan lan egiteko.
Urte haietan, halaber, drogen kontsumoa hedatu zen Mexikon, eta, horrekin batera, kaleak kontrolatzeko borrokak ere ugaritu ziren. Hala, Tijuanan edo Juarezen, urteko hildakoen kopuruak AEBetako hainbat hiritakoekin (Los Angeles, esaterako) parekatu ziren 1990eko hamarkadaren bukaeran[10].
Azkenean, mugako capo guztiak erori ziren. Golkoko Juan Garcia Abrego 1996an atxilotu zuten. Hurrengo urtean, Amado Carrillo Fuentes aurpegia aldatzeko kirurgia-operazio batean hil zen. Arellano Felix anaiei dagokienez, Ramon, narko-terrorismoan aitzindaria izan zena, 2002an hil zuten, tiroketa batean, Mazatlan-en, eta hilabete bat geroago, armadak Benjamin atzitu zuen[11].
Hurrengo urteetan, Fox Mexikoko presidentea zelarik, beste capo batzuk erori ziren: Armando Valencia Michoacanen eta Osiel Cardenas Tamaulipasen. Chapo Guzmanek ihes egin bazuen ere espetxetik 2001eko urtarrilean, irudi zuen, 2004an, narkotrafikoa mendean hartzeko bidean zegoela Mexiko[12].
Nuevo Laredo[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hala ere, orduan hasi zen borroka, Nuevo Laredo hirian, 2004ko udazkenean. Orduan hasi ziren ordura arte ezagutzen ez ziren gerra taktikak: paramilitarren eskuadroiak, poliziaren kontrako eraso etengabeak eta bahiketa masiboak. Handik herrialde osora zabaldu ziren hurrengo urteetan[13].
Izan ere, Mexikoko Armadak 2003ko martxoan Osiel Cárdenas Golkoko Karteleko burua atxilotu eta 2002ko azaroan Arturo Guzmán Los Zetas talde armatuko burua tirokatu ondoren, Sinaloako Kartela (Chapo Guzman eta Beltran Leyva anaiak) saiatu zen Golkoko Kartelaren lurraldea bereganatzen, haiek ahulago zeudelakoan[14].
Los Zetas Golkoko Kartelak Mexikoko armadako gorputz berezietako gizonekin osatu zuten, talde armatua gisa. Haien burua, Arturo Guzman sortzailearen heriotzaren ondoren, Heriberto Lazcano zen. Nuevo Laredoko borrokaz geroztik, berehala nabarmendu ziren eraginkortasunagatik eta gogortasunagatik. Hori dela eta, agudo zabaldu ziren herrialdean barna, eta, horrekin batera, herrialdean barna zabaldu zen Sinaloako kartelaren kontrako gerra. Gerra hedatzeak taktikak gogortzea ekarri zuen. Esaterako, buruak moztea guztiz ezezaguna zen 2006 baino lehen, baina handik aurrera, ehundaka buru-mozketa izan ziren. Mexikoko beste kartelek Los Zetasen antolamendu paramilitarra kopiatu zuten, sua suarekin borrokatu nahian[15].
Vicente Foxek Mexico Seguro operazioa jarri zuen martxan Nuevo Laredoko gerra hura bertan behera uzteko asmoz, baina arrakastarik ez zuen izan[16]. Gainera, agerian gelditu zen Estatuko indar armatuko kide ugari narkotrafikanteentzat lan egiten zutela. PRI alderdiaren aurreko agintaldi luzea amaitzean, aldatu egin zen gobernuaren eta narkoaren arteko oreka[17].
Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kartelen arteko bortizkeria aspaldikoa bazen ere, Mexikoko gobernuak ez zion zezenari adarretatik heldu 1990eko hamarkadan eta 2000eko hamarkadaren hasieran. Izan ere, katerlak elkarren aurka borrokatzen ziren soil-soilik, sistema kolokan jarri gabe[18]. Hori Nuevo Laredoko borrokaz geroztik aldatu zen.
Gobernuaren jarrera ere aldatu zen Felipe Calderón Mexikoko presidente bihurtu zenean. Segituan, 2006ko abenduaren 11n, gerra deklarazioa egin zuen narkoaren kontra, eta tropak bidali zituen Michoacanera, drogen bortizkeriaren kontra bertan borrokatzera. Data hori hartzen da eskuarki gerraren hasiera markatzeko.[19] Denboraren poderioz, gero eta tropa gehiago erabili ziren narkotrafikoaren aurka, eta bortizkeria areagotu da herrialdeko estatu frankotan.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Narkotrafikoaren aurkako gerra Mexikon |
- ↑ Cook, Colleen W., ed. "Mexico's Drug Cartels" (PDF). CRS Report for Congress. Congresional Research Service. p. 7. [1]. 2009-08-09an begiraturik.
- ↑ Sullivan, Mark P., ed. "CRS Report for Congress" (PDF). Mexico - U.S. Relations: Issues for Congress. Congresional Research Service. or. 2, 13, 14. [2]. 2009-04-01ean begiraturik.
- ↑ De Ávila, José Juan: "La CNDH y especialistas alertan por abusos de militares en guerra al narco", CNN México, 2010eko martxoaren 15ean, 2010eko martxoaren 23an begiratua.
- ↑ "History of DEA Operations", DEA History, U.S. DEA [3]
- ↑ Mexico, U.S., Italy: The Cocaine Connection, Stratfor Intelligence, [4]
- ↑ Fred Burton, Mexico: The Price of Peace in the Cartel Wars, The Stratfor Global Intelligence, [5]
- ↑ BBC News, Analysis: Mexico's drug wars continue, [6]
- ↑ Grillo, Ioan. El Narco: Inside Mexico's Criminal Insurgency, 2011, 93. or.
- ↑ Grillo, Ioan. El Narco: Inside Mexico's Criminal Insurgency, 2011, 97. or.
- ↑ Grillo, Ioan. El Narco: Inside Mexico's Criminal Insurgency, 2011, 102. or.
- ↑ Grillo, Ioan. El Narco: Inside Mexico's Criminal Insurgency, 2011, 104. or.
- ↑ Grillo, Ioan. El Narco: Inside Mexico's Criminal Insurgency, 2011, 110. or.
- ↑ Grillo, Ioan. El Narco: Inside Mexico's Criminal Insurgency, 2011, 111. or.
- ↑ Grillo, Ioan. El Narco: Inside Mexico's Criminal Insurgency, 2011, 117. or.
- ↑ Grillo, Ioan. El Narco: Inside Mexico's Criminal Insurgency, 2011, 125. or.
- ↑ Claire Marshall, Gang wars plague Mexican drugs hub, BBC News, [7]
- ↑ Grillo, Ioan. El Narco: Inside Mexico's Criminal Insurgency, 2011, 122. or.
- ↑ Grillo, Ioan. El Narco: Inside Mexico's Criminal Insurgency, 2011, 94. or.
- ↑ Ioan Grillo, Mexico cracks down on violence, Associated Press, [8]