Publio Ovidio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ovidio
Ovidio
Ovidioren estatua
Datu pertsonalak
Izen osoa Publius Ovidius Naso
Jaio K. a. 43ko martxoak 20
Sulmona (Erromatar Errepublika)
Hil 17 edo 18
Tomis, Eszitia Txikia (Erromatar Inperioa)

Publio Ovidio Nason (Sulmona, K. a. 43ko martxoaren 20a - Tomis, Eszitia Txikia 17 edo 18an) Antzinako Erromako olerkaria izan zen.

Zaldun sendi batean jaio zen eta ez zituen guda zibilaren ankerkeriak ezagutu. Lehenik zuzenbide ikasketei lotu zitzaien baina gero literaturara lerratu zen. Bere bizitzan ospe handia lortu zuen. Augusto enperadorearekin eztabaida bat zela kausa Itsaso Beltzera erbesteratu, eta bertan hil zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Publio Ovidio Nason goi mailako familia batean jaio zen. Aitak Erromara bidali zuen erretorika ikasketak egitera. Bidaldiak egin zituen Grezia, Anatolia, Sizilia eta Egiptora greziar kulturaz jabetzeko. Garrantzi handirik ez zuten kargu publikoetan jardun zuen Erroman, baina kargu horiek berehala utzirik olerkia idazten hasi zen, eta horretan eman zuen bizitza osoa. Mesalaren literatura taldean ibili zen eta garai hartako idazle handiak ezagutu zituen: Horazio, Galo, Propertzio.

K. o. 8. urtean Augusto enperadoreak erbestera bidali zuen Itsaso Beltzaren ertzean zegoen Tomis herrira (gaur egun Errumanian), eta haren liburuak liburutegi publikoetatik kentzea agindu zuen. Ez dago garbi zergatik zigortu zuten; adituen ustez tarteko gertatu omen zen enperadorearen familiako eskandaluren batean; beste batzuen ustez Augustori gaitzesgarria iruditu zitzaion Ars Amatoria olerki erotikoa; beste azalpen baten arabera, enperadorearen etorkizuna ezagutzeko egindako jardunaldi batean esku hartu zuen[1]. Barkamena behin eta berriz eskatu arren, ez Augustok, ez Tiberiok, ez zioten eman. Beraz, erbestean zendu zen.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ovidioren lan nagusiak hauek dira:

  • Amores (K. a. 20), amodiozko elegiak;
  • Heroidas, mitologiako eta historiako emakumeek maitaleei idatzitako fikziozko gutunak;
  • Medea, ospe handia izan zuen trajedia, gaur egun galdua; Remedia Amoris (K. o. 1);
  • Ars Amatoria (K. o. 1), erotismoari buruzkoa, hiru liburukitan argitaratua;
  • Medicamina faciei feminece;
  • Fasti, Erromako egutegiko jaiak hilabetez hilabete azaltzen dituen, sei liburukitan argitaratua;
  • Metamorphoseon libri (K. o. 2), hexametrotan idatzitako poema epikoa, hamabost liburukitan argitaratua, greziar eta latin literaturan eta mitoetan oinarri harturik itxuraldaketari buruzko kontaerak azaltzen dituena, Ovidioren maisu lantzat jo izan dena;
  • Tristia (K. o. 9), erbestean gutun moduan idatzitako olerki autobiografikoak, bost liburukitan argitaratuak;
  • Ibis (K. o. 11), etsai ezezagun bati erasotzen dion olerkia;
  • EpistulcP ex Ponto (K. o. 13), kexua adierazten duten gutunak, lau liburukitan.

Ovidiok eragin handia izan zuen Erromako idazleengan ez ezik, baita Erdi Aroko eta Berpizkunde garaiko idazleengan ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]