Alpeak
Alpeak edo Alpe mendiak[1] Europa erdialdean kokaturiko mendikate garrantzitsua da. Punturik garaiena Mont Blanc mendia da, 4.810 metrokoa. Alpeen inguruan dauden ibai emaritsu eta laborantza-lur aberatsei esker, gaur egun ezagutzen dugun zibilizazioa garatu zen.
Beste mendi nagusiak: Monte Rosa (4.634 m), Dom (4.545 m), Weisshorn (4.505 m) eta Cervino (4.476 m.)
Italia, Alemania, Austria, Suitza, Frantzia, Liechtenstein eta Esloveniako herrialdeetan hedatzen dira.
Eduki-taula
Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alpes hitzaren esanahi etimologikoa bailara da. Honek agerian uzten du izena jarri zitzaienean, garrantzi handiagoa zutela larre garaiek mendi gailurrek baino. Europako herririk primitiboenetako bat osatzen duten zeltek alpe izena eman zieten orokorrean mendi malkartsu guztiei.
Ez dakigu zeltak ala latindarrak izan ziren izena jarri zietenak, baina bai bertako elurraren kolore zuri itzelak bultzatuta egin zutela.Alpes hitza latinezko albos (zuria) hitzetik etor daiteke edo alb bere baliokide zeltarretik.
Antzinako mitologia germaniarrean Alp mendi gailurretan bizi zen aireko espiritu bat zen, noizbehinka inguruko herrietako lasaitasuna zapuztera jaisten zena.
Deskribapen fisikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arku itxurako mendilerroa da, 1000 km-ko luzera eta gehienez 400 km-ko zabalera duena. Ugariak dira 4000 metro baino gehiagoko mendiak. Irizpide geologiko eta geografikoak erabiliz, hiru sektoretan bana daiteke:
- Mendebaldeko Alpeak: Mediterraneoaren inguruko lehenengo muinoetatik Valais (Suitza) ingurura hedatzen dira. Mendi sail nagusiak Itsas Alpeak eta Mont Blanc mendigunea dira.
- Alpe zentralak: Valaisetik Grisonsetara. Valais osoa, Alpeetako mendigune nagusiarekin, Monte Rosa eta Oberland.
- Ekialdeko Alpeak: Mendilerroaren gainerako zatia, ekialdera eta hegoaldera hedatzen dena. Tirol ingurua eta Dolomitak dira gune nagusiak. Norabide honetan aurki ditzakegun azken mendiak beste mendigune handi batekin elkartzendira, Kaukasoa, hain zuzen ere.
Orogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mendikate honen formakuntza konplexu samarra da. Mesozoikoan (duela 245 eta 65 milioi urte, aro sekundarioan) eta Zenozoikoan (bere lehen zatian, aro tertziarioan) gertatutako mugimendu tektoniko batzuen ondorioz sortu zen, Magrebetik Uraletara zabaldu zirenak. Ingurune hauetan itsas sakonune handiak zeuden, Afrikako eta Europako plakak elkartzean itxi zirenak, toleskuntza ikaragarriak sortuz, iparralde eta mendebalderantz lehendabizi eta hegoalde eta ekialderantz gero.
Toleskuntzen ondorioz, gainazaleko plaka sedimentarioak hauen norabide berean desplazatu ziren. Hala eta guztiz ere, konpresioaren ondorengo garaietan, hedapen mugimenduak egon ziren, altxatutako guneen flexioaren ondorioz. Honek sortu zuen Alpeek gaur egun duten orografia konplexua.
Klima eta landaretza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Altuera eta erliebeak osoki mugatzen dute mendialde gaitz honek harturiko lurraldeen klima eta landaretza. Eurite ugariek (Frantzia aldeko Mediterraneo aldeko Alpeetan eta Austriako Alpeetan izan ezik) elur forma hartzen dute gailurretan. Fœhn izeneko haize beroak sortarazten dituen urtze aldi azkarrek ur laster arin eta ugariak eragiten ditu.
1.000 eta 2.000 m-ko altueran, labore lurren leku hartzen dute basoek, eta 2.000 m-tik gorako eremuetan lubizi eta betiereko da nagusi. Lantze-lurrak eta biziguneak behereko egutera edo eguzkialdeetan egokitu dira. Alpeetan sortzen dira Europako ibai nagusi zenbait (Po, Adige, Rhône, Rhin, Drave).
Glaziarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Egun aurki daitezkeen glaziare alpetarrak Kuaternarioko glaziazio handiaren ondorio dira eta etengabe atzera egiten ari dira, gainera.
Hala ere, XX. mende amaierako datuen arabera, glaziare ugari zenba daiteke mendikate osoan zehar. Handienak, ekialdetik mendebaldera, honakoak dira:
- Aletsch glaziarea, Konkordiaplatz-arekin.
- Gornergletscher, Valaisen.
- Argentière, Mont Blanc-ena.
- La Mere de Glace, Vallée Blanche-n.
- Glacier des Bossons
Biztanleria eta ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alpeetako biztanleria antzinakoa da: XIX. mendeko industria iraultzak (burdinbideak, hidroelektrizitatea, lurlan teknika berriak, turismoa) aldatu dituzte guztiz etxeko nekazaritza, abere hazkuntza eta artisautza oinarri zituen gizartearen bizi baldintzak.
Herri txikietako biztanleria urritu egin da, handiagoenen faboretan (Grenoble eta Innsbruck hiriek 100.000 biztanletik gora dituzte). Alpeetako industria elektrizitateaz baliatu da industria zaharrak indarberritu eta elektrokimika nahiz elektrometalurgia garatzeko (Valais, Aosta, iparraldeko Alpe frantsesak, Bolzano eta Save jugoslaviarra).
Komunikabideen garapenak, bestalde, badu ikustekorik aurrerapen honekin: burdinbide tunelak Fréjus (1871), San Gotardo (1882), Aarlberg (1884), Simplon (1906); nazioarteko mendate eta errepideak, Furka (1886), Galibier (1891), Iseran (1937), Grand-Saint-Bernard eta Mont Blanceko tunelak.
Negu kirol eta atsedenaren inguruan garatu den turismo industriak izugarrizko indarra hartu du Alpeetan, populazioa berriz areagotuz. Asko ugaldu diren bainuetxe termalak eta, nagusiki, negu kiroletarako egonlekuak Alpeen geroa baldintzatuko duen turismoaren garapen azkar baten ondorio zuzena dira.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/09/01 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alpeak |