Nepal

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Nepalgo Errepublika Demokratiko Federala
संघीय लोकतान्त्रिक गणतन्त्र नेपाल
Sanghiya Loktantrik Ganatantra Nepāl
Bandera Armarria
Goiburua: जननी जन्मभूमिष्च स्वर्गादिप गरियिस
(Ama eta Aberria Zeruetako Erresuma baino handiagoak dira)
Ereserkia: Sayaun Thunga Phool Ka
Hiriburua
eta hiri handiena
Katmandu
Hizkuntza ofiziala(k) Nepalera
Herritarra nepaldar
Gobernua Errepublika federala
 -  Presidentea Bidhya Devi Bhandari
 -  Lehen ministroa Khadga Prasad Oli
Bateratzea
Azalera
 -  Guztira 147,181 km2 (94.)
 -  Ura (%) 2,8
Biztanleria
 -  2010 zenbatespena 29.331.000 (40.)
 -  Dentsitatea 199.3 bizt./km2 (62.)
Dirua Rupia (NPR)
Ordu-eremua NPT (UTC+5:45)
Aurrezenbakia 977
Internet domeinua np
Everest mendia, munduko mendirik garaiena.

Nepal, ofizialki Nepalgo Errepublika Demokratiko Federala (संघीय लोकतान्त्रिक गणतन्त्र नेपाल) Erdialdeko Asiako estatu itsasgabea da, lurren gehiengoa Himalaian kokatua. Bertan dago Everest mendia, munduko garaiena (8.848 m). Mugakideok ditu: Txina (Tibet) iparraldean eta India hego, eki eta menbebaldean. 2008ko maiatzaren 28an Errepublika aldarrikatu zuen Legebiltzarrak. Data hori arte, Munduko erresuma hindu bakarra izan zen: biztanleen % 80 erlijio horretakoa baita.

Hiriburua eta hiri handiena Katmandu da.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar Katmanduko ibarra gobernatu duen etnia Newaria izan da eta hauek eman diote izena herrialdeari, izan ere Newar eta Nepal hitz berdinaren aldaera fonetikoak dira, nahiz eta argi ez dagoen zein izan zen lehenengo hitza. Batzuen ustez Nepal izena Newar hitzaren sanskritizazioz sortu zen, beste batzuen ustez Nepal da aurrenekoa eta erabilerak Newar bihurtu zuen.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nepalek lauki zuzen baten itxura dauka, eta iparraldetik hegoaldera altueraz nabarmen jaisten da, izan ere Himalaiako zortzi mila metrotako mendietatik hasi eta hegoaldeko Terai lautadan 250 metrotako altueraraino iristen baita.

Mapa topografikoa

Eremuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondorioz hiru eremu geografiko bereizten dira: Alde batetik mendi garaien eremua, Parbat izenekoa, glaziar erraldoiez estalia dagoena. Oso jende gutxi bizi da. Bestetik mendixken eremua, Pahad izenekoa, mila eta lau mila metro arteko altuera artean dagoena. Ibar zabalak ditu, Katmanduko ibarra adibidez. Jendearen gehiengoa eremu honetan bizi da. Azkenik Terai lautada, geografikoki Indiaren jarraipena dena, beroa eta hezea. Arroz soro zabalak eta oihan tropikala duten parke nazionalak daude bertan.

Nepalek bost urtaro ditu: uda, montzoi garaia, udazkena, negua eta udaberria. Terai lautadan montzoia bereziki gogorra izaten da, ibaiek uholde handiak izaten baitituzte.

Mendiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Himalaia mendikatea bete betean hartzen du Nepalek, eta bertan daude 14 zortzimilakoetatik erdia baino gehiago.

Ibaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaiek ipar-hego norabidea dute eta Ganges ibaira isurtzen dituzte beren urak. Hiru ibai arro garrantzitsu daude Nepalen:

  • Karnali ibaia: Mendebaldean dago. 1.080 kilometroko luzera du eta bere arroa 127.950 km²-koa da.
  • Gandaki/Narayani ibaia: Erdialdean dago. 630 kilometroko luzera du eta bere arroa 46.300 km²-koa da.
  • Koshi ibaia: Ekialdean dago. 729 kilometroko luzera du eta bere arroa 95.156 km²-koa da.

Parke Nazionalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamar Parke Nazional eta basabizitzaren hiru erreserba ditu Nepalek. Chitwan Parke Nazionala (Terai lautadan) eta Sagarmatha Parke Nazionala (Himalaia mendikatean) dira ezagunenak eta bisitatuenak.

Hiriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nepalgo hiri handienak hauek dira:

  1. Katmandu (1.442.271 biztanle)
  2. Pokhara (293.696 biztanle)
  3. Biratnagar (189.000 biztanle)
  4. Patan (183.310 biztanle)

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nepalgo historia»

Hasierako erresumak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kiratiak k.a 563 urtean iritsi ziren inguru hauetara. Ashoka enperadoreak k.a. III mendean bere menpe izan zuen lurraldea eta ondoren hainbat dinastiaren aginteak etorri ziren, Kirat, Licchavi, Thakuri, Malla... gehienak hinduistak, Terai lautada baitzen beren bizilekua. Hala ere Buda hemen jaio zen eta budistentzako lau leku sakratuetatik bat Nepalen dago, Lumbini hain zuzen ere. Katmanduko ibarraren jabe ziren newariak izan ziren XVIII menderarte Nepalgo erresumaren muina. Hiriburua Bhaktapur zuten baina Katmandu zen hiri handiena eta jauregi ederrak zituzten Patanen ere.

Tenplu hinduak Patan hirian, Erdi Aroko hiru Newar erresuma bateko hiriburua
1952ko gobernua. Tribhuvan erregea erdian uniformez
Manifestazioa Katmandun, 2004ean

Nepalen batasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1768 urtean gurkha leinuko Prithvi Narayan Shah erregeak Katmandu konkistatzerakoan Nepalgo lurralde guztia batu zuen Shah dinastiari hasiera emanez, eta beraz data hau hartzen da Nepal herrialdearen fundazio data. Honek bere lurrak zabaltzeari ekin zion baina hegoaldean Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiarekin egin zuen topo 1814ean gerra anglo-gurkhoari hasiera emanez. Nepaldarrek Sikkim eta Terai eskualdearen hegoaldea galdu zuten baina ingelesek ezin izan zituzten mendialdeko igarobideak eskuratu. 1857an Zipaioen errebolta gertatu zen Indian eta nepaldarrek ingelesei lagundu zieten Terai eskualdea itzultzearen trukean. Gaur egun oraindik britaniar armadako elite taldea da Gurkha Dibisioa, ia lau mila soldaduk osatzen dutena.

XX mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agintari absolutupean egon zen herrialdea XX. mendeaan. Erregeak Shah dinastiakoak ziren baina Rana familia indartsua zen de facto Nepal kontrolatzen zuena, lehen ministroaren kargua herentziaz jasotzen baitzuen. Rana familiak Lehen Mundu Gerran parte hartu nahi izateak herritarren haserrea ekarri zuen eta hurrengo urteetan matxinada eta istiluak izan ziren Nepalen. Egoera aprobetxatu nahian Tribhuvan erregeak mugimendu horiek gidatzen zituen Praja Parishadekin lan egin zuen Rana familiaren erregimena eror zedin. 1950ean ordea errege familia osoak alde egin behar izan zuen Ranatarren beldurrez baina bi hile baino ez zituen egin Indian, herriak Rana familia erregearen itzulera negoziatzera behartu baitzuen. 1955ean Tribhuvan hiltzean bere seme Mahendra bihurtu zen errege. Honek ez zuen demokrazia onartu eta 1960an konstituzioa bertan behera utzi, parlamentua desegin, alderdi politikoak ilegalizatu eta Bishweshwar Prasad Koirala lehen ministroa kartzelan sartu zuen.

1972an Birendra bihurtu zen errege. Hasieran aitaren monarkia absolutuarekin jarraitu bazuen ere herriaren presioak sistema aldatzera behartu zuen. 1980an egin zuen gaiaren inguruko lehenengo erreferenduma eta alderdi gabeko sistemaren aldekoek irabazi zuten bozken %55a lortuz.

Egoera politikoaz gain, mendearen lehenengo erdialdean oso nabarmena da 1934an Nepalek jasandako lurrikara, bere historiako suntsigarrienetakoa izan zena eta Bihar (India) ekualdea ere harrapatu izan zuena. Hildakoak 10.000 baino gehiago izan zirela kalkulatzen da.

Nepalgo gerra zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala ere, egoerak okerrera egin zuen eta 1990ean Nepal monarkia konstituzionala bihurtu zen, erregeak botere garrantzitsuak eta lausoak gordetzen bazituen ere. Ezegonkortasun politikoa areagotu baino ez da egin, batik bat 1996tik, alderdi komunista eta maoista matxinatu zenetik hain zuzen ere. Monarkia eta sistemako alderdi nagusiak ditu jomugan, instituzio feudalak eraitsi eta errepublika eraikitzeko nahian. Horrek guztiak gerra zibila eragin du: 13.000 lagun hil dira bertan.

Giro honetan errege familia osoaren erailketa etorri zen. 2001ean Dipendra printzea Katmanduko Tribhuvan Sadan jauregian armaturik sartu eta bere aita eta anai arrebak hil zituen. Ondoren bere buruaz beste egin zuen, errege familia ondorengorik gabe gelditu zen orduan. Birendraren anaia gaztea zen Gyanendra bihurtu zen errege.

Matxinoak kontrolatzeko aitzakian (herrialdearen % 60 zuten menpe), errege berriak parlamentua itxi eta 2002an hautatu zen lehen ministroa kaleratu eta bere gustuko lehen ministroa jarri zuen. 2005ean, "larrialdi egoera" deituta, botere exekutibo osoak eskuratu zituen. Nolanahi ere, 2006ko apirilaren 24an, herriari subiranotasuna itzuli zion eta Ordezkarien Etxea berriro indarrean jarri. Botere berri horri esker, parlamentuak erregearen eskumenak aho batez murriztu zituen eta Nepali estatu laiko deitu zion. Konstituzioa ere eraberritu zen.

2008ko apirilaren 11ako hauteskundeak Nepalgo Alderdi Komunista-Maoistak (CPN-M) irabazi zituen bozen %30,5a lortuz[1]. Kongresuaren Alderdiak (NC) bozen %22,8a lortu zuen eta Nepalgo Alderdi Komunista Batua Marxista-Leninistak (CPN-UML), berriz, %21,6a. Horiek horrela, maoistek monarkia absolutua bertan behera uzteko asmoa adierazi zuten.

2008ko maiatzaren 28an Asanblada Konstituziogile berriak errepublika federal aldarrikatu zuen 564 bozetik aldeko 560 lortu ondoren. 240 urteko monarkiari amaiera eman zion.[2].

2014ko urriaren 17an, elurtearen ondorioz, 300 mendizale ingururen arrastoa topatu ezinik zebilen Nepalgo administrazioa. Tartean 60 atzerritar zeudela jakinarazi zuten. Ekaitzak, ordura arte, 27 lagun hil zituen[3].

2015eko lurrikara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «2015eko Nepalgo lurrikara»

2015eko apirilaren 25ean herrialdea astindu zuen bere historia osoko lurrikararik bortitzenak, edo behintzat 1934an gertatutakoaren ostean latzena. 6.000 hildako baino gehiago eragin zuen eta epizentroa Lamjung hirian kokatu zen, Mendebaldeko eskualdean. Katmandu hiria eta inguruneak ere kaltetu zituen.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garapen eskualdeak
Sakontzeko, irakurri: «Nepalen banaketa administratiboa»

Nepal 5 garapen eskualdeetan, 14 gunetan banatzen da. Halaber, 14 gune horiek 75 barrutitan banatzen dira.

Garapen eskualdeak/विकास क्षेत्र
Eskualdea Azalera (km²) Biztanleak Hiriburua Hiri handiena
Ekialdeko eskualdea 28.456 5.344.476 Dhankuta Biratnagar
Erdialdeko eskualdea 27.410 8.031.629 Katmandu Katmandu
Mendebaldeko eskualdea 29.398 4.571.013 Pokhara Pokhara
Erdi-mendebaldeko eskualdea 42.378 3.012.975 Birendranagar Tribhuvannagar
Mendebaldeko Urruneko eskualdea 19.539 2.191.330 Dipayal Silgadhi Mahendranagar

Etnografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

nepalgo etnien banaketa geografikoa

Nepalen etnia ugarik egiten dute bat, nepaliak (khas edo pahariak), madhesiak, newariak, sherpak, gurungak, linbuak eta tamangak besteak beste. (ikus ondoko mapa)

Nepaldarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurkhek mendialdean zuten erreinuan dute jatorria, horregatik Khas edo pahari (menditar) ere esaten zaie eta gaur egun Nepalgo etniarik ugariena da. Hizkuntza indo-irandarra dute, aintzina gurkhali edo khaskura izenekoa eta modernizatu ondoren nepalia. Gaur egun herrialdeko populazioaren %48ak erabiltzen duen hizkuntza da. Erlijioz hinduak dira eta kasta sistema batean antolaturik dago beren gizartea.

Madhesiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Terai lautadako hinduistak eta beraz hauek ere kasta sistemaren arabera banatuak. Bost milioi biztanle inguru dira. Beraien hiri nagusia Janakpur da.

Newariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katmanduko ibarreko biztanleak dira eta XVII menderarte beraien dinastia izan zen Nepalgo erresuma handienaren agintari. Erregeen egoitza eta beraz hiriburua Bhaktapur izan arren hiri handiena Katmandu zen. Beren hizkuntza, nepal bhasa, tibet-birmaniarra da eta beraz erlijioz budistak dira. 1.245.232 pertsonako taldea da (2001).

Sherpak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

155.000 sherpa inguru daude Nepalen, eta mendi garaietan kokatzen dira. Txinako Sichuan probintziatik etorritakoak dira. Erlijio budista daukate.

Gurung[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gandaki eta Dhawalagiri Guneetan bizi diren artzaiak dira. Milioi erdi pertsona inguru, erlijioz budistak eta hizkuntza tibetarra hitzegiten dute.

Linbuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nepal ekialdean bizi den etnia budista da. 400.000 pertsona inguruk osatzen dute taldea.

Tamangak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bagmati eta Janakpur inguruan bizi diren milioi eta erdi pertsonak osatzen duten etnia da. Beren tradizioen arabera Trisong errege tibetarrak bidali zituen 755.urtean bertara Tibeteko erresumaren muga zaintzera.

Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nepalen nazioarteko aireportu bakarra dago, Tribhuvan Nazioarteko Aireportua (nepaleraz त्रिभुवन विमानस्थल) (NAGE kodea: KTM).

Herrialdeko hiri garrantzitsuenak elkar konektatzen dituzten hiru errepide nagusi daude:

  • Mahendra errepidea: Terai lautada osoa zeharkatzen du, 1000 km-ko luzera du. Ibilbidea: Kakarvitta (mendebaldeko muga)-Janakpur-Butwal-Mahendranagar (ekialdeko muga).
  • Tribhuvan errepidea: Katmandu, hegoaldeko mugarekin konektatzen du. 158 km. Ibilbidea: Katmandu (Naubise)-Hetauda-Birganj (hegoaldeko muga).
  • Prithvi errepidea: Katmandu, mendialdearekin konektatzen du. 275 km. Ibilbidea: Katmandu-Pokhara-Baglung

Nepaldar famatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Nepal