Guk ez badugu egiten, inork ez duelako gugatik egingo. EH Bildu nire aukera

Abenduak 20-ko hauteskundeak urruti sentitzen ditugu. Urruti, arrazoi desberdinengatik. Baina urruti, bai distantzian eta gureak ez direla argi daukagulako.

Urruti eta arrotz. Dagoeneko euskaldunok hamarkadetan ikasten joan garelako Madriletik ez datorrela ezer. Hobeto esanda, etorriko dena ez dela gauza ona izango. Etortzekotan edo ekartzekotan, sufrimendua, erasoa, indarkeria – indarkeri politikoa, soziala, laborala- izango dela. Herri eta herritar gisa dagozkigun eskubideen aurkako “legalitatea”. Izan ere, Espainiar demokrazia indarkeriaz jantzia dagoen legalitateaz egituratzen baita, frankismoaren oinordeko zintzo bezala. Berdin izango zaigu motosdun gizontxoa, laranjadun gizona edo eta “Barbiren” senargaiaren antza duen beste gizona… Guztien eskaintza Euskal Herriarentzat berbera delako: ukazioa. Gure erabaki ahalmenaren, eskubideen eta burujabetzaren ukazioa.

Beraz, bi aukera besterik ez ditugu gure buruaren eta etorkizunaren jabe izan nahi badugu:

Bata, abenduak 20an indar independentista erakustaldia egitea Espainiar Estatuaren aurrean. Horrela, Madrilekin konfrontazio demokratikoa egitera joateko. Herri eta euskal herritar bezala gure eskubide eta erabaki ahalmena defendatzera eta Estatuaren baitan kateatuak dauden gainerako herriekin – Catalunya, Galiza- eta klase langilearekin elkarlana bizkortzeko; bide horretan urratsez - urrats gure herrian erabaki eskubidea praktikara eramanez, egunerokoan eragiten diguten alor guztietan gure erabaki propioak hartuaz eta praktikara eramanez. Zain egon gabe, gure ordez Madrilen hartuko dituzten erabakiei. Eta horretarako kolore anitzeko oinetako urratzeko prest egongo diren Zaldun ausartak behar ditugu Madrilen. Gure herria bihotzean eramango dutenak, eta tinkotasun osoz jokatuko dutenak kanpoko zelaian.

Bestea, orain arte bezala gezurrezko bilateralitatea deritzoten paradoxak, kate motzean, Espainiar Estatuaren pean izango gaituen azken 40 urtetako jokabidea. Bilateralitatea ezin baikenioke dei, elkarrekiko aitortzarik ez badago, bakoitzak duen erabaki ahalmena ez bada aitortzen. Noski, gauzak asko aldatuko liratekeela elkarrekiko aitortza balego, eta beraz bakoitzak duen erabaki ahalmena errespetatua izango balitz. Baina zoritxarrez, horretarako tartetik ez Espainiar kultura politikoan.

Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da, gure herrian prozesu demokratikoan sakontzeko, dagokigun erabaki ahalmena errealitate bilakatzeko, gure hezkuntza sistema defendatzeko, gure osasun sistema, gure pentsioak, gureak direlako eta inork ez dizkigulako oparitzen, ilusioarekin independentziaren, burujabetzaren, erabakiaren berme bakarra den EH Bildu, indartzea eta ahalik eta ordezkaritza indartsuena eta Euskal Herriko lurralde guztietakoa Madrilera bidaltzea. Enbaxadore lanak egiteaz gain, elkartasunean gainerako herritar xumeekin, langileekin eskubideen defentsan jarduteko baina bereziki eta batik - bat Catalunya eta Galizako indar independentistekin Espainiar Estatuaren baitan preso mantentzen gaituzten kateak puskatzeko.

Guk ez badugu egiten, inork ez duelako gugatik egingo. Goazen ausardiaz, ilusioz, itxaropenaz jokatzera! Goazen kolore anitzeko milaka herritar,independentziaren aldeko milaka arrazoi biltzera, Abenduak 20an EH Bildu bozkatuaz.

Gure aiton amonek askoz ere baldintza kaxkarragoetan, gerra, gosea, errepresioan gai izan baldin baziren Estatu Espainiar faszistari aurre egiteko, gu baldintza hobeagoetan ezin garelako gutxiago izan! Haiengatik, guregatik eta gure seme alabengatik egin dezagun, ekin diezaiogun Independentziaren bideari!