Fidel Castro

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Fidel Castro, 2003

Fidel Alejandro Castro Ruz (Biran, Mayari, Kuba, 1926ko abuztuaren 13a - ) Kubako agintari gorena izan zen 1959ko urtarrilaren 1etik, Kubako iraultzako buruzagi baitzen Fulgencio Batista diktadorea agintetik bota zuenean, 2008ko otsailaren 24a arte. 1961ean, gobernu iraultzaileak bere burua marxismoaren jarraitzaile moduan definitu zuen eta Amerika osoko lehen gobernu sozialista sortu. 1976 urtera arte lehen ministro kargua izan zuen; urte hartako konstituzio berriarekin, Estatuko Kontseiluaren eta Ministro Kontseiluaren lehendakari izendatu zuten. 1965ean Kubako Alderdi Komunistasortu zenetik, lehen idazkari kargua du.

Pertsonaia berezia da Fidel Castro, erabateko atxikimenduak edota gaitzespen indartsuak sortzen dituena. Haren jarraitzaileek desberdintasun sozialak desagerrarazteko bultzatu dituen garapen programak goraipatzen dizkiote: Kubako gobernuak osasun, kirol eta hezkuntzaren onurak jendarte osora hedatzeko ahaleginak egin ditu, oztopo guztien gainetik, eta Estatu Batuak buruzagi duen nazioarteko politika ereduaren aurrean beste muturrean mantendu da beti. Haren etsaiek komunismo sobietarraren erako alderdi bakarreko sistema kritikatzen dute, bai eta giza eskubideak urratzea ere.

2006ko abuztuaren 1etik, osasun arazoak zirela eta, bere betebeharrak Raúl Castro anaiaren esku utzi zituen eta 2008ko otsailaren 18an presidente izateari uko egin ziola jakinarazi zuen. Otsailaren 24an bere anaia den Raul Castro hautatu zuten Kubako presidente berri.

Gaztaroa

1926an jaio zen Biran herriko azukre plantazio batean. Aita, Angel Castro Argiz, galiziarra zuen eta ama berriz, Lina Ruz Gonzalez. Ikasketak Jesusen Konpainiaren barnetegi batean egin zituen bere sei anaia-arrebekin.

Fulgencio Batista presidente zenean, Habanako unibertsitatean Zuzenbide ikasketak egiten ari zela, FEU Unibertsitate Ikasleen Federazioko buruzagietako bat izatera iritsi zen. Urte batzuk geroago, Kubako Herriaren Alderdia edo Partido Ortodoxo taldean sartu zen. 1947an Rafael Trujillo diktadorea agintetik kentzeko talde batean ibili zen.

Partido Ortodoxoko buruzagia izatera iritsi zen eta diputaturako hautagai izendatzekotan zen 1952ko ekainean, baina orduantxe Fulgencio Batistak demokrazia ezartzeko promesarekin estatu-kolpe bat egin zuen. Behin agintea lortuta, Batistak aldarrikapenok baztertu eta Ameriketako Estatu Batuen interesen zerbitzura jarririk diktadura bat ezarri zuen.

Iraultza

Sakontzeko, irakurri: «Kubako Iraultza»

Fidel Castrok, abokatu moduan, Batista epailen aurrean salatu zuen, baina salaketek ez zuten ondoriorik izan. Talde militar txiki batekin, Moncadako koartel militarra armen bidez hartzen saiatu zen. Hala ere, erasoa erabateko porrota izan zen; taldekide asko hil eta Castro eta beste gerlariak atxilotu egin zituzten. Epaiketan, Castro arduratu zen bere buruaren eta gainerako atxilotuen defentsaz eta epaileen aurrean aurkeztutako azken ondorioa Historiara igaroko zen hitzaldi luzea izan zen: haren esanetan, Batista izan zen Kubako Konstituzioa eta legeak urratu zituena eta Castro eta bere burkideak, berriz, justiziaren eta orden legalaren defendatzaileak ziren. Oso famatua da hitzaldiaren amaieran epaileei esan ziena: Condénenme. La Historia me absolverá (Kondena nazazue. Historiak absolbituko nau). Castrori 15 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, baina handik gutxira, oposizioko alderdien eta jesuiten presioei esker indultatu eta Mexikora alde egin zuen, beste burkide batzuekin gerrilla antolatzera.

1956. urterako, Sierra Maestrako mendateetan, Fidel Castrok, Raúl anaiak, Ernesto Che Guevarak eta Camilo Cienfuegosek, beste 200 errebelderekin, Batistaren erregimenaren kontrako gerran jardun zuten.

Gero eta kubatar gehiago errebeldeen armadan sartzen hasi ziren; azkenean, urtarrillaren 1ean, Castro La Habanan sartu zen, bere armada bizartsuz osatuarekin. Egun batzuk lehenago, Fulgencio Batistak eta lagunek uhartetik ihes egin zuten, berekin milioika dolar zeramatzatela. Castroren gobernu iraultzaileak nekazaritza erreforma sakona egin zuen eta atzerritarren eskuetan zeuden enpresak nazionalizatu. Castro familiak zituen lur eremuak ere expropiatu egin ziren. AEBren etsai bihurtuta eta bere inguruko gobernuetan lagunik ez zuela, Kubako gobernua herrialde sozialistekin lotura estuak izaten hasi zen. Geroztik, AEBetako gobernu guztiek Kubari "blokeo" edo setio zorrotza ezarri diote, beste herriekin hartu-eman komertzial oro oztopatuz. Gainera, AEBetatik mota guztietako kontraintsurgentzia asmoak aurrera eraman dira, inbasio saioak, atentatu terroristak eta sabotaiak egiteko mota guztietako bitartekoak jarriz. Kubako informazio zerbitzuen arabera, Fidel Castro akabatzeko milaka saio izan dira berrogei urteotan.

Castro agintean

Fidel Castro agertzen den kartela, Kuban.

Latinoamerikako hainbat buruzagi politikok Fidel miresten dutela adierazi dute; esate baterako, Luis Ignacio Lula da Silva, Evo Morales eta Hugo Chávez presidenteek. Gaur egun, Hugo Chávez Venezuelako presidentearekin ezin hobeto konpontzen da Castro eta elkarlan aurrerabide ugari hitzartu dituzte bi nazioen artean, kontinente osorako batasun programetan aitzindari lanetan arituz. Kubak bere mediku eta irakasleen laguntza Venezuelako petrolioarekin eta energiarekin trukatzen ditu eta horrek Kubako egoera ekonomiko zaila apur bat lasaitu du.

Castroren osasuna ahula da gaur egun; hiltzen bada, iritzi askoren arabera, herrialdearen sistema ekonomikoan eta politikoan aldaketak espero dira.

2006ko abuztuaren 1ean, egin behar izan zioten operazio baten ondorioz, behin behinekoz Raúl anaiari utzi zion gobernuaren gidaritza, lehen aldiz, 1965ean iraultza sozialistaz geroztik. Hala ere, 2007ko abenduko hauteskundeetan aurkeztu zen eta Herri Boterearen Nazio Asanbleako (herrialdeko parlamentua) kide aukeratu. 2008ko otsailaren 19an, Granma egunkarian agertutako gutun baten bidez, berriro ere presidente izateari uko egiten ziola adierazi zuen Castrok, bere osasun egoera zela eta[1]. Egun, noizean behin Granma egunkarirako iritzi artikuluak idazten ditu.

Kritikak

Castro diktadore bat da aurkarien ustez. Giza eskubideak zapaltzea, herrialdearen ekonomia suntsitzea eta gobernu ustelkeria onartzea leporatzen diote. Irlan prentsa askearen gabezia ere asko kritikatu da. Kuba beste herrialdeen barne-arazoetan sartu izana ere salatu dute, Angolako Gerra Zibilera tropak bidaltzean, adibidez. Floridako estatuan komunitate kubatar handia dago, Castroren kontrako mugimenduaren bizkarrezurra dena. Hirurogeiko hamarkadan Kubatik ihes egin zuten kubatarrak Fundación Nacional Cubano-Americana bezalako elkarteen inguruan bildu ziren eta AEBetako politikan Kubaren aurkako neurriak bultzatzeko lobby edo presio taldea osatzen dute.

Erreferentziak

Kanpo loturak


Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Fidel Castro